Loraldia Eskolak datorren ikasturterako egitasmoak aurkeztu ditu eta ikastetxeen izen ematea zabaldu du

Loraldia Eskolak datorren ikasturterako egitasmoak aurkeztu ditu eta ikastetxeen izen ematea zabaldu du

  • Loraldia Kultur Elkartearen Eskola proiektuak balio eta kulturaren transmisioa eta euskararen sustatzea ditu helburu. 2016-17ko ikasturtean martxan jarri zen eta orain arte 20 ikastetxetan burutu da, 1250 ikasle baino gehiagok parte hartu dutelarik.
  • Ikastetxe eta ikasleei zuzendutako proiektuak dira eskaintzak biltzen dituena, HH eta DBH mailen artean garatzeko. Bost proiektu ezberdin garatu daitezke.
  • Ikastetxeen izen emate epea zabalik dago eta ikastetxeek egitasmoak euren zentroetan datorren ikasturtean zehar garatzeko eskaera bidali dezakete. Maiatzaren 25era arte zabalik.

Loraldia Kultur Elkarteak bere Eskola proiektuaren 2022-23 ikasturterako eskaintza aurkeztu du. Loraldia Eskolaren zazpigarren edizioa izango da irailean martxan jarriko dena eta ikasturte horretan garatzeko bost egitasmoen proposamenak aurkeztu ditu Elkarteak.

Proiektu guztiak kurrikulum pedagogikoan txertatuta daude, eta eskola bakoitzean gauzatzerakoan, zentro horrek dituen behar zehatz, eta ikuspuntu zein egoerara moldatzen dira.

2016-17 ikasturtean sortuta, orain arte 20 ikastetxe ezberdinetan burutu izan da, 1250 ikasle baino gehiagok parte hartu dutela. Proiektuekin lotutako 10 emanaldi burutu dira eta 8 erakusketa antolatu izan dira.

Egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura saileko laguntza dauka. 

Loraldia Eskola proiektuaren xedea

Loraldia Kultur Elkartearen Eskola proiektuak hezkuntza komunitatean euskal kulturaren transmisioa eta balorean jartzea du xede. 

Hau lortzeko hezkuntza agenteek euskal kultura garaikidearekin lotutako ekimenak burutzea proposatzen du, ikasle, irakasle eta zentroak. Mota anitzetako egitasmoak garatzeko aukera eskaintzen du Loraldia Eskolak, maila ezberdinetara zuzenduta, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoko mailetara.

Loraldia Eskolak zenbait helburu zehatz ditu: euskal kultura garaikidea ezagutaraztea; kulturarekiko atxikimendua lantzea; euskararen erabilera sustatzea; eta sormena suspertzea. Hauekin batera, baloreak lantzea du helburu baita ere, eta horretarako kultur diziplina eta adierazpen mota ezberdinak ezagutzera ematea bilatzen du, ezagutza horren bitartez kulturartekotasuna eta aniztasuna lantzeko.

Beraz, euskara eta kultura uztartzen dituen ekimena da, hezkuntza integralean sakontzen duena eta metodologia zehatz eta berritzailea proposatzen duena. Horrela, Loraldia Eskolak ikastetxe bakoitzean aukeratutako egitasmoa garatzeko laguntza eskaintzen du: hezitzaile batek kudeatuko du eta gidatuko du; unitate didaktiko bat jarriko du irakasleen esku; eta egitasmo bakoitza zentroak edo taldeak dituen behar zehatzetara mugatu eta moldatuko da.

Sormena da egitasmoak burutzeko erabiliko den tresna, modu anitzetan eta beti sortze prozesuaren protagonistak ikasleak izatearen helburuarekin, esperientzia bat bizi araziz. Garrantzitsuena prozesua eta esperientzia izango dira; ez horrenbeste amaierako emaitza.

2022-23 ikasturterako Loraldia Eskolaren eskaintza

Esan bezala, 2022-23 ikasturterako bost dira eskaintzen diren proiektuak:

Ttipia proiektua

Ttipia proiektua Haur Hezkuntzako 5 urteko haurrei zuzendutako egitasmoa da.  Lau diziplina ezberdinei buruzko ezaugarriak ezagutzen dituzte haurrek: margoa, eskultura, marrazketa eta argazkigintza. Ezagutu eta sormenaren bidez esperimentatzen dute baita ere.

Landutako emaitzekin erakusketa bat sortzen da ikastetxearen herrian, haurren lehen kontaktua artearekin sortutako emaitzaren testigantza partekatzeko.

Lorekolore

Lorekolore egitasmoaren hartzaileak Lehen Hezkuntzako 1go zikloko ikasleak dira (LH1/LH2 eta LH3/LH4).

Helburua gure kultur aniztasunaren emari oparoa ezagutaraztea du helburu. Haurrentzako ikuskizunak (ipuin kontaketa ilustratuak, antzerkiak, musikalak eta zirkua), kantagintza, musika tresnak eta dantzak ezagutuz. Beti ere, gure kulturak beste kulturetatik jaso dituenak, beste kulturetatik dituen antzekotasunak, eta bihurtu den kultur anitz eta gaurkotua azalaraziz. Sormen lanaren emaitza mural baten aurkezpen musikatu dantzatua bat da.

Lore-jokoak

Loraldia Eskolak zazpigarrenez proposatzen du Lore-jokoen egitasmoa, aurreko ikasturtetan esperientzia atsegina eta aberasgarria izan baita.

8 hilabetez burutzen den egitasmo hau Lehen Hezkuntzako azken zikloko taldetara zuzenduta dago, iraila eta martxoa bitartean gauzatuko da eta azken helburua pastoral gaurkotu baten ikuskizun bat sortzea da.


Kamara, sartu!

DBH-ko 3. edo 4 mailako eta Batxilergoko gazteei zuzentzen zaie Kamara sartu!. Honetan, hiru hilabetez, euskal kultura garaikideaz dauden ikusi-entzunezkoen bitartez, euskal kultura garaikidearen inguruko perspektiba eta iruditegi ahalik eta globalenak aurkeztuko zaizkie gazteei.

Ondoren, sormenari ekingo diote eta ikus-entzunezko bat sortuko dute, modu kooperatiboan.

7 kantu, 7 lur, 7 konexio

DBH-ko azken zikloko ikasleak dira 7 kantu, 7 lur, 7 konexio proiektuaren protagonistak. Honetan, kantua eta euskal kantagintzaren transmisioa eta dramatizazioa lantzen dira

Euskal kantutegiaren ezagutzan, interpretazioan, eta sormenaren atzean dagoen munduan, dauden kantu, lur eta konexio anitzak transmititzeaz, eta interpretazio, sormen eta konexio berri eta gaurkotuak sortzean datza. Sei hilabetez gure kantutegian eta, batez ere, gazteen belaunaldien artean hain ezagunak ez diren kanten transmisioan datza proiektua. Sormen lana, kantuz eta kantuen interpretazioaz arduratuko den ikuskizun bat egikaritzean datza.

Izen-ematea zabalik

Loraldia Eskolak izen-emate epea zabaldu du, interesaturik dauden ikastetxeek 2022-23 ikasturtean proiektu hauetariko edozein garatzeko eskaera bideratzeko.

Edozein motatako ikastetxeek har dezakete parte eta baldintza bakarra euskaraz garatuko direla da.

Egitasmo bakoitzaren inguruko informazioa osatu eta izena emateko Loraldiaren webgunean sar daitezke eta bertan dagoen inprimakia bete. Maiatzaren 25era arte izena emateko epea zabalik egongo da.

Eskola proiektua sendotu da

Loraldia Kultur Elkarteak 2016-17 ikasturtean martxan jarri zuen Loraldia Eskola proiektua. Esperientzia oso aberasgarria izan zen, bai Elkartearentzat eta bai parte hartu zuten bi ikastetxe eta ikasleentzat. 

2017-18 ikasturtetik aurrera Eskola proiektua sendotzen joan da eta ikastetxe ugaritan garatu da.

Orain arte 20 ikastetxe ezberdinetan burutu izan da eta 1250 ikasle baino gehiagok parte hartu dute. Proiektuekin lotutako 10 emanaldi burutu dira eta Ttipia proiektuaren 8 erakusketa antolatu izan dira.