Loraldia Eskolak 2023/24 ikasturteari hasiera emango dio 13 ikastetxetan garatuko dituen 15 proiektu ezberdinen bitartez

Loraldia Eskola - Lore jokoak proiektua

Loraldia Eskolak 2023/24 ikasturteari hasiera emango dio 13 ikastetxetan garatuko dituen 15 proiektu ezberdinen bitartez

  • 2023/24 ikasturtearen hasieran Bizkaiko 7 eskualde ezberdinetako 13 ikastetxek parte hartuko dute Loraldia Eskolan: 24 ikasle taldek eta 550 ikaslek parte hartuko dute.
  • Ikasturte honetan eskaintza berriztatu da: sei proiektu ezberdin eskaintzen dira, hezkuntza arautuko sistemara eta Haur Hezkuntzatik eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitarteko hezkuntza kurrikulumera egokituak.

 

2023/24 ikasturtearen hasierarekin batera, Loraldia Eskolak ere egitasmoaren aurtengo edizioari ekingo dio. Hasiera honetan Bizkaiko 7 eskualde ezberdinetako 13 ikastetxetan izango da. Guztira, 24 ikasle talde ezberdinek parte hartuko dute, 550 ikaslek.

Loraldia Eskolak hezkuntza komunitatean euskal kulturaren transmisioa eta balorean jartzea du xede, sormenetik abiatuta eta ekintza parte hartzaileen bitartez.

Izan ere, egitasmoak sormena suspertzea bilatzen du, euskaraz eta euskal kulturarekiko atxikimendua bultzatuz. Sormenaren bitartez adierazpena lantzen da, kultur diziplina ezberdinetan arituz. Ikasleak bilakatzen dira artista eta talde lana eta kolaborazioan modu inklusiboan lan egiten ikasten dute.

 

Sei proiektu ezberdin eta sormena helburu

Egun, hezkuntza arautuko sisteman Haur Hezkuntzatik eta Gerrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezkuntza kurrikulumera egokitzen diren sei proiektu ezberdin eskaintzen ditu Loraldia Eskolak, maila eta helburu ezberdinetara zuzenduak. 

Ikastetxeak dira haien beharren arabera proiektuak aukeratzen dituztenak. Horrela, adibidez, Haur Hezkuntzako txikiek arte plastikoak ezagutu eta sormenari eragin dezakete; edo LHko edo DBHko gaztetxoek pastorala bat sor dezakete hasieratik eta prozesu osoan parte hartu. Ikasturte honetan, nobedade moduan, sormenaren bitartez euskal musikaren transmisioan eragiteko edota ikasle eta familiek batera gure kultur aniztasunaren emari oparoa ezagutzeko aukera izango dute.

Beraz, euskara eta kultura uztartzen dituen ekimena da, hezkuntza integralean sakontzen duena eta metodologia zehatz eta berritzailea proposatzen duena. Horrela, Loraldia Eskolak ikastetxe bakoitzean aukeratutako egitasmoa garatzeko laguntza eskaintzen du: hezitzaile batek kudeatuko du eta gidatuko du; unitate didaktiko bat jarriko du irakasleen esku; eta egitasmo bakoitza zentroak edo taldeak dituen behar zehatzetara mugatu eta moldatuko da.

Sormena da egitasmoak burutzeko erabiliko den tresna, modu anitzetan eta beti sortze prozesuaren protagonistak ikasleak izatearen helburuarekin, esperientzia bat bizi araziz. Garrantzitsuena prozesua eta esperientzia izango dira; ez horrenbeste amaierako emaitza.

 

Loraldia Eskola proiektuaren sendotzea

Loraldia Eskola proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du hasieratik. 2016/17 ikasturtean sortuta, bi proiektuk eman zizkioten hastapena. Urtez urte sendotuz joan den egitasmoa da. Orain arte 26 ikastetxe ezberdinetan burutu izan da, 1300 ikasle baino gehiagok parte hartu dutela. Proiektuekin lotutako 20 emanaldi burutu dira eta 10 erakusketa antolatu izan dira.

2022/23 ikasturtean proiektua berriztatu egin zen, Eusko Jaurlaritzako KSI Berritzaile programaren laguntzarekin, egitasmoa eraginkorragoa eta jasangarriagoa izate aldera.

Bizkaian garatu izan den proiektua bada ere, beste herrialdetatik eskariak jaso ditu eta datorren ikasturtean beste herrialdeetara egitasmoa zabaltzeko asmoa dago.

Oraindik eskaintza zabalik dirau 2024 urteari begira, ikasturtearen bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan ikastetxe gehiagotan burutu ahal izateko.