– EUSKAL KULTURA GAUR –
Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren 8. edizioa aurkeztu du, bideoz sortutako saio baten bitartez.
Aurkezpen saio hau elkartearen webgunean eta YouTubeko kanalean ikus daiteke. Loraldia Kultur Elkartearen ordezkari gisa Imanol Agirre, Loraldia Festibalaren zuzendari artistikoa eta Amaia Ocerin, komunikazio arduraduna aritu dira. Beraiekin batera parte hartu dute: Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak eta Juan Mari Aburto, Bilboko Alkateak, babesleen izenean; eta bidelagunen artean, EKE (Euskal Kultur Erakundeko Johanes Etchebest zuzendariak; Asier Amondok, Korrikako arduradunak; EHAZEko ikusle klubako Matxalen de Pedrok. Sortzaileek ere ekarpena egin dute saioan: Bernardo Atxaga, Getari Etxegarai, Alaine Agire eta La Basu.
Hautsi zen anphora! da aurtengo ediziorako aukeratu den lema. Duela lau hamarkada luze Atxagaren Etiopia lehen liburutik abiatuta, Ruper Ordorikak lan horretako hainbat poema kanta bihurtu zituen eta Hautsi da anphora aurkeztu zuen. Berritzaileak diren poema eta kanta haiek badute zer konta gaurko garaietan. 1980an bezela, iraganarekin hausten dugu eta mila ispilutan gure sormen garaikidea islatzen da.
Izan ere, Hautsi da anphorari lau hamarkadako hautsa kendu diogu eta eszenaratuko dute Ruper Ordorikak & Mugalarisek, Bernardo Atxagak gaurko begirada literarioa irakurtzen duen bitartean. Geroari begiratzen dion sormena da. Pott Bandaren garaian bezalaxe, geroa gaur izango dugu.
Martxoaren 7tik 27ra Bilboko 15 gunetan 26 ekintza ezberdin proposatzen ditu. Diziplina anitzek izango dute lekua Loraldian: musika, dantza, teatroa, literatura, bertsolaritza, artea, hiri-kultura, dastaketak,…
Eta ohikoa denez euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, hala nola: Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor, Eulalia Abaitua. Horiekin batera, egungoak oholtzan: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi, Aukeran Dantza Konpainia… besteak beste. Eta aurtengo edizioan gazte sormenaren harrobi berria proposatuko du Loraldiak Zorrotzaurreko irlan, gazte eta talentu berriei plaza eskainiz.
8. edizio honetako berrikuntzetako bat da hain zuzen ere proposamen berri hau, Loraldia Terminala izena hartu duena eta gazte-sormenari eremua eta plaza eskaintzen diona.
Loraldia Kultur Elkarteak ekitaldi honetarako espreski sortutako hainbat ekoizpen propio aurkeztuko ditu aurtengo edizioan. Eta, beti bezala, euskaraz egindako kulturaren zabalkundean eta emakume sortzailearen aldarrikapenean jarritako begirada.
110 artista baino gehiago igoko dira eszenatokietara, eta beste behin ere, Bilbo euskaraz egindako kulturaren hiriburu bihurtuko da hilabetez.
Hautsi da anphora izango da lehen musika proposamena festibaleko egitarauan. Martxoaren 11an Euskalduna Jauregian aurkeztuko dugu Ruper Ordorikaren lan honen kontzertu berritua, Bernardo Atxagak gaurko begirada literarioa irakurtzen duen bitartean.
Hautsi da anphora Loraldia Kultur Elkartearen produkzioa da eta Korrikarekin elkarlanean sortu da. Korrika kulturalaren baitan bira egingo du Euskal Herriko zenbait herritara: martxoaren 6an Senperen hasi eta Iruñea, Bilbo, Eibar, Gasteiz eta Oreretara helduko da.
Martxoaren 16an Laboaren irudia berreskuratuko dugu eta bidegurutzean aurkeztuko zaizkigu arte bisualak, musika garaikidea eta kantua. Laboa. Lekeitiotik hegan Loraldia Kultur Elkartearen produkzioa da baita ere. Hiru arte diziplina horiek batuko dira Laboaren esperimentazioaren bidean. Kuraia ensamblek musika garaikidea eskainiko du, Elektrart-ek arte bisuala proiektatuko du eta Maddi Oihenartek abestuko du.
Martxoaren 23an muska eta literatura uztartuko ditu Belar hostoak. Walt Whitman proposamenak. Loraldia Kultur Elkartearen produkzioa da, festibalerako espreski sortuta eta Amaia Lasa, Urbil Artola eta bere banda elkartuko ditu oholtzan.
Amaia Lasa poetak Walt Whitman deskubritu eta mirestu zuen gaztetan. Urbil Artolak, berriz, aitaren Belar Hostoak diskoaren bitartez izan zuen Iparramerikako poetaren berri. Biak ala biak elkartu dira ikuskizun poetiko hau sortzeko. Musika eta poesia gurutzatzen den lekuan kokaturik, sormen berri honek 1978an argia ikusi zuen Txomin Artolaren Belar Hostoak diskoa du abiapuntua.
Sorkuntzaren bidean Urbil Artolak banda bat eratu du bereziki. Dani Venegas, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua eta Jon Gurrutxagarekin batera Txomin Artolaren kantak moldatuko ditu gaurko garaietara. Amaia Lasak, berriz, “Oh Captain! My captain!” egilearen bizitza eta idazkera izango du hizpide.
Martxoaren 26 eta 27an Ixiar Rozas, Ainara Legardon eta Rafael Martínez del Pozo izango ditugu protagonistak, Unisonoa aurkezteko. Ixiar Rozasek, Ainara LeGardonek eta Rafael Martínez del Pozok hatsa, hotsa, ahotsa, sonemak, hitzak, soinuak eta musikarekin konposatzen dute irakurketa eta kontzertua den pieza honetan.
Abiapuntua Unisonoa da, Ixiar Rozasen bi formadun lana: poema liburua eta soinu piezak (Pamiela, 2020; Bandcamp, 2020). Kontzertuan zehar liburuko partiturak eta zatiak erabiliko dira, hala nola, soinu piezen berrirakurketa bat.
Ikuskizun honetan hiru sortzaileek bat egiten dute norbera bere diziplinatik. Esperimentazioa dute lan tresna.
Hurrengo egunean, martxoaren 26an, Muguruza Mani-fest kontzertuak Fermin Muguruza jarriko du ikusmiran. Irungo berritzaile nekaezinari begira, kolpez kolpe, beste hiru sortzaile eraberritzaile jarri ditugu: Juantxo Arakama & Asmathic Band, La Basu & Basatiak eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa.
Kortatu, Negu Gorriak eta Fermin Muguruza izenekin plazaratutako hamaika kantuk buelta bat izango dute. Ez da omenaldirik, gure bizitzaren soinu banda izan diren kantuen berrikusketa baizik. Neo-soul, reggae, rap… entzungo dira gaueko giroan. Muguruza komandante zaharra gaurko garaietara ekarriko dugu.
Loraldia Kultur Elkarteak teatro produkzio propio bat sortzen du urtero festibalean aurkezteko. Aurretik, Anton Abbadia, Elkano edo Iparragirrerekin egin dugun bezala, Eulalia Abaitua sormen garaikide baten bidez eramango dugu tauletara. Mira-hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan lana da gure proposamena eta martxoaren 15ean taularatuko da.
Eulalia Abaitua gure lehen emakumezko argazkilaria izan zen. Ingalaterran ikasi omen zuen hasi berria zen artea eta Bilbora, bere hirira, ekarri zuen, XIX. mendearen bigarren erdialdean. Kamararekin islatu zituen pertsonak (hamaika emakume) eta paisajeak gure memoria dira. Irudi ezinbestekoak gure nortasuna ulertzeko eta ezagutzeko.
Beraz, aitzindaria eta bidegile handia izan zen baina gaur egun oraindik ezezaguna da gure artean. Euskal kulturak zor dio onespena eta ezagutza. Horregatik, Loraldia Kultur Elkarteak sustatu du ikuskizun hau. Ikuskizunak hiru osagai ditu. Ikus entzunezkoen bitartez Abaituaren argazkiak ezagutuko ditugu, teatro-kontaketak (Ane Pikaza) haren bizitza eta memoria osatuko du eta musikak (Maite Larburu) historia miresgarri honi soinu banda jarriko dio. Getari Etxegaraik zuzendutako lana da eta Patxo Telleriak sortu du dramaturgia.
Mugimendua, musika eta hitza uztartzen duen dantza garaikidea dugu Haatik konpainiak hamargarren urtemuga ospatzeko sormen berria. Ur koreografiak Koldo Izagirre idazlearen gidoia du, musika Pascal Gaignek sortu du eta Olatz Beobide arduratu da dantzariek hitz eta testuak modu sentikor batean interpretatuz kontakizuna beste dimentsio batetara eramateaz.
Aiert Beobideren zuzendaritzapean Ur ikuskaria ekonomia jasangarriaren aldeko alegoria da. Urumea ertzean bizi zen familia baten oroitzapenek bultzatu dute sorkuntzaren bidaia hau abiatzera. Norbera eraiki etxea eraikiz. Giza-katearen lana, aurrerapenaren izenean: ibaia estali, mendia zulatu, gailurra moztu; trenbide, kamioitegi, erraustegi, aireportu… etxea eraitsi dute.
Martxoaren 19an ikusteko aukera izango dugu Guggenheim Bilbao Museoko atrioan.
MugMus laborategiak eta Alaia Martinek elkarrekin sortu dute Garaiz: 60 t.m. lana eta martxoaren 24an eskainiko dute Azkuna Zentroa – Alondegian.
Bi dantzari, bi musikari eta idazle bat denbora zizelkatuko dute eszenan. Denborak uneoro zeharkatzen gaitu eta azalerak, bolumenak, ibilbideak eta joan-etorriak ditugu horren lekuko. Denbora da lekukoa eta heldulekua. Zer iragan da, zertan ari gara eta zeri begira jarriko gara? Garaiz gaude oraindik, zertarako? Lan honetan denbora zukutu nahi da mugimenduaren bidez, musikaren bidez, eszenografiaren bidez eta Idazle baten berariazko pasarte literarioekin.
Ekintza hau doakoa izango da Lorazainentzat, Loraldia festibalaren lagunentzat, Lorazain Eguna izango baita.
Eta martxoaren 25an Aukera Dantza Konpainia Arriaga Antzokiko oholtzara igoko da, Migratzaileak ikuskizun berria aurkezteko.
Xabi Aburruzagak sortu du proiektu berri honen musika.
Migrazioaz arituko da Aukeran. Migrazioa mugimendua da. Mugitzea, funtsean, gorputz bat lekuz aldatzea. Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mugitzen da harekin: ametsak, beldurrak, minak eta itxaropenak. Emanaldi honekin hori bera proposatzen dio publikoari: mugimenduari irekitzeko ariketa bat. Ireki gogoak, ireki kuriositatea, ireki gorputzak. Ez dadin norbera izan hormarik altuena. Irekitasuna adierazi dantzaren bitartez, jarrera eszenikoaren bitartez. Historiari begiratu, gure mina besteena ere badela oroitzeko. Mina ukatu gabe, enkontruak ospatzeko prest egotea da publikoari proposatzen zaiona. Zer da migratzaile izatea ez bada, funtsean, mugitzea: gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea, eta leku berri horretan norbera den gorputza berriro deskubritzea.
Literaturarekin lotutako proposamen ezberdinak eskainiko ditugu aurten.
Lehenengoa, Irati Jimenezek eskainiko duen Euskal Literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizuna martxoaren 17an.
Testamendu Zaharrean sugeak Ebari esandako hitzak abiapuntu hartuz idatzi du Irati Jimenezek bere azken lana, Begiak zabalduko zaizkizue izeneko saiakera literarioa.
Euskal literaturaren azterketa sakonaz gain, ariketa literarioa egiteko eta baloratzeko tresnak eskaintzen dituen lan mardula, narratibazko bere lanen estilo literarioan idatzitakoa. Urteetako ikerkuntza lana biltzen duen lan hori oinarri hartuta osatu du Euskal literaturaren historia sobrenatural bat izeneko ikuskizuna.
Bideo-lanen eta musikaren laguntzarekin egindako proposamen eszeniko bat, abadeek idatzitako literatura pobre bat kontsideratu izan dena hori askoz gauza interesgarriagoa dela frogatzen duena eta euskal literaturaren ozeano ilunean bidaiatzera gonbidatzen gaituena. Gure literaturaren botereaz jabetu gaitezen eta orain arte ezezagunak zitzaizkigun lurraldeak deskubritzerakoan, bere edertasun hordigarriak lilura gaitzan.
Martxoaren 18an Hedoi Etxartek Sortaldekoak aurkeztuko du. Bere hirugarren poema liburua da, memoria pertsonalari, eguneroko bizitzari, iragan intimoari eta genealogia familiarrari buruzko 64 poemek osatuta. Aldi berean, ikus-entzunezko hiru pieza osatu ditu. Lehena Zerua eta sua izan zen, bigarrena, Usozaleak eta hirugarrena, oraindik plazaratu barik, Merced karrikatik gatoz.
Unibertso poetiko hau aurkezteko poeta nafarrak Broken Brothers Brass Band eta Xabier Erkizia soinu gile aparta, bildu ditu eta diziplinarteko sorkuntza harrigarri bat eszenaratuko du.
Martxoaren 21a eta 22an bi literatur lanen aurkezpenak egingo ditugu Elkar dendetan.
21ean Uxue Alberdik eta Araiz Mesanzak Hili aurkeztuko dute. Liburu ilustratu honek heriotza du hizpide. “Adin batetik aurrera, hil egingo garela ulertzen dugu, ulertzen saiatzen gara”, horixe da proiektuaren abiapuntuko hausnarketa. Haurrengan pentsatu du Uxuek aurrenetik: “Hilda egotea zer den ulertzen saiatzen da haurra, eta ihes egiten dio zerbaitek”; liburuaren ekarpena, ordea, ez dago haurrei mugatua, heriotzaren inguruko galdera-erantzunak ez direlako inoiz erabakita geratzen.
22an Maribel Aiertzak Ezer ez da dirudiena azken lana aurkeztuko du. Aiertzak saiakerak eta haur eta gazteentzako hamaika lan argitaratu ditu.
Ezer ez da dirudiena azken lanak Van Gogh margolari ospetsuaren ezkerreko belarria ikusgai jarri duen erakusketa du abiapuntua liburu honek. Artea gai eta giro, zortzi narrazio hauetako narratzaileak eta protagonistek ertz ezberdinetatik arakatuz artearen paisaia fisiko eta emozionalak bistaratuko dituzte. Artean ezer ez da dirudiena eta (ez) dirudien horrekin jolasten den gisa artista jolastu da idazlea, fikzioa eta
errealitatearen arteko jolasa eta ariketa literarioa uztartuz, margolari baten gisa, paleta koloretsua eskaintzeko irakurleari.
Eta Loraldia Festibalaren azken egunean, ohikoa denez, geroari begira jarriko gara. Hausnarketa poetiko hau kate begi berri bat da orain arte Loraldiaren edizio guztietan lotu ditugun amaiera ekitaldietan. Bertan literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dira eta etorkizunari begira paratzen gara. Geroa eta oraina gurutzatzen diren lekua izango da berriro ere Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioa.
Alaine Agirreri eskatu genion Geroari begira jartzea eta horren ondorioz Gerorik balego testu originala eta zirraragarria sortu du. Idazkia abiapuntua dugu ikuskizun hau ehuntzeko. Testu literarioarekin batera bi bertsolari (Oihana Bartra eta Nerea Ibarzabal) eta musikari bat (Olatz Salvador) arituko dira eszenan.
Juan Carlos Eguillorren sormenak emango dio hasiera festibalari. Eguillor 2011n joan zitzaigun arren irudi-ondarea hilezkorra utzi digu.
Diziplina anitzeko artista izan zen: komikia, ilustrazioa, lan grafikoa, bideo esperimentala eta Net art landu zituen.
Pott Bandarekin harreman emankorra izan zuen. Ruper Ordorikaren “Hautsi da Anphora” diskoaren azala diseinatu zuen collage batean. Bilbo Hiriko leherketa bat. Musika-azal honetatik abiatuta erakusketa bat ikusgai izango da Biran (Erronda Kalean).
Biran izango den erakusketatik 7 kaleetara abiatuko gara. Bisita gidatu bi antolatu ditugu martxoaren 10ean, ostegunarekin. Gurutze kaleko Agirre Lehendakariaren etxea, Barrenkale eta Barrenkale Barrena, Rio-Oja jatetxea, Arriaga Antzokia, Areatza, Plaza Barria…, besteak beste, ikustatuko ditugu, Eguillor Mundua hobeto ezagutzeko asmoarekin.
Martxoaren 20an, igandearekin, bermutaren ordua artearekin partekatuz gozatuko dugu. Martzana kaian kokaturiko Marzana arte galerian dugu hitzordu hau. Bertan Xaloa Ipiña artistaren erakusketa ikusteko aukera izango dugu. Bidaide herri-musika izango dugu, Baigorritik datozen Xendarineko Ahizpen ahotsekin. Bi kantari hauek Pirinioetako maldetako herri-kantak a capella jokatuko dituzte. Hirugarren osagaia vermuta izango da. Acha upeldegiak sortzen duen bermutak historia luzea du eta historia hori kontatzera Imanol Sarasola sommelierra etorriko zaigu. Begietan hormetako pinturak, belarrietan herri-kantak eta ahoan bermuta. Hiru esperientzia bat egina. Igandeari ezin zaio gehiago eskatu.
Esan bezala, Loraldia Terminala, gazte sormenerako harrobia da Loraldiak aurtengo edizioan aurkezten duen berrikuntzetako bat.
Zorrotzaurreko irlan dagoen La Terminal espazioa hartuko dute euskal gazte adierazpen anitzek martxoaren 12an: graffitia, beatbox, pop eta musika elektronikoa, DJ, teatroa…
Egun osoko programazio honek gure unibertsoko jende gazteari plaza eskaini nahi dio. La Terminal aretoan sei ikuskizun plazaratuko dira.
Goizean Bilbronx berreskuratuko dugu (graffiti eta Beatbox), arratsean, berriz, teatroa, musika, literatura eta arte plastikoak izango dira proposamen berritzaile honen partaideak. Bost espazio dituen kultur-industria honetan balore berriak deskubritzeko aukera eskaini nahi dugu. Terminal honetatik sormen berria aireratzeko prest.
Goizean doako graffiti tailerra eta Euskal Herriko beatbox lehiaketaren 5. edizioa antolatu dugu. Bertan, Euskal Herriko zortzi beatboxer onenak lehiatuko dira, hurrengo txapelduna nor izango den erabakiko duen lehen mailako epaimahai baten aurrean. Munduko azken txapelduna, Colaps (Frantzia), gonbidatuen artean izango da. Aurkezlea Rayko izango da.
Arratsaldean adierazpen ezberdinetarako tartea izango da.
Kresala dantza taldeak Aztarnak. Mihisean dantza aurkeztuko du. Dantza eta arte plastikoak uztartzen dituen ikuskizun ikusgarria. Ekintza perfomatibo honen bidez, fluxus mugimenduaren moduan, euskal dantzaren praktika artistikoa arte plastiko eta grafikoaekin bateratzen da. Dantzariek mihise zuri baten gainean dantza egingo dute eta sortutako keinuaren eta aztarnaren bidez mihisea lohituko dute. Hasiera batean, ekintza kontzeptuala baino ez dena, fisikoki gorpurtz-prozesua eta memoria kolektibo baten emaitza ikusiko da. Memoria hori ikusleek mihisearen gainazalari buruz egindako erregistroaren eta ikusizko kontazikuznaren bidez asimilatu, ezagutu eta barneratzen dute.
Ondoren teatroa izango dugu, Xanti Agirrezabalaren eskutik, Satiro lana aurkezteko.
Satiro: sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia. Gizonezko lizun, likits, zantar eta harigizkoa. Basoetako jeinua, erdi gizona, erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena. Ardoa edaten, jolastatzen eta dantza ibiltzen zena. Satiro ez da zure desirak, zure nahiak, zure fantasiak, zure erotika. Satiro zu da. Dena haragia, dena gorputza.
Bakarrizketa honek Xanti Agirrezabalaren lan pertsonala da. Dantzerti ikasketak
amaitu eta plazaratu duen teatro-lan laburra. Eduardo Galeanoren testu honetatik
abiatu zen: “Elizak dio gorpuza erruduna dela. Zientziak dio gorputza makina bat
dela. Iragarkiak dio gorputza negozioa dela. Gorputzak dio: ni festa bat naiz”.
Gorpuztu sorkuntzak Maria Oses, idazlea, Idoia, musikaria, eta Libe Argoitia, ilustratzailea, batu ditu, eta bakoitza bere diziplinaren mugetatik haratago joan nahiak bultzatu du elkarlana. Ikuskizun honek gorputza du abiapuntu, eta gorputza jomuga: azala, aurpegia eta odola dira proiektu honen hiru hariak. Duela gutxi argitaratutako Fereka liburua (Maria Oses eta Libe Argoitia) eta Ilun eta Abar diskoa (Idoia) oinarritzat hartuta, emanaldi berezi bat sortu dute sortzaile gazteek. Hiruron barrenak elkartzen diren puntuan kokatzen da Gorpuztu izeneko lan berri eta erakargarri hau.
Gauean JMartina taldeak pop elektroniko musika ekarriko du. Talde bizkaitarrak base elektronikoak ahots melodikoekin uztartzen ditu sortzen dituzten kantuetan.
2020an argitaratu zuten lehen lana, Camaronen “Viejo Mundo” abestian oinarritutako “Mundu Zahar” abestia. Ondoren, beste hainbat lan plazaratu dute: Su, Desira, Beste Zerbait eta Errekan Behera, besteak beste.
Etorkizunarekiko belaunaldien arteko ardura islatzeko nahia azaleratzen da J Martinaren doinuetan zein letretan.
Eta egun berezi hau dantzan bukatuko dugu, Noemi DJrekin. NOEMI DJaren atzean, neska gazte beltzaran handi bat dago. Erritmo latinoak eta dantzagarriak nahastuz dantzan jarriko gaitu. Gaztea izan arren esperientzia eta indar handia ditu, eta inportanteena… gogoa eta motibazioa. Bere ondoan izango du DJ Kool hondarrabitarra. Honekin batera, gazte sormenari eskainitako jardunaldia amaituko da. Festa giroan trap, reggaeton, dancehall, rap, house, elektronika… soinuen bidez dantzan.
Berria egunkariak babestuko du ekintza hau.
Aurreko edizioan abiatutako Bozak esperientzia digitalaren bigarren edizioa da hau. Berriro ere bi musikari bildu ditugu: Liher taldearen arima den Lide Hernando, alde batetik, eta bestetik, Maddi Oihenart, Zuberoako boza. Biek ala biek Maddalen Arzallusen solasaldian parte hartuko dute.
Emakumea eta euskal eszenari buruzko iritziak entzungo ditugu eta ipar-hegoa harremana aztertuko dugu. Gainera, Itziar Ugarte poeta gonbidatuko dugu iritzia ematera. Hitz-aspertuaz gain, musikarien kantak ere plazaratuko dituzte. Launa melodia aurkeztuko dute zuzenean. Bi mundu hurbil bidegururtze batean. Lide Hernando rock mundutik dator eta Maddi Oihenart herri kantatik. Guggenheim aretoan bertan gozatzeko ikuskizun hau streamingen bidez ere ikusi ahal izango da, loraldia.eus eta eitb.eus webguneetan.
Loraldia festibalak baditu aurten lau ekintza doako eta osagarri.
Lehenengoa, Ikusle Kluba ekimena, arte eszenikoak interpretatzeko dinamika berritzailea. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak martxan jarri du eta publikoaren hausnarketa kitzikatu eta antzerkira hurbiltzeko bide berriak zabaltzera dator.
Mira Hadi, Eulalia Abaitua andre-begietan ikuskarira joateko asmoa daukaten lagunekin burutuko dugu.
Doako ekintza da eta bi saio ditu: bata, ikuskizuna hasi aurretik, dinamika bat planteatuko zaiela parte hartzaileei. Eta ikuskizuna amaitutakoan ikusle klubeko taldea berriro bilduko da, balantzea egiteko.
Bigarren ekintza Beatbox tailerrak da. Lantegi hauek antolatu ditugu hiri-kultura sustatzeko asmoarekin. Ahotsarekin jokatzea eta gozatzea nahi duten guztiok gonbidaturik daude. Ez da esperientziarik izan behar. Tailer parte hartzaileak dira.
Zer da beatboxa? Nola dago konektatuta hiphop kulturarekin? Nola egin musika tresnarik gabe, zure ahotsa baino ez erabiltzen? Galdera horiei guztiei erantzungo diegu beatboxaren hastapen-tailer honetan.
Otsailaren 6an, igandearekin, Zorrotzaurreko La Terminalen izango da lehen tailerra eta bigarrena kalean izango da. Martxoaren 11n, ostiralarekin, Evaristo Churruca kaian.
Martxoaren 26 eta 27an Dantzertik antolatutako Arrakala jardunaldiak egingo dira.
Hiru hitzordu eskainiko dizkigute.
Martxoaren 26an, larunbatean, Euskal Herriko Kaleko-Arteak: oraina eta etorkizuna mahai-ingurua izango da Dantzertin. Bertan parte hartuko dute Agurtzane Intxaurragak (Hika), Garbitxuk (Deabru Beltzak) eta Jon Kepa Zumaldek (Markeliñe). Moderatzaile lanetan Nerea Lorente (Hortzmuga).
Martxoaren 26an, larunbatean, Natalia Mongeren eta Dantzertiko ikasleen arteko elkarlanean sortutako dantza erakustaldi bat eskainiko dute. Dantzerti aurreko Ibarrekolanda plazan. Dantzertiko ikasleek Natalia Monge koreografoak gidaturiko bi tailerretan parte hartuko dute eta kale-erakustaldi hau tailerren ondorioa izango da.
Martxoren 27an, igandean, Hortzmugak eta Dantzertiko ikasleek sorturiko kale-antzerki erakustaldi bat plazaratuko da. Aurreko egunetan burututako bi tailerren ondorioz, Dantzertiko ikasleek, Hortzmuga taldeko profesionalen gidaritzapean, Arriaga Plaza hartuko dute kale-ekinaldi harrigarri batekin.
Eta martxoan zehar, Loraldiak festibalaren inguruko erakusketa egingo du Metro Bilbaon.
David Herranzek zazpi urteko ibilbidean zehar eginiko lan zoragarria ikusgai izango da. Horrela, festibala zertan datzan eta zeintzuk diren helburuak nabarmen eta erakargarri erakusten dira.
Erakusketa Abandoko geltokian egongo da ikusgai martxoaren 1etik 15era; eta
martxoaren 16tik 31ra Zazpikaleak geltokian.
Loraldia Festibala burutu ahal izateko, ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza. Edizio honetan, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak. Hauekin batera, Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dugu baita ere.
Bestalde, Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta elkarteen arteko elkarlana sustatzen du eta ekimen ugari kolaborazioari esker plazaratzen dira.
Zortzigarren edizio honetan ere, badira elkarlan bereziak: Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea (EKE), Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programa, Berriak babestutako ekintza, Elkar, ZAWP, Kuraia, Izar&Star, Dantzerti, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, La Fundición eta MetroBilbao.