Loraldia Kultur Elkarteak Mundubira. Elkano, Primus antzezlana aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan. Loraldiaren produkzio propioa da, formatu txikiko teatro-lana eta Lehen Mundu Bira espedizioaren irteeraren 500. urteurrena gogoratzen du, ezinezko bidaia historiko haren gertaeretan oinarrituriko istorioa.
Aurkezpen honetan parte hartu dute: Aitor Narbaiza, Loraldia Festibalaren produkzio arduraduna; Rafa Zulaika, Elkano Fundazioaren proiektuen koordinatzailea; Patxo Telleria, gidoiaren egilea; Karlos Panera, lan honen eszena zuzendaria; eta hauekin batera, artista hauek: Iñigo Aranburu eta Xabi Ortuzar aktoreek; eta Ainara Ortega, kantaria.
Gure memoria berreskuratu eta plazaratu nahi duen teatro lan honek iaz Anton Abbadia: Dublinetik Hendaiara sorkuntzak zabaldu zuen bideari ekiten dio. Formatu txikiko antzezlana da non musika eta bakarrizketak tartekatzen diren.
Teatro-lan honek transmisioa du helburu. Euskal Herriko historia ezagutaraztea ezinbestekoa da eta, hori dela eta, publiko orokorrari zuzendutako estreinaldia baino lehen, ikasleentzako emanaldia eskainiko da. Loraldia Elkarteak gida pedagogiko bat sortu du baita ere, ikastetxeetan landu dezaten.
Dibulgazioa Elkano 500 Fundazioaren lan lerroetako bat da, jakinmina pizten duten estimuluen bitartez, esaterako Mundubira. Elkano, Primus ikuskizuna. Elkano eta lehen zirkumnabigazioari lotutako gertaerak, garrantzi handikoak izan ziren arren, gutxi ezagutzen dira gure gizartean. Fundazioak, gainera, ezagutza historikoan sakondu nahi du, egungo gizartearen desafioak aztertzeko eta eredu sozio-ekonomikoak birpentsatzeko. Bere jardunean, fundazioa kultur, gizarte zein ekonomia arloko agenteekin elkarlanean aritzen da, elkarlanerako sare iraunkor eta jasagarriak sortuz.
Orain dela 500 urte Victoria naoak bete zuen munduaren bira aurreneko aldiz. Leman Juan Sebastian Elkano eta berarekin batera munduaren itzulerari amaiera eman zioten beste euskaldun batzuk zihoazen. 1519an San Lucar de Barramedatik itsasoratu ziren 265 marineletatik 18 baino ez ziren itzuli.
Elkanoz gain hiru bizkaitar eta Victoria naoa, baliteke, Ondarroan eginiko itsasontzia zela kontuan izanik, Euskal Herria itsastarraren itzala ageri da historia pasarte honetan.