Loraldia Festibalak bere 10. edizioari agur esango dio musika eta dantzarekin
- Martxoaren 23an agur esango diogu aurtengo Loraldia Festibalari, eta horretarako Loraldiak bi ekitaldi berezi prestatu ditu: Kantu berri bat gara eta Geure(R)a
- Kantu berri bat gara ekitaldian Jon Maiaren bertso eta kantuez gozatzeko aukera izango dugu. Kantu bat gara ekitaldian ez bezala, kasu honetan abesti berriak izango dira protagonista.
- Eguna eta festibala amaitzeko Geure(R)a dantza bertikala ikuskizuna izango dugu Harrobi Dantza Bertikala Konpainiaren eskutik.
Martxoan zehar Loraldiak antolatutako hamaika emanaldiez gozatzeko aukera izan dugu Loraldia Festibalaren 10. edizioan. Urteurren berezi honi agur esateko, eta aurtengo edizioa era bikainean amaitzeko, Loraldiak bi ekintza antolatu ditu martxoren 23rako: Kantu berri bat gara eta Geure(R)a.
Kantu berri bat gara, Jon Maiaren itzulera
Arratsaldeari hasiera emateko Jon Maiaren azkenengo lana izango dugu, Kantu berri bat gara. Proiektu hau jaio zen bere aurreko proiektuak, Kantu bat garak, izandako arrakasta ikusita. Maiak Kantu bat gara lana 2021. urtean kaleratu zuen, eta 30 urteetan zehar idatzi dituen abestiez osatuta zegoen. Kantu berri bat gara lanean, ordea, formulari buelta bat eman dio eta abesti berriek izango dute protagonismo gehien.
Honakoa ez da kontzertu soil bat izango. Mota honetako emanaldietan ohikoak diren egituretatik alde egingo du Maiak: kolaborazio bereziak egongo dira, proiekzioak, inprobisazioa eta ezustekoak ugariak izango dira ekitaldi honetan.
Oholtza gainean ohiko eta konfidantzazko musikariekin aurkituko dugu sortzailea: Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (Txeloa), Nacho Soto (pianoa eta sintetizadorea) eta Nerea Quincoces (perkusioak eta ahotsa).
Berak dioen bezalaxe: “Abestiak eraikuntza masiborako armak dira”.
Geure(R)a, dantza bertikala 10. Loraldia Festibalari agur esateko
Loraldia Festibalaren 10. edizioari itxiera emateko benetan berezia den ekitaldi bat antolatu du Loraldiak: Geure(R)a. Musika, poesia, dantza eta mapping-a uztartzen dituen ekitaldi honek aparteko ezaugarri bat du: dantza bertikala izango dela. Harrobi Dantza Bertikala Konpania izango da dantza bertikala ekartzearen arduradun; Juantxo Zeberioren musikak, Toti Martínez de Lezearen bertsoek eta Paco Gramajeren proiekzio animatuek aberastu egiten dute hiru dantzarik egindako koreografia esekia.
Ekitaldi honek artearen alde desberdinak erabiliko ditu emakumeen inguruko memoria zalantzan jartzeko. Nortzuk diren gaur egun sorginak? Eta nortzuk dira zapaltzen dituztenak?
Antzina-antzinatik, emakumeak elkartu egiten ziren, ez bakarrik eguneroko lanak egiteko, baita beren arteko konpainiaz gozatzeko, ondo pasatzeko eta, aldi berean, beren ezagutzak eta esperientziak trukatzeko ere.
Errealitate hori baina, ez dute pertsona orok ondo ikusi, askatasun eta ezagutza hori mehatxutzat hartzen baitzuten beren status quorako. Horregatik, XVI. mendean, gure historiako gehiegikeria eta hilketa gordinenetako batzuk gertatu ziren, batez ere emakumeen kontra.
Zalantzarik gabe, gaur egun Europako eta munduko herrialde askotan gertatzen dena pentsamolde horren ondorioa da oraindik. Errespetuarekin, askatasunarekin eta tolerantziarekin talka egiten duen pentsamoldea.
Lan hau arrakasta handiz estreinatu zen 2023ko Umore Azokan eta Azokako Epaimahaiak Aipamen Berezia eman zion. MAX sarietan ere kaleko ikuskizunik onenerako hautagaia da.
Ekitaldi honetaz gozatzeko bi aukera egongo dira, bi emanaldi eskainiko baitira, 21:30ean eta 22:15ean.