Literatura, musika eta bertsolaritza gerora begira jarriko dira Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ekitaldian

Literatura, musika eta bertsolaritza gerora begira jarriko dira Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ekitaldian

  • Martxoaren 17an diziplina anitzak uztartzen dituen ekitaldi honetaz gozatzeko aukera izango dugu, Loraldia Festibalean: literatura, musika eta bertsolaritza.
  • Loraldiak urtero egiten duen eta klasikoa bilakatu den ekintza da: idazle bati etorkizunari buruzko testu bat sortzea eskatzen dio Loraldiak; testu horri soinu banda jarriko dion musikaria aukeratzen da; eta bi bertsolarik horren inguruan arituko dira.
  • Martxoaren 17an Iban Zalduak estreinatuko du bere lana; Ibil bedi taldeko bi musikari izango ditu ondoan, eta Alaia Martinek eta Miren Artetxek botako dituzte bertsoak, Amaia Agirreren agindu pean.

 

Loraldia Festibalak euskal kulturaren alor desberdinetako sortzaileak batu ditu ekitaldi paregabe bat sortzeko: Bihar, Atzo, Gaur, Bihar. Literatura, musika eta bertsolaritza erabilita ekitaldi honek etorkizunari buruz gogoeta egitera gonbidatuko gaitu. Guggenheim Museoa izango da ekitaldi honen etxea, eta 12:30ean izango dugu aukera elkarrekin gogoeta egiteko

Urtero berdin, urtero desberdin

Loraldiak urtero urtero erreseratzen du Loraldia Festibaleko ekintzetako bat mota honetako ekitaldi bat antolatzeko. Formatu hau tradizionala bilakatu da Loraldia Festibalean.

Lehenik euskal idazle bati etorkizunari buruzko literatura pieza bat sortzeko eskatzen dio Loraldiak, eta, ondoren, musikari bati eskatzen diote musika pieza bat sortzeko ipuina oinarri hartuz. Azkenik, ekitaldiaren egunean, bi bertsolarik idazlearen eta musikariaren piezak entzungo dituzte lehendabizikoz, eta horri buruz bertsotan ariko dira.
Euskal kulturaren eta etorkizunaren uztarketa paregabea da honakoa.

Aurtengo ekitaldirako Iban Zalduari eskatu zaio etorkizunari buruz gogoeta egitea eta pieza literarioa sortzea. Emaitza “Bihar, atzo, gaur, bihar” ipuin originala. Musikaz Ibil Bedi taldea arduratuko da, eta oholtza gainean Alaia Martin eta Miren Artetxe izango ditugu. Ekitaldi honen jartzailea Amaia Agirre izango dugu.

 

Iban Zaldua

Iban Zaldua idazle donostiarrak euskaraz eta gaztelaniaz idazten du. EHUan Geografia eta Historian lizentziaduna da eta egun bertako Ekonomiaren Historia irakasle ere bai Letretako Fakultatean. Udako Euskal Unibertistateko kidea ere bada.

Iban Zalduak ipuina, eleberria eta kritika landu ditu, baina ipuin eta istorio laburren arloan nabari da. Hainbat komunikabide, aldizkari, eta blogetan hartzen du parte.

Hasierako lanak 1980. hamarkadan izan ziren eta zenbait sari jaso zituen: Patios (1987) Gasteizko Hiria saria eta Veinte cuentos cortitos (1989) IV. Gipuzkoa Aldundia saria, adibidez. Nabariena, aldiz, 1990. hamarkadan izan zen. Gerardo Markuletarekin Ipuin euskaldunak (Erein, 1999) idatzi zuenetik, ipuingintza jorratu eta lan esanguratsu asko argitaratu ditu: Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein, 2000); Traizioak (Erein, 2001); La isla de los ántropologos y otros relatos (Lengua de Trapo, 2002); Itzalak (Erein, 2004); Etorkizuna (Alberdania, 2005); Gerra zibilak (Argia, 2009); Ipuinak. Antologia bat (Erein, 2010). Etorkizuna ipuin bildumari esker 2006ko Euskadi Saria Euskarazko Literaturari irabazi zuen.

Zalduaren eleberrigintza umoretsua da. Horren adierazle dira bere bi eleberriak Si Sabino viviría (Lengua de Trapo, 2005) eta Euskaldun guztion aberria (Alberdania, 2008).

Haur eta Gazte Literatura ere landu du Kea ur gainean (Elkar, 2002) eta Ile luzeen kondaira (Pamiela, 2004) eleberri laburrekin.

2012ko Euskadi Literatura Sarietan, berriz, Haur eta Gazte Literaturari zegokion garaikurra eskuratu zuen Azken garaipena (Ikastolen Elkartea, 2011) komikiari esker. 2015eko urtarrilaren 6an, hiru ipuin sartu zituzten ‘Best European Fiction 2015’ antologian.

Horretaz gain, Zalduak literatur eta musika kritika ere lantzen ditu, Oharrak & Hondarrak bere blogean, eta halaber musika iruzkinak eginez Euskadi Irratiko Faktoria saioan, “Asteko soinu banda” atalean (2017tik)ː adibidez, euskal gatazkaren historia musikala iruzkindu izan du tarte horretan. 

Kritika saiakera alorrean, Obabatiko tranbia (Alberdania, 2002) eta Animalia disekatuak (Utriusque Vasconicae, 2005) ditu argitaratuak. Arlo horretan, Euskadi Literatura Saria Gaztelaniazko saiakeran lortu zuen, Ese idioma raro y poderoso (Lengua de Trapo, 2012) lanarekin.

 

Loraldia Festibalean klasiko bilakatu den emanaldia

Sormen hitzordu hau klasiko bat bilakatu da Loraldia Festibalean, edizio guztietan errepikatu baita formatu bera. Lehenengo edizioan abiapuntua Harkaitz Canoren Bilbao-Baobil izan zen. Bigarrenean Anjel Lertxundiren Etorkizuna perfektua balitz. Hirugarrenean, berriz, Demain, Morgen Kirmen Uriberen testua aurkeztu genuen. 2018ko 4. edizioan Arantza Urretabizkaiak Etorkizunak harrapatuta testua eskaini zigun. 2019an Itxaro Bordak sortu zuen Bustinezko etorkizuna testua.

2020a zalantzarik gabe pandemiak baldintzatu zuen eta hutsik geratu zitzaigun hitzordu hau. 2021ean Unai Elorriagarekin berreskuratu genuen, festibalaren 7. edizioan eta Geroa. Gero urruna: 5540. urtea izan zen bere proposamena. 2022an Alaine Agirrek sortu zuen Gerorik balego testua.
Azkenik, iazko 2023ko edizioan, Danele Sarriugarte izan zen idazle gonbidatua eta Poperra, afterra, utopia izen zen bere lanaren izenburua.

Bertsolaritzari dagokionez bertsolari sorta nabarmenak parte hartu du: Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Miren Amuriza, Alaia Martin, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Maddi Ane Txoperena, Maider Arregi eta Joseba Santxo. Musika arloan, Gorka Benitez, Anjel Unzu, Igelaren Banda, Joserra Senperena, Fernando Velazquez, Don Inor Ez, Miren Narbaiza edota Olatz Salvador izan dira gurekin.

Paisaia berbera izan da esperientzia honetan: Guggenheim Bilbao Museumeko entzungela. Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programari esker burutu dugu ekimen eder hau.