Loraldiak UPV/EHUk EHUKultura i3 proiektuan parte hartu du
Asteazken honetan EHUKultura i3 proiektuaren ikasturte amaierako ekitaldia egin da Bizkaia Aretoan. Bertan, orain arte egindako prozesuaren talde-balorazioa egin dute ekimenean parte hartzen duten ikasle eta irakasleek.
UPV/EHUko Kultura Zuzendaritzak (EHUKultura) aurten izan duen eginkizunetako bat izan da euskalgintzan oinarritutako proiektu bat sortzea, irakasleen irakaskuntza- eta ikerketa-praktika errealari lotuta eta hurbileko kultura-eragileekiko harremana indartuta.
Horrela, ONDU proiektu bat diseinatu zuten UPV/EHUko IKD i3 laborategian aurkezteko. EHUkulturak, Loraldia jaialdiak eta Lanartean elkarteak ikasturte honetan hainbat ikaslek landu dituzten erronkak planteatu dituzte, irakasgaietako ariketen bidez eta Gradu Amaierako Lanen bidez erronkei erantzunez.
Aurten bete dituzten erronkak, besteak beste, honako hauek izan dira: Lanartea Euskara Profesionalen Elkartearen proposamena, Euskal kultur sektorearen erradiografia; Loraldia jaialdiaren proposamena, komunitate kultural euskaldunetik haratago iristea; eta, azkenik, UPV/EHUren ondare kulturalaren balioa nabarmentzea, ikusaraztea eta zabaltzea.
“EHUkultura i3 proiektua UPV/EHUren Plan Estrategikoaren ardatzekin lerrokatzen da; izan ere, IKD ereduaren arabera diseinatu da, proposatzen diren erronkek eta erantzunek GJHak lortzeko urratsak ematen dituzte (batez ere hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bermatzeko helburuari dagokionez, hau da, 17+1 helburua gure ardatz nagusia da), euskal kultura-sarearekin harremanetan egiten da eta ikasle bakoitzak bere ikaskuntza-prozesuan duen erantzukizuna tokiko kulturaren erantzukizunarekin lotzen saiatzen da”, dio Miren Ibarluzea EHUKulturako zuzendariak.
Guztira, 14 graduko praktikak egin dituzte Gradu Amaieran, Master Amaierako Lan 1 eta 3 Euskal Ikasketa, Itzulpengintza, Publizitatea eta harreman publikoak eta Kazetaritza, Artearen Historia, Historia eta Geografia. Hala, parte hartzaileek nabarmendu dute guztion proiektuak ezagututa ideia berriak sortu zaizkiela talde balorazioa egiten aritu direnean. Halaber, eragileek aipatu dute ikasleek egindako lanek harritu egin dituztela, lanetan nabari dela ikasleek inguruko kultur esparruarekiko “erakutsi duten inplikazioa eta konexioa”.