Loraldia Festibalak Bilbotik Euskal Herrira gure kulturaren itsasargia piztuko du bederatzigarrenez

Loraldia Festibala 9. edizioa

Loraldia Festibalak Bilbotik Euskal Herrira gure kulturaren itsasargia piztuko du bederatzigarrenez

  • Martxoaren 9tik 26ra Loraldia Festibalaren 9. edizioa egingo da Bilbon, Mailua gara! lemapean.
  • Egitarauak kultur adierazpen anitzez jantzitako 21 proposamen biltzen ditu, 17 egunez Bilboko 14 gune ezberdin hartuko dituenak. Musika, teatroa, dantza, literatura, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak… Denetarik biltzen du eta, ohikoa denez, diziplina desberdinen arteko bat-egitea ere proposatzen du.
  • Loraldia Festibalaren 9. edizioak gure kulturaren erreferente handiak eta talentu berriak eta gazteak bilduko ditu. Aurten ere Loraldia Terminalak sortzaile gazteei eskainitako programazioa bilduko du.

 

Loraldiak Festibalaren 9. edizioa aurkezten du. Mailua gara! lemapean, martxoaren 9a eta 26a bitartean euskal kultur proposamenek Bilboko hamaika gune bustiko dituzte. Izan ere, 17 eguneko programazio artistikoa ondu du Loraldiak, arlo eta diziplina ezberdinetako 21 proposamen biltzen dituena.

 

Aurtengo lema eta arloak

Mailua gara! da Loraldia Festibalaren 9. edizioaren lema. Gabriel Arestiren poesia bati egiten dio erreferentzia. Harri eta herri lanean jasota, “Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela” esaten du. Loraldian metafora hori erabili nahi izan dugu gure asmo adierazpena bilakatzeko: gu ere mailuak gara eta kolpez kolpe gure unibertsoa zizelkatu nahi dugu, sormena eta kultur adierazpenen bitartez.

Loraldiaren 9. edizioak 17 egunetan 21 ekintza eskainiko ditu, diziplina anitzekoak: musika, teatroa, dantza, literatura, bertsolaritza, zinea…

Loraldiaren oinarriari jarraikiz, euskal kulturako izen erreferenteak presente izango ditugu: Gabriel Aresti, Benito Lertxundi, Maurizia… besteak beste. Hauek izango dira aurtengo programazioak eskaintzen dituen ikuskizun garrantzitsuetako batzuk.
Hauekin batera, gaur egungo sortzaile nabarmenak: Kukai Dantza Konpainia, Igor Elorza, Rafa Rueda, Castillo Suarez, Ines Osinaga, Iratxe Fresneda, Danele Sarriugarte…; eta sortzaile berriak eta gazteak baita ere: Formol, Silitia…

9. edizioan iaz hasitako ildoa jarraituko dugu eta Loraldia Terminala eguna ospatuko dugu, gazte-sormenari eremua eta plaza eskaintzen diona.

Eta ohikoa den bezala Loraldia Festibalean, Loraldiak ekitaldi honetarako espreski sortutako hainbat ekoizpen propio aurkeztuko ditu

150 artista inguru igoko dira Loraldiak proposatutako 14 oholtza edo gune ezberdinetara. Martxoan Bilbo bilkatuko da euskaraz sortutako kulturaren hiriburua.

 

Loraldiaren produkzioak

Urtero Loraldirako beren beregi sortutako produkzioak ekoizten ditugu. Aurten mota ezberdinetako lau proposamen sortu ditugu.

Galerna. Azken bidaia dugu Loraldiak 2023an sortutako produkzioa

Galerna. Azken bidaia itsasoari buruzko begirada emozionala da: ezezagunari beldurra, sakontasunaren misterioa, naturako indarren aurre ezintasuna, ozeano neurriezinaren poetika, senideak galtzeko arriskua, mundu berriak deskubritzeko ilusioa, itsas jendearen alaitasuna edota bertan bizi diren kreaturak irudikatzeko gozamena. Beti ere euskal erroetatik abiatuta (mitologia, doinuak, testuak, ohiturak, kondariak, dantzak) mundu osoari begirada zabal bat egiteko asmoz.

Familia osorako ikuskizuna. Haur eta gazteek interpretatuta baina publiko osoari zuzenduta. Oinarria Leioa Kantika Korala da, beraz musika koralak izango du pisu handiena baina koruari laguntzeko zuzenean talde instrumental batek, baritono bakarlari batek eta aktore batek parte hartuko dute.

Leioa Kantika Koralak 20 urtetan mundu mailan haur abesbatzen euskal enbaxadore garrantzitsuenetako bat izatea lortu du. Basilio Astulez zuzendariaren eskutik, non nahi bidaiatzen, lehiaketetan irabazten eta euskal musikagileen obrak sortzen, estreinatzen eta grabatzen ari du.

Bilbon dabil Gabriel Aresti Karmelo Landaren eta Gabriel Aresti Kultur Elkartearen asmo handiko ekoizpena da. Arestiren sormena Bilboko erdigunera ekarri nahi dute. Gure memoria izateaz gain, gaurko Bilbo eta Euskal Herria berrinterpretatzeko tresnak dira. Loraldiak bat egiten du asmo berritzaile hauekin eta egun oso bat eskainiko du

Hiru hitzordu antolatu ditugu egunean zehar. Goizean Ibaizabalen zehar nabigatuko dugu itsasontziz. Itsasbide gidatua izango da eta Arestiren erreferentziak bilatuko ditugu hiriko paisaian.

Eguerdiz Kafe Antzokian bazkari-ikuskizun bat eskainiko dugu. Jateaz gain, hainbat idazlek, antzerkigilek, kantarik, bertsolarik… parte hartuko dute eta Arestiren sormena gaurko garaietarea moldatuko dugu.

Bukatzeko, iluntzean, Otxarkoagara igoko gara. Bertan arte bisualen bidez sormen berritzaile bat ikusteko aukera izango dugu. “Jainkoa jaio zen Otxarkoagan” ipuina izango dugu abiapuntu.

Martxoaren 17a Saint Patrick’s Day dugu, jai egun handia Irlandan. Hara begira jarri gara eta landa berde horietan mendez mende sortu den musika tradizioan dzanga egingo dugu. Eire festa. Irlandako haizeak (cóisir gaeilge) izena jarri diogu musika festa handiari.
Euskal Herriak Eire estimatzen duen adierazpena.
Marmara talde lekeitiarrak  zabalduko du atea eta irlandarren doinuen errepublikan murgilduko gara. Gaelikoz ondutako hainbat kanta a capella kantatuko du. Jarraian, dantza-eztanda egingo dugu The Poguesen kanta probokatzaileekin. Arrasatetik datorkigun The Potes bandak McGowanen melodiak moldatzeko erronka hartu du. Haiekin batera McOnak taldekideak diren Joseba Iturraspe eta Irati Irizar izango dira eszenan.

Eta Loraldia Festibalaren azken egunean, ohikoa denez, geroari begira jarriko gara. Hausnarketa poetiko hau kate begi berri bat da orain arte Loraldiaren edizio guztietan lotu ditugun amaiera ekitaldietan. Bertan literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dira eta etorkizunari begira paratzen gara. Geroa eta oraina gurutzatzen diren lekua izango da berriro ere Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioa.

Aurten martxoaren 26an izango dugu hitzordu hau. Danele Sarriugarteri eskatu diogu aurten geroari buruzko testu literario bat sortzea. Emaitzak,  Popperra, afterra, utopia du izenburu eta goiz horretan entzungo dugu lehenengoz, idazlearen ahotik. Testu literarioarekin batera bi bertsolari (Maddi Ane Txoperena eta Maider Arregi) eta musikari bat (Miren Narbaiza) arituko dira eszenan. Ohi bezala, Amaia Agirre izango da gai-jartzailea.

 

Musika

8. edizioan eskainitako Hautsi da Anphora ikuskariaren itzala luzea da eta aurten uzta berri bat eman du.
Iaz Loraldia eta Korrika Kulturalaren eskutik 1980an Ruper Ordorikak Hautsi da Anphora bere lehen lana berriro oholtzan eskaintzea lortu zen, Bernardo Atxagaren testuekin onduta. Arrakasta handiz abiatu zen bira hunkigarri horrek Pott bandako sortzaileak batu zituen eszena gainean.Aurten iazko biraren zuzeneko grabazioa argitaratuko ditu Pamiela argitaletxeak. Kantak eta Atxagaren testuak grabazio berean.
Eta lan honen aurkezpenarekin emango diogu hasiera Festibalari, martxoaren 9an Biran.

Martxoaren 11an, esan bezala, musika ere oso presente izango dugu Bilbon dabil Gabriel Aresti programazioan.

Martxoaren 14an Itsasmuseum-ek Igor Elortzari eta Rafa Ruedari harrera egingo die, Anonyme popular eskaintzeko. Anonyme Popular edonor izan daiteke, eta, aldi berean, norbait da. Igor da. Inor. Bere izenean eta besteren abizenean arituz, nitasun garaikide ertzdun bat dakar hitzetara Igor Elortza bertsolariak, gutartasun lanbrotsu baten erdian. Bere buruaz beste, besteon munduaz mintzatuz, ispilu deseroso eta maitekor baten aurrez kokatzen gaitu guztiok. Hitzak jostari josiz jarri ditu bertsoak; noiz sakon, noiz arin. Norbanakoaz eta jendeaz ari da, maitasunaz eta desiraz, azaletik barrura eta kanpora garenaz, gizonez eta feminismoaz, euskaldunon iragan hurbilaz eta orainaldi urrunaz, eguneroko nahi eta ezinez. Garaiaz eta giroaz. Buruz beste bihotzez. Bertsoen hitzaren eta ahotsaren jarrera bereizgarri berekoak dira Rafa Ruedarekin landu dituen doinuak eta soinuak ere. Rapa, trapa, popa, funkya, mundurako erritmoak… 

Hurrengo egunean, martxoaren 15ean oholtza berdinera igiko dira Joseba Irazoki eta Julen eta Beñat Axiari aita-semeak. Beñat Axiari, Joseba Irazoki eta Julen Axiari iparrean zein hegoan diharduten musikari porrokatuak ditugu, sortzaile apartak, eta elkarren artean Bas(h)oan II izeneko lan harrigarri bezain bizigarria ondu dute, Ipar Amerikako Robbie Basho (1940-1986) musikariaren lana eta pentsamendua eurenganatuz.

Proposamen artistiko berritzailea eta urratzaile honetan elkarlotzen dira hiru musika egileak. Tradizioa eta garaikidea gurutzatzen den lekura abiatuko gara. Unibertsala den sormen harrigarri bat gure zain dago.

Martxoaren 17an Saint Patrick’s Day ospatuko dugu Eire Festa. Irlandako haizeak (cóisir gaeilge) musika jaian.

Hurrengo egunean, martxoaren 18an, Benito Lertxundi izango dugu Loraldian, Askatasunari ikuskizuna eskaintzeko. Askatasuna du Benito Lertxundik kantak ehuntzeko haria. Kantatzeari bizitza oso bat eman du eta Askatasuna du bidaide. Saio ilunetan bidegilea izan zen, gaur, mende erdia baino gehiagoren buruan, sortzeko eta kantatzeko egarria ez du berdindu. Kimu bat zuhaitzean bezalaxe Orioko bardoak etengabe berpizten du hazia.

Gogo askaitza, autodidakta eta moda, araudi eta ortodoxiatik at kokatu izan den kantaria. Hamazazpi disko (horietako asko bikoitzak) plazaratu ostean, kanta berriak sortzen jarraitzen du etengabe. Kontzertu honetan euskal unibertsoan bihurtu diren ereserkiek eta labetik atera berriek partekatuko dute eszenatokia.

Zuzenean azken aldi honetan batu duen lagun taldearekin onduko ditu kantuok, desikastearen beharraz edota herri menderatuaren oldar askatzaileaz ari zaizkigun kantak. 

Martxoaren 21ean Elur zuriren hiru heriotzak eskainiko digu Khontairak Alondegia-Azkuna Zentroan. Musika, teatroa eta dantza uztartzen ditu ikuskari honek. Testua Ander Berrojalbizek eta Joseba Sarrionandiak idatzi dute.
Khontairak historian ikertzea du gustuko. Mendez mende igaro den historian murgiltzen dira eta garaikide bihurtzen du. Oraingoan Grim anaien eskuizkribu zahar bat eta Bela Bartokek ekialdeko Europan jasotako Erdi Aroko doinu mestizoetan aurkitu du sormen iturria. 

Lorazain Eguna ospatuko dugu egun honetan.

Martxoaren 23an Mauriziak ez du inor hil ikuskari berezia izango dugu leku berdinean, Alondegia-AZn. Oholtzan Maurizia protagonista, beste hamaika emakumeren bitartez: Ines Osinaga, Lorea Argarate, Itziar Garaluce, Eneritz Dueso, Garazi Egiguren eta Julene Gregorio.
Maurizia Aldeiturriagaren kopletatik abiatuz, euskal folklore digital eta formatu berrietan oinarritutako zuzeneko ikuskaria da. Kopla zaharrak ezagutzeko, orduko istorioak gugana ekartzeko, doinu tradizionalei gaur egungo eszenan espazio bat eskeintzeko eta plazandreei gorazarre egiteko teknologia zahar eta berriekin sortutako proiektua.

Ikuskizun hau kolektibo batek sortzen du eta emanaldi guztiak ezberdinak dira. Loraldian horrelako arte diziplina uztartuko dira: musika organikoa eta elektronikoa, arte bisualak, argiak eta dantza. Oraingo emanaldian Julene Gregorio artistarekin batera taldeak Loraldirako bereziki sortuko du proposamena.

Berria egunkariak babesten du ekintza hau.

Dantza

Martxoaren 10ean Euskalduna Jauregian Kukai Dantza Konpainiak Eta orain zer? formato handiko koreografia eskainiko digu.
Soka dantzaren inguruko ikerketa eta proposamen artistikoa, dantzari, musikari eta publikoa espazio berean kokatuko duena. 

Martxoaren 16an Arriaga Antzokian Suirrealismoa aurkeztuko dugu. Logela Multimediak eta Circle of Trust konpainiek sormen-indarrak batu dituzte eta biziki ikusgarria den ikuskizun berritzaile bat plazaratu dute. Dantza, interakzioa, bideo sorkuntza eta musika uztartzen dituen sorkuntza.
Logela Multimediaren arte bisualek eta Zaragozatik datorkigun Circle of Trusten break dance harraigarriak bat egingo dute eszenan. Irudimenak eztanda egingo du erabat garaikidea eta gaztea den sormen-lan honen baitan.

Teatroa

Galerna. Azken bidaia kantata eszenikoaren aurkezpena egingo dugu martxoaren 19ko iluntzean Arriaga Antzokian. Urtarrilean egin genuen aurre estreinaldia Kultur Leioan eta oraingoan erronka handia da Arriagako publikoaren aurrean eskaintzea.

Loraldiaren 2023ko produkzio proposamena da.

 

Literatura

Bilbon dabil Gabriel Aresti egun bereziaz gain, beste hiru hitzordu literario izango ditugu.

Martxoaren 13an Iparagirre kaleko Elkar dendan Kangaroo poema-liburu berria aurkeztuko du Martin Etxebarriak. Zarauztarraren poemak musikaz lagundurik agertuko zaizkigu dendako eszenatokian. Berarekin batera Oier Aranzabal arituko da gitarrarekin. Oier Aranzabal Lou Topet bandaren sortzailea da eta soinu banda jarriko dio irakurraldi honi.   

Martxoaren 20an Bidebarrieta Kulturgunera hurbilduko dira Castillo Suárez eta Juantxo Zeberio, Suárezen Alaska poema liburu berria aurkezteko. Musika Juantxo Zeberiok eskainiko du.
Alaska izeneko bide bazterreko hotel abandonatu batean kokatutako narrazio batekin gurutzatuko dira hainbat poema eta doinu. Maiz idatzi da desamodioaz eta abandonuaz, baina gutxiago tokiekin lotzen gaituen hari ikusezinez, tokien dolua nola egin ez dakigula.

Martxoaren 22an Filosofia saiakeran eta fikzioan izenburupean Iñigo Martinezek eta Olatz Mitxelenak gogoeta egiteko gonbita luzatuko digute. Biak filosofia-irakasleak eta biak idazleak, bata saiakeran eta bestea fikzioan. Xabier Mendiguren editoreak gidatuko du solasaldia eta biek filosofiaz eta euren liburu atera berriez hitz egingo dute: Olatz Mitxelenak  “Arrain hezur bat eztarrian” ipuin bilduma kaleratu berri du, “Pantailen garaipena” saiakera Iñigo Martinezek. 

Eta martxoaren 26an, esan bezala, Loraldia Festibalaren 9. edizioa agurtuko dugu geroari begira. Literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen Popperra, afterra, utopia emanaldi bakarra eta berezia izango dugu.

 

Ikus-entzunezkoak

Martxoaren 11an, esan bezala,  Otxarkoaga – Bilbo. Biola bat ala mailu bat ikus-entzunezkoa proiektatuko dugu etxe baten orman. Otxarkoagatik abiatuta bi gazte Bilbon zehar ibiliko dira. Lehengo eta oraingo hiria izango dute mintzagai. Bilbori buruzko gogoeta bat, Arestiren begirada kontuan izanik.

Jainkoa jaio zen Otxarkoagan ipuina idatzi zuen idazle bilbotarrak eta horregatik igoko gara auzo honetara, Arestiren iruditerian garrantzi handia duelako.
Alphax estudioa eta Mikel Clementek Loraldirako sortutako lana da, Karmelo Landaren gidioiarekin.

Eta martxoaren 24an Iratxe Fresnedak Tetuan bere hirugarren dokumentala aurkeztuko du Bizkaia Aretoan. Irrintziaren Oihartzunak eta Lurralde Hotzak filmekin hasitako erregistro eta oroimenaren inguruko filmen trilogia osatu du.
Tetuán pertsona migratzaileei buruzko filma da, non zinema, familia istorioak eta memoria, igaro leku baten batzen diren. Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamed ditugu protagonistak. Istorioak elkarlotzen dira eta irudi ederren bidez euren bizitzekin enpatia sortzeko aukera ematen du dokumental esperimental honek.   

 

Loraldia Terminala

Esan bezala, Loraldia Terminala, gazte sormenerako harrobia da. Iaz hasi genuen bide hau eta Loraldiaren 8. ediziotik aurrera hilean behin euskarazko gazte sortzaileek plaza dute La Terminal espazioan, Zorrotzaurreko irlan.

Loraldia Festibalaren 9. ediziorako bost proposamen prestatu ditugu, arratsaldetik eta gauera arte. Arratsaldean zehar, teatroa, musika, tradizionala eta garaikidea, dantza patinetan eta bertsolaritza uztartuko dira. Proposamen berritzaile hauek kultur-industria honen lau espaziotan eszenaratuko dira. Balore berriak deskubritzeko aukera paregabea. Terminal honetatik gaurko sormen berria aireratzeko prest.

Bertsoekin hasiko gara, eRRe. Aldarri bat bertso emanaldiarekin. Haizea Arana, Leire Vargas,  Aner Euzkitze eta Oihana Arana arituko dira. Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere badute lekua. Genero-ikuspegia ardatz hartuta, aztertuko dira LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma, beste dualismo batzuekin batera.

Ondoren Noiz ez da inoiz galdu? patinetako dantza koreografia eskainiko digute Jon Estefane Turrezek, Enara Gonzálezek Goikoetxeak eta Naroa Ruiz Mongek. Dantza garaikidea patinetan ez da ikusi ohi dugun sormen-lana. Enara Gonzalezek kanta bat sortu eta zuzenean joko du. Jon Estefane eta Naroa Ruiz Monge patinetan arituko dira Natalia Mongeren zuzendaritzapean.

Elena Hairak, Maia Iribarnek eta Amaia Hiriartek Habia ikuskizuna eskainiko digute. Nafarroa Behereako Bastidan kokatzen diren hiru musikari hauek herri kantak eta musika klasikoa uztartzen dituzte. Berez taldea 2019an sortu zen “Animalia” izeneko ikuskariaren sorkuntza inguran. Kristof Hiriart dute zuzendari artistiko eta berak hiru soka-jole eta kantarientzat piezak hautatu zituen. Lehen diskoa plazaratu dute eta denok harritu dituzte herri kantak musika klasikoaren estetikarekin harilkatzen.
Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak plazaratzen dituzte. Amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala, sentitzen gara Habiaren musika entzutean. Hiru musikariek momentu goxo bat proposatzen digute, indartsua eta maliziaz josia.

Teatro proposamena izango dugu baita ere Album lanean Formol taldearen eskutik (Edurne Azkarate, Mikel Ibarguren e Intza Alkain). Gazteei buruzko hausnarketa proposatzen du Formolek.
Asko hitz egin izan da gazteoi buruz. Millennialok oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu ezinean gabiltzanaren diagnosia jaso du Formol taldeak. Ondorengo hitzekin definituak izan dira: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinarik gabeak, bizitzan galduak, gainformatuak. Ados, sintomatologia guzti hori gure gainean zamatuko dugu. Gure belaunaldiaren etiketen jabe bihurtuko gara. Nor gara gu?
Ikerketa hau ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat. Formol Laborategiaren lehen Albuma da. Ongi etorri gure kaiolara.

Eta Loraldia Terminalari bukaera emateko musika-kontzertua eskainiko digu Silitia bikoteak. Ibai Silicato lekeitiarra eta Xabier Barrutia bilbotarra dira taldekideak, Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazleak izan ziren 2022an.
Etengabeko hedapen artistikoan daude, esperimentazioa izan dute bidelagun eta sortzen duten musika etiketatik at kokatzen da. Euren hitzetan punky-funky-elektro-euskal-rock musika egiten dute.  Melodia argiak, bateria robotikoak eta 80ko harmakadako baxuak gogorarazten dituen musika, hain zuzen ere.
Eragin eklektikoetatik abiatuta, euren abestietan batzuetan hit diskotekeroak, beste batzuetan post-punk baladak eta beste batzuetan pop fina entzun daiteke. Zuzenean, ia bikote komiko bat gisa aurkezten dira, proposamen oso ausartak plazaratuz.

 

Lorazainei zuzendutako ekintzak

Lorazainak Loraldiaren lagun eta jarraitzaileei zuzendutako programa da. Egun 2000 lagunetik gora osatzen dute komunitate hau eta babesa horren truke Loraldiak hamaika abantaila eskaintzen die.

Doakoa da Lorazain bilakatzea eta soilik inprimaki bat bete behar dute taldera batzeko.

Lorazainek festibaleko eta Loraldiaren ekintzen sarreretan deskontua daukate eta lehentasunez erosteko aukera daukate. Informazioa ere lehentasunez jasotzen dute eta urte osoan zehar zozketa eta beste ekintza batzuetan parte hartzeko aukera eskaintzen diegu.

Horietako bat Lorazain Eguna da festibalean. Egun horretako ekintza bereziki beraientzat programatuta dago eta doakoa da.

  1. edizioan martxoaren 21ean egingo dugu, Khontairak eskainitako Elur zuriren hiru heriotzak ikuskizunarekin. Musika, teatroa eta dantza uztartzen ditu ikuskari honek. 

2023an beste sorpresaren bat prestatu dugu beraientzako.

 

Ekintza osagarriak

Loraldia festibalak bi ekintza osagarri eskainiko ditu aurten.

Lehenengoa, 16-29 urte bitarteko gazteei begira sortu dugun Sormen-Ola euskal kulturaren transmisio tailerrak. Programa honen helburuak euskal kulturaren transmisioa gazteen artean, gazte kultur zale sustatzea, gazteak kultur profesional erreferenteekin harremanetan jartzea eta sormena eta irudimena bultzatzea (ideia berriak, formatu berriak…) da. 

Urtarrilean hasi genuen programa eta hilean behin ikastaro trinko monografikoak eskaintzen ditugu. Orain arte dantza eta gidoigintza arlokoak eskaini ditugu.

Martxoaren 25ean literatura eta musika izango dira hizpide, Joseba Sarrionandia eta Iholdi Beristainen eskutik.

Apirilaren 29an Paul Urkijo izango dugu, ikus-entzunezko sormenari buruz mintzatzeko. Eta maiatzaren 27an Miren Amurizak eta Amaia Egidazuk hitzak eta irudien uztarketari eta bien arteko jolasei buruz arituko dira.

Eta martxoan eta apririlan zehar, Loraldiak festibalaren inguruko erakusketa egingo du Metro Bilbaon.

David Herranzek festibalaren ibilbidean zehar eginiko lan zoragarria ikusgai izango da. Horrela, festibala zertan datzan eta zeintzuk diren helburuak nabarmen eta erakargarri erakusten dira. 

Erakusketa Casco Viejo geltokian egongo da ikusgai martxoan zehar, San Nikolaseko irteeran. Eta apirilean Gurutzetara eramango dugu.

 

Babesleak eta bidelagunak

Loraldia Festibala burutu ahal izateko ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza. Edizio honetan, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak. Hauekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dugu baita ere. 

Bestalde, Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta elkarteen arteko elkarlana sustatzen du eta ekimen ugari kolaborazioari esker plazaratzen dira. 

Bederatzigarren edizio honetan ere, badira elkarlan bereziak: Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea (EKE), Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programa, Berriak babestutako ekintza, Elkar, ZAWP, Gabriel Aresti Kultur Elkartea, KOT eta MetroBilbao.