Euskal literaturari hainbat ekitaldi eskainiko dizkio Loraldia Festibalak bere zortzigarren edizioan
- Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ekitaldian Irati Jimenezek bere azkeneko saiakera literarioa aurkeztuko du martxoaren 17an: Begiak zabalduko zaizkizue.
- Hedoi Etxarteren poesia berriaz gozatzeko aukera egongo da Sortaldekoak ekitaldian, martxoaren 18an. Poeta nafarrarekin batera Broken Brothers Brass Band eta Xabier Erkiza egongo dira saioan.
- Uxue Alberdik Hili liburu ilustratua aurkeztuko du martxoaren 21ean.
Eta Maribel Aiertzak Ezer ez da dirudiena lana aurkeztuko du martxoaren 22an.
Euskal kulturaren alor guztiak ospatzen dira Loraldia Festibalean, eta zortzigarren edizio honetan zenbait ekitaldi eskainiko dizkio literaturari. Guztira lau ekintza izango dira Bilboko toki diferentetan, martxoaren 17a eta 22a bitartean.
Euskal literaturaren historia sobrenatural bat
Irati Jimenez idazleak euskal literaturaren azterketa sakon bat egin du Begiak zabalduko zaizkizue saiakera literarioan, baina horretaz gain, ariketa literarioa egiteko eta baloratzeko tresnak eskaintzen ditu.
Urteetako lana den obra hau martxoaren 17an erakutsiko du Bilboko Itsasmuseumean, 19:30ean. Ekitaldia Euskal literaturaren historia sobrenatural bat du izena, eta bideo-lanen eta musikaren laguntzarekin euskal literaturaren botereaz jabetzera eta orain arte ezezagunak diren lurraldeak deskubritzera gonbidatzen du irakurlea.
Sortaldekoak
Hedoi Etxartek bere hirugarren poema liburua argitaratu berri du, Sortaldekoak, eta Loraldia Festibalean liburu horren kontzertu-ekitaldi bat eskainiko du.
Sortaldeakoak memoria pertsonalari, eguneroko bizitzari, iragan intimoari eta genealogia familiarrari buruzko 64 poemez osatuta dago. Etxarteren poemak laguntzen Broken Brothers Brass Band eta Xabier Erkizaren musika egongo dira.
Kontzertua martxoaren 18an izango da, Bilboko Itsasmuseumen.
Hili
Hili ekitaldian Uxue Alberdik izen berdina duen liburu ilustratu berria aurkeztuko du. Araiz Mesanzarekin batera sortu du obra, eta heriotza du gai nagusi gisa. Idazleak umeengan pentsatu du lehenengo, baina liburua ez dago haurrei mugatuta bakarrik.
Iparragirre kalean dagoen Elkar dendan izango da aurkezpena, martxoaren 21ean.
Ezer ez da dirudiena
Ezer ez da dirudiena obran Maribel Aiertzak Van Gogh margolariaren ezkerreko belarria erakusten du. Zortzi narrazioz osatuta dago, eta fikzioa eta errealitatea uztartzen dira ariketa literarioa egitera gonbidatuz.
Aurkezpena martxoaren 22an izango da, Poza lizentziatua kalean dagoen Elkar dendan.