2018/03/02

 

Loraldia festibalak Imanol kantaria

omenduko du jazz estiloan

  • Martxoaren 10ean Imanol kantariaren errepertorioko kanturik esanguratsuenak jazz estiloan joko dira Azkuna Zentroaren auditorioan.

 

  • Imanolen bandako kideak izan ziren Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez arituko dira pianoan eta Ainara Ortega eta Petti kantuan.

Loraldia Elkarteak martxoaren 10ean ospatuko duen Imanol Jazz ikuskizuna aurkeztu du prentsaurrekoan. Aurkezpen honetan Aitor Narbaiza, Loraldia festibaleko produkzio arduraduna, eta Ainara Ortega, ekitaldian parte hartuko duen kantaria, izan dira.

 

2016an LORALDIA FESTIBALAK Laboa Jazz egitasmoa jarri zuen abian. Iñaki Salvadorrek hartu zuen Mikel Laboaren kantak moldatzeko erronka. Berak bidaideak aukeratu zituen: Anjel Unzu gitarrarekin eta Ainara Ortega eta Maria Berasarte ahotsetan. Ondorioa hunkigarria izan zen. Apirilaren 16ko arrasti hartan gure bihotzek krak egin zuten. Bi urte beranduago ildo beretik abiatuko gara, Imanol Lartzabalen kantu sentikorrak jazz eremura eramanez.


Lan bi hauek plazaratu ahal izateko ezinbestekoa izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedraren babesa.

Imanolen musika berreskuratu eta haren izpiritua taularatzeko lau artista izango ditugu oholtza gainean: Karlos Gimenez eta Iñaki Salvador, pianoan; eta Ainara Ortega eta Petti Bera kantuan. Imanolen hamabi kantu esanguratsu aukeratu eta beraiek egindako moldaketez jantzi eta horiek izango dira ikuskaria osatuko dutenak.

 

Iñaki Salvador Euskal Herriko jazz arloko musikaririk esanguratsuena da. Hainbat musikariren diskoetan parte hartu du eta, besteak beste, Mikel Laboaren piano-jotzailea izan zen hogeitaka urtean.

 

Karlos Gimenez euskal musikagintzan ezaguna da Xabier Lete eta Imanolentzat sortutako konposaketa eta hauen taldean aritzeagatik.

 

Biek, Salvador eta Gimenez, Imanolen taldean jo zuten urte askotan zehar. Lehenengoak berarekin sortu zuen Klabelin Komik taldea 70. hamarkadaren bukaeran eta harez geroztik harremana mantendu zuen.

 

Oraingoan biek piano bana izango dute oholtza gainean eta Imanolen aukeratutako kantuak interpretatuko dituzte. Kantuan, esan bezala, Ainara Ortega eta Petti Bera izango ditugu.

 

Ainara Ortega ibilbide luzeko musikari eta kantaria dugu. Iñaki Salvador pianojolearen alboan proiektu desberdinetan ikusi ahal izan dugu, bereziki aipagarria izanik Bihotzetik II dantza ikuskizuna, bertan zuzeneko musikaria izan baitzen.

 

Pettiren jatorrizko izena Juan Luis Perez Mitxelena da. Gaztetandik hasi zen musikagintzan, hainbat taldetan parte hartuz eta ondoren bakarka arituz. 1999an argitaratu zuen bere lehen diskoa eta haren ondoren beste sei sortu ditu. Hauetaz gain, hainbat kolaborazio egin ditu beste musikari eta ekimen ezberdinetan, Anari, Rafa Rueda eta Txuma Murugarrenekin, besteak beste.

IMANOL, ERREFERENTZIAZKO IZENA EUSKAL MUSIKAGINTZAN

Imanol Larzabal kantaria erreferentziazko pertsonaia dugu euskal musikagintzan. Haren kantuak belaunaldiz belaunaldi gorde eta transmititu dira.

 

Gaztetan Argia dantza taldean sartu eta honen bitartez hurbildu zen euskal dantza eta musikara, dantza zaharrak berreskuratzen hasi zirela. 60. hamarkadaren hasiera zen eta taldekide batekin euskal kantu zaharrak biltzeari ekin zioten. Garaiko egoera politikoari aurre egiten eta erantzuna emateko kanta eta dantza bideak bilakatu ziren. Bere lehen diskoa 1969an argitaratu zuen, Michel Etchegaray ezizenarekin.

 

Frankismo garaia zen eta, lehenengo, Ipar Euskal Herrian bizitzera joan behar izanak eta Bordele eta Parisera, ondoren, herri mina eta politikarekin lotutako gaiak kantzatzeaz gain, hainbat kantari ezagutzeko aukera eman zion. Paco Ibañezekin harreman profesionala eta adiskidetasuna lotu ziren; eta baita Georges Brassens, Leo Ferré, Juliette Gréco, Georges Moustaki eta Mikis Theodorakis eta Lluís Llach, baita ere, beste askoren artean. Urte haietan, diskoak argitaratu eta estatu espainoleko egoera politiko eta soziala salatzen zituzten hainbat kontzertu eta jaialdiatan parte hartu zuen. 1975ean Gabriel Arestik idatzitako bi kantu gaztelaniaz kantatu zituen.

 

70. hamarkadaren bukaeran Euskal Herrira bueltatu eta olerkari askoren hitzak musikatu eta kantatu zituen, Xabier Lete, Juan Mari Lekuona eta Jon Miranderenak, besteak beste. Garai gogorra izan zen berarentzat, zenbait kantariekin harremana ez zelako ona eta baztertua sentitu zelako. 1977ekoa da Lau haizetara lana.

 

Oskorri taldeko kideak izanak ziren Karlos eta Santi Gimenez anaiekin eta Michel Longaron eta Pedro San Martinekin batera Klabelin Komik taldea sortu zuen. Bi lan egin zituzten: Sentimentuen hauspoz, 1979an eta Jo ezan, 1981an.

 

80ko hamarkada izan zen Imanolentzat oparoena musikaren ikuspegitik. Garai honetakoak dira Iratze okre geldiak (IZ, 1983), Erromantzeak (IZ, 1984), Oroituz (Elkar, 1985), Mea kulparik ez (Elkar, 1986), Joan-etorrian (Elkar, 1987), Muga beroetan (Elkar, 1989) eta Amodioaren berri (Elkar, 1990). Disko haietan guztietan euskal poeta garaikideen olerkiak musikatu zituen Imanolek, besteak beste Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Juan Mari Lekuona, Xabier Lete eta Felipe Juaristi poetenak.

 

1990eko hamarkadan euskarazko eta gaztelaniazko lanak tartekatu zituen: Viajes de mar y luna (Ediciones Cubicas, 1990); Barne kanta (Larrazabal) (1994), Orixek euskaratutako Joan Gurutzekoaren testuaren gainean Karlos Gimenezek sortutako musikarekin; Hori bera da denen ixtoria (Elkar, 1996); Oroitzen (PDI, 1999), Paco Ibañezekin alboz albo egindako lana, eta Ausencia (El Europeo, 1999), gaztelaniazko poeten zenbait olerkiz osaturiko diskoa.

 

2000. urtean berriro ere herbesteratu zen eta garaikoak izan zen 2003an argitaratutako azken lana: Versos encendidos (El Europeo), Gustavo Adolfo Bécquer, Pablo Neruda, Alfonsina Storni eta Xabier Leteren hitzekin, besteak beste. 2004an hil zen eta orduan prestatzen zegoen sehaska kantuak biltzen zituen diskoa, gertuko zenbait kantarik eta musikarik argitaratu zuten, Bolona-molona, Imanol in memoriam izenburu pean.