Loraldia Festibalaren 9. edizioak euskarazko kultur adierazpenen mailarik gorenena erakutsi du

Loraldia Festibalaren 9. edizioa

Loraldia Festibalaren 9. edizioak euskarazko kultur adierazpenen mailarik gorenena erakutsi du

  • Loraldiak oso balorazio positiboa egin du Loraldia Festibalaren 9. edizioaren alderdi guztietan: maila artistikoan, aurkeztutako proposamen artistiko guztien kalitate handia; entzulegoak erantzun positiboa eman du; eta Loraldia Festibalak beste behin ere mugarri kultural historikoak lortu ditu.
  • Loraldiak 4.207 ikusle baino gehiago bildu ditu 17 egunez burututako 25 ekintzetan eta 14 gune ezberdinetan.
  • Aurtengo edizioan 150 artista baino gehiagok hartu dute parte Loraldian eta, beste behin ere, une paregabe eta errepikaezinak eskaini dituzte.

 

Loraldiak Loraldia Festibalaren 9. edizioaren balorazioa egin du. Bederatzigarren edizioaren aldarrikapena kultura mailua dela erakustea zen eta mailukada ederrak jaso eta eman ditugu. Balorazio positiboa egiten dugu arlo guztietan.

Ekinaldien kalitate artistiko maila handia azpimarratu nahi dugu. Kultur erreferente handiak izan ditugu edizio honetan eta une gogoangarriak bizi izan ditugu. Horiekin batera, sortzaile gazte eta hasi berriak, kalitate handiko proposamenekin, interesgarriak eta ekarpen handikoak. 

Hiru astez, Bilbo euskaraz sortutako kultur adierazpenen erakusleiho handia bilakatu da. 14 gune ezberdinetan 150 artista baino gehiago pasatu dira Loraldiatik.

Loraldia sendotu da eta erreferente bilakatu da. Gizartea Loraldiaren zain dago eta festibalak ekarriko duenaren zain. Ikuslegoaren erantzuna aparta izan da eta zenbait ekintzetarako sarrerak iragarri orduko agortu egin dira.  Loraldia festibalaren 9. edizioak 4207 lagun bildu ditu burututako 25 ekintza horietan, aretoen %77a betez.

Aipatzekoak aurtengo kultur eragile erreferenteak: Gabriel Aresti, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Benito Lertxundi, Ines Osinaga, Kukai, Castillo Suarez… Eta sortzaile gazteen harrobiaren indarra. Loraldia batean bizi gara: ErrE, Formol, Habia, Silitia,…

Zalantzarik gabe, euskarazko kultur sortzaileen belaunaldi berriak bide eta ikuspuntu berri bat egiteko eta erakusteko nahia dakar berarekin.

 

Loraldia Festibalaren 9. edizioaren datuak

Loraldia Festibalaren 9. edizioak 17 egunetan zehar 25 ikuskizun ezberdin eskaini ditu Bilboko 14 gune ezberdinetan.

Aurtengoan 150 artista baino gehiagok parte hartu du, sortzaile eta artista gazteen kopurua nabarmen gora egin duela. Erreferente handiak izan ditugu gurean eta baita sortzaile gazteak ere.

Ikusle kopuruari dagokionez, festibalak eskaini dituen 25 ekinaldi horietan 4.207 lagun bildu dira. Eta areto eta espazioen betetzea %77ekoa izan da.

Ezin ahaztu Loraldia festibalaren lagunen komunitatea, Lorazainak. Edizio honen bukaeran 2.220 lorazain ditugu, aurrekoan baino 269 gehiago.

Balorazio artistikoa

Kolosala izan da! Egundoko festibala plazaratu dugu 2023ko negu amaiera eta udaberri hasiera honetan. Ikusgarria, hunkigarria, berritzailea eta gogoangarria! Kalitate bikaineko sormenak ikusgai izan dira 17 egunetan. Euskal kultugintza loraldian dagoela esan dezakegu. 

Aurreko bederatzi urteko lana nabaria da. Eskarmentua metatu dugu. Hainbat emanalditan ikuslez lepo. Inoiz baino ikusle gehiago. Teknikoki emanaldi guzti-guztiak bikain eszenaratu dira. Edizio biribila izan da bederatzigarrena.

Ikusle andanak eskertu du (hainbat aldiz zutik eta txalo zaparradarekin) gure iruditeria berriaren festa hau. Maiz hitzak labur geratu dira adierazteko edizio honetan bizi izan dugun esperientzia liluragarria.

“Kimu bat zuhaitzan” kantatu zuen Benito Lertxundirekin batera Arriaga Antzokian. Hazi hori Loraldian erein dugu.

Stone Country

Tiriki Tauki Tauki mailuaren hotsak zabaldu zuen bederatzigarren edizioa. Gabriel Arestiren Euskal Harria lantzen aritu gara hiru aste luze hauetan. 

Sonia Gonzalez idazlearen hitzetan “Stone Country” da gurea.

Zeren plantak egiten gabiltza orain? Egia bat esateagatik, inor ez gaude prest, nonbait, eskua, mihia, izena, aulkia galtzeko” adierazi zuen Barakaldoko poetak “Bilbon dabil Gabriel Arestiren” bazkaria-ikuskizunean. Hasi ziren erraiak berotzen.

“Apur dezagun katea” kantatu genuen segidan. Egun oso bat Arestiren eskutik eman genuen Bilbon zehar eta gurekin batera Andere eta Nerea, Arestiren alabak. Zenbat diogun zor Arestiri.

Artearen xedeaz mintzo ginen eta kantutan Arestiren erantzuna: “nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde…”. 25 ikuskari, 25 mailukada. “Nire poesia mailu bat da” abiapuntutzat hartuta Loraldiak euskaldunen bihotzak astindu ditu, berriro ere.

Ibaizabal itsasadarrean zehar Bilboko bost metaformosiak behatu ahal izan genituen eta Zorrotzako portuan aldarrika ibili ginen: “Beti paratuko naiz gizonaren alde”

Otxarkoagara ere ailegatu zen Festibala. Arte bisualek euri zaparrada azpian argiztatu zuten ibilbide arestiar bat gure hirian zehar. “Jainkoa Otxarkoagan jaio da” Arestiren ipuinetik abiaturik, zer nolako etorkizuna nahi dugun Bilborentzat galdetu genuen lau azotara.

Etiopian zegoen anphora

“Bilbo da Aresti” adierazi zuen Bernardo Atxagak lehen emanaldian, “Hautsi da Anphora Zuzenean” aurkezten zuen bitartean. 

Poesiaren lagunik onena musika dela aitortu zuen eta horrelaxe bere lehen poemek (Etiopia) denboraren muga gainditu dute. Belaunaldiz belaunaldi heldu zaizkigu Ruper Ordorikaren kanten hegoetan. Anphora hautsita, unibertso berri bat zabaldu zen eta bertan nabigatzen du Loraldiak belak betean. 

Gaurko soka-dantzak

Iraganarekin hautsi behar izan genuen iruditeria berri eta garaikidea izateko. Horren isla Kukai Dantza Konpainiaren sormena dugu.

 “Eta orain zer” hogei urteko uztaren ospakizuna da. Soka-dantza du abiapuntu eta estetika distopiko batean kokatzen da. Argiek eta zuzeneko musikak izugarrizko ikuskizuna ontzen dute. Dantzak, berriz, giza-elkartasunaren metaforak izan daitezke. Eskutik helduta soka-dantzek esperantzari leiho bat zabaltzen diote. Formatu handiak eta espazio zabalaren erabilerak ezohiko eta harrigarria den ikuskaria eraiki dute, oraingoan.

Australiako kangaroo-ak

Australiara abiatu ginen Martin Etxebarriaren poesiaren eskutik. Cook esploratzaileak bertoko biztanleei galdetu zien ea arratoi handiko itxura duten animalia haien izena zein zen. “Kangaroo” erantzun zioten. Ingeles kolonialistak animaliaren izena zela pentsatu zuen, baina berez “ez dut ulertzen” ari omen ziren esaten. Kondaira hau poema bihurtu du idazleak. 

Zaila da ulertzea mundu arraro hau eta Martin Etxebarriak, Oier Aranzabalaren gitarraren laguntzaz, erantzunak baino galderak egiten ditu haren liburuetan.

Gutik nira

Anonyme Popular gure historia laburrean ikusi dugun bertsolaritzatik sortutako artekfakturik ederrenetako bat izan da. Gozatu ederra hartu genuen. Garaikide oso, estetikan eta mezuan. Paradigma aldatzeko eskaintza bat. Gutik nira salto egiten duen diskurtsoa. Kontakizun ironikoa, gizarteari begiratzeko modu bat. Zalantzak eta galderak sortarazten dituena. Igor Elortzaren berbek eta Rafa Ruedaren musikak sortutako giro garaikidea, berriro ere, mailukada bat izan zen. Etengabeko hausnarketa ezinbestekoa geroari aurre egiteko. Kolokan jar dezagun geure burua, arte handiak egiten duen bezalaxe.

Bas(h)oan hegan

Euskal abangoardia bada Axiari familia eta Joseba Irazokiren esku eta ahotsetan aurkituko dugu. Bas(h)oan proiektuak ez du etiketarik, erabat berritzailea baita. Gaur egun bigarren alea ari dira prestatzen eta Loraldian lehen kantak eta bigarrenerako sormen berriak tartekatu ziren.

Beñat Axiariren bozak hamaika erregistro ditu eta denak erabat harrigarriak dira. Joseba Irazokiren gitarra doinuak mundu psikodelikotik zeharkatzen dira abangoardiazko giroak sortzen. Julen Axiari, berriz, perkusioan maisua da. Loraldiara laugarren lagun bat ekarri zuten baxuaren doinua uztartzeko: Oihan Oliarj-Ines. Laukote honek sekulako kontzertua eskaini zigun.

Musikari hauen mugak lauso dira. AEBetako Baltimoren sortu zen Robbie Basho kantugilearen kantak ondu zituzten eta kantu berrien artean Itxaro Bordaren poemak aurkitu genituen. Amaiera adean Zuberoako aireak busti zuen Itsasmuseumeko aretoa.

Surrealismoaren iraulia

Arte bisualak ditugu gaur egungo eszenan oso nabarmen bizten den sormena. Aurtengo Loraldian ere espazio ikusgarria izan dute: Bilbo – Otxarkoaga, biola bat edo mailu bat, Galerna. Azken Bidaia, Mauriziak ez du inor hil eta Suirrealismoa ikuskariak arte bisualetan oinarritzen dira.

Logela Multimediak Suirrealismoa eraman zuen Arriagako eszenatokira. Esan bezala, ikus-entzunezkoek eta dantzak bat egiten zuten eszenan. XX. mendeko surrealistek munduaren begirada irauli zuten, Logela Multimediak, berriz, ehun urteren buruan begirada hori gaurkotu du. Sormen-lan biziki ikusgarria. Zaragozatik zetorren Circle of trust izeneko break-dance konpainiarekin elkarlanean.

Irlanda eta Euskal Herria bidegurutzean

St Patrick”s Day ospatzen da munduan zehar, Irlandari begira. Loraldiak ere Irlanda eta Euskal Herriko kulturak bidegurutzean jarri zituen.

Alde batetik, Marmara, kresala usaia darion hirukotea, eta beste aldetik, The Potes, folk-rock basatia jotzen duen taldea. Horrela, Marmarak gaelikoz bi kanta kantatu zituen, biolin bat lagun. Horrez gain, lekittarreraz beste hiru, bukatzeko klasiko bat:  “Whiskey in the jar”. 

The Potes taldeak, berriz, The Poguesen moldaketak eta euren kantak tartekatu zituen. Sekulako festa! Dantza eta kanta gorputza akitu arte. 

Halako batean, McOnak taldeko bi musikari agertu ziren eszenatokian: Joseba Iturraspe eta Irati Irizar. McOnakeko “Tabernako argiak” kantatzean, azken pub ixten imaginatu genuen, kanpaia jotakoan. “Gau magikoa” esan zuen Joseba Iturraspek. Ahaztezina bizi izan genuenontzat.

Melodiei darien lur lurrina

Azken erraldoia heldu zen Arriaga Antzokira. Gutxitan ikusi dugu Arriaga Benito Lertxundiren kontzertuan bezalaxe. 1003 ikusle, Pariseko Opera itxura duen antzokiaren txoko guzti-guztiak gainezka zeudelako. 81 urterekin igo zen eszenatokira, 60 urte kantari (Orioko bardoaren lehen emanaldia 1963an kokatzen da) eta 29 kanta eskaini zituen Loraldiak antolatutako emanaldi arrakastatsu honetan. Kontuan harturik 135 minutuko kontzertua eman zuela, zenbaki hauek guztiak erraldoiaren parean daude. 

Iribar, Athleticen atezain mitikoa, aipatu zuen hasieran. Biak ala biak belaunaldi baten ikurrak. 

Jarraian, bidaia zoragarri batera gonbidatu gintuen. Ibili-ibilian aritu ginen, Arratia, Zuberoa, Auritz, Baldorba, Orio, Lisboa (“Nahiago nuke”), Ternua (“Kimu bat zuhaitzan”), Irlanda (“O Carolan”)… lurraldeetan barna. Lur usaina dute Lertxundiren melodia xarmangarriek. “Oi lur, Oi lur” (1974an sortua) Lizardiren poema musikatua ere berreskuratu zuen gure memoriatik. 

“Bizkaia Maite” ezinbestekoa zen Bilbon. Jose Angel Irigarairen hitzak sekula baino ederrago entzun genituen. Zinez, ikusle batek baino gehiagok malkoa isuri zuen, zirrara eutsiezinez. Lete eta Laboa joan zitzaizkigun, Lertxundik zutunik dirau, eszenatokiaren erdian.

Elurra ari du

Alaskan dirua egindakoan altxatu zuten Alaska izeneko hotela Etxegarate errepide zaharrean. Orain errepidea ez da bertatik pasatzen eta hotela abandonaturik dago. Leku honek eman dio inspirazioa Castillo Suarezi poesia lan eder bat sortzeko. Elurra ari du maiz poetaren testuetan, desolazioaren edertasuna bilatuko balu bezalaxe. Juantxo Zeberioren pianoak, berriz, atmosfera erromantikoa jarri zuen.

Erdi Arora egin genuen jauzi Konthairaren eskutik. Durangoko kolektibo honen laugarren sormena Loraldian eta guztietan ikerketa historiko sakon baten isla proposatzen dute. Oraingoan, Elur Zuri (Edurnezuri) ipuinaren inguruan musika, dantza eta kontakizuna uztartu dute garai hartako iluntasunean.

Filosofia solasaldia edizio honetako bitxikerietako bat izan da. Olatz Mitxelena eta Iñigo Martinez batu ziren hitz-aspertuan, Batak fikziotik, “Arrain hezur bat eztarrian” ipuin liburua idatzi baitu, eta besteak saiakeratik, “Pantailen garaipena” liburua plazaratu berri, gaurko gizartea dute helburu. Begirada zalantzatiaren bidez, gure bizitzaren giltzak aztertzeko baliogarriak. Ikusezinaren defentsa sutsua.

Milia Lasturko Balada

Mauriziak ez du inor hil performancea heldu zen. Ines Osinagak eta Lorea Argaratek gidatzen duten kolektiboak Alondegiko esperimentazio gela atondu zuen Eulalia Abaituaren argazki zaharrekin. Emakumeen begiradak. Site specific moduan asmaturiko ikuskizun berritzailea dugu. Hau da, ikuskaria egun eta espazio horretarako moldatua, ez da berriro berdin errepikatuko.

Ikus-entzunezkoak, artista baten zuzeneko margoak, dantza eta batez ere hainbat kanta uztartzen ditu proposamen artistikoak. Errepertorioan antzinako bi balada. “Leixibatxoa” eta “Milia Lasturko” Bietan emakumeak protagonista. 

Nabarmendu beharrean gaude “Milia Lasturko” XV. mendeko testu honen musika ez dela heldu gure garaira eta saiakera bat baino gehiago izan dela testuari dagokion melodia bat asmatzeko. Ines Osinagak, berriz, estreinatu zuen a capella melodia bat aipatu testu historiko horrekin. Ederra baino ederrago. 500 urteren buruan berpiztu zen. Kontuan izan behar dugu tratu txarrak jasan zituen Miliaren balada hura debekaturik izan zela garai ilunetan. Emakume pobreari buruzko euskarazko bertso hauek gailendu dituzte denboraren mugak, Ines Osinagari esker.

Cromlech bat bezalako zirkulu bat itxi genuen. Hamabi egun lehenago, Ibaizabal ibaian zehar egin genuen ibilbide arestiarrean “Milia Lasturko” balada ere aipatu eta aztertu genuen. Arestik “Euskal Harria” poema idatzi baitzuen hitz zahar horiek erreferentzia harturik. “Zerutik erori gabeko harria…”

Aupa Maurizia! aldarrikapen oihu bihurtu da azken aldi honetan eta horrela erabili zuten Alondegian plazaratu zen ikuskarian. 

Afrikatik gurera

Tetuan izena du Iratxe Fresnedaren hirugarren ez fikzioak. Oraingoan hiru bizitza puskak ditugu protagonista. Hiruretan migrazio-lekukotasun bat dago. Hasieran, Tetuanetik Arrigorriagara zinegilearen aita nola heldu zen kontatzen digu. Familia baten memoria eta gure memoria kolektiboa. Atzerritik zenbat etorri ziren Euskal Herrira lan egitera. 

Beste biak gaurko migrazioak dira. Mohamed Saharatik eta Irina Errumaniatik. Ez hangoak, ez hemengoak. Gure etorkizunaren partaideak.

Eztanda egin zuen

Azken txanpan La Terminalen sartu ginen bost sentikarirekin gozatzeko. La Terminal gazte sormenaren plaza da eta gazte hauek ondo ederto erakutsi ziguten zer datorren. 

eRRe bertso-teatroa da eta egungo sistema zalantzan jartzen du, beste bide bat zabaltzeko gogoarekin. Mailukada handi bat. Gure estatusa hankaz gora. Kritika eta ironia nagusi begirada berri bati esker. Armadura estututa kendu nahian dabilen gazte taldea. Eskertzekoa da horrenbeste zintzotasun zorrotz.

Nor ez da inoiz galdu? patinen gaineko koreografiak dantza egiteko modu berri bat ekarri zuen. Ikusgarria zinez, Jon Estefane eta Naroa Ruiz, bi dantzarien mugimenduak Natalia Mongeren zuzendaritzapean. Musika zuzenean Enara Gonzalezen ahotsari esker. Arte sormen originala.

Zerutik gertu izan ginen Habia hirukoteak ehuntzen duen musikaren poderioz. Biolina, biola eta biolontxeloa uztartzen ziren boz joku liluragarriekin. Habia, Iparraldetik datorren taldea, gure sustraietatik abiatzen da gaurko musika klasikoa plazaratzeko. Kontzertu xarmangarria, inolako zalantzarik gabe. 

Jarraian, egun honetako bigarren mailukada handia: Formol. Teatro konpainia gazte honek Album izeneko ikuskari performatiboarekin eztanda egin du gure arte eszenikoen eszenan. “Kontainerrak erretzetik Lib-dupak egitera jauzi egin duen herria gara” bota zuten beste hamaika perlen artean. Testuak ez du ezer soberan. Dena da jomuga. Dena da ironia. Dena zalantza. Publikoak islaturik ikusten zuen bere burua eta barrez lehertzen zen. 

Formolek antzerkigintza aro berri bati eman dio hasiera. Ostrukek bezalaxe, ondo jakin dute kamuflatzen. Hainbat ikuslek “une historikoa” izendatu zuten emanaldia. Gazte hauek bigarrenez hautsi dute gure anphora!

La Terminaleko ateak itxi baino lehen Silitia musika bikotea igo zen eszenatokira. Estetika harrigarri baten laguntzaz, musika elektronikoa jorratzen dute batez ere. Soinu garaikideak, apurtzaileak, sendoak… kantaz kanta eta bukatzeko Franco Battiatoren “Grabitatearen zentruaren” moldaera. Nabaria da arte mundutik datozela.

Azken egunean, Guggenheimera abiatzen gara festibaleko azken sormenarekin gozatzera. Beti da ezberdina. Beti da esperimentazioa. Literatura, bertsolaritza eta musikaren uztarketa honek une gogoangarriak eman dizkigu sarritan. Aurten ere bai.

Danele Sarriugartek telefonoa hartu eta istorio bat kontatu digu, hiru zatitan. Lehena: banaketa baten drama. Bigarrena: popperra drogaren azalpena. Hirugarrena: afterra, gaupasa baten ondorioa. Utopia helmuga, Queer bidea. Binarismoa gailendu eta bizimodu berri baten aldarrikapena egin du Elgoibarreko idazleak. Giro ezin hobea jarri dio Miren Narbaizak teklatua, gitarra eta loopak erabiliz. 

Bertso trama ehuntzen Amaia Agirre izan da eta bertsoak inprobisatzen Maddi Ane Txoperena eta Maider Arregi. Utopiaren bidean  “gaur eta bihar leku bera dira” kantatu dute bertsolariek. Denen artean oso emanaldi dotore eta hunkigarria sortu dute. “Mundu hau ez da!” salatu ere. Eta festibalari amaiera bat emanez: “segi dezagun eraikitzen euskaraz eta euskaratik” kantatu dute azken koplan.

 

Laguntzaileei eta babesleei aipamen berezia

Loraldia Festibalak erakundeen, eragileen, sortzaileen eta beste batzuen laguntza du.

Bederatzigarren edizioan Gabriel Aresti Kultur Elkartea izan dugu bidelagun egun bateko programazioa ontzeko. Euskal Kultur Erakundearekin lotutako hitzarmenari esker, Iparraldeko proposamenak Bilbora ekartzeko aukera du Loraldiak. Elkar Fundazioaren laguntza izan du literatur aurkezpenak egiteko. Berria egunkariak ekintza bat babestu du. ZAWPk elkarteak La Terminal espazioa lagatu digu. Eta, urtero bezala, Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programaren babesa izan dugu. KOT markaren laguntza jaso dugu aurten.

Eta euskal hedabide ugarik bat egiten dute Loraldiarekin, ekintzak eta sortzaileen lanak hedatzeko: Berria, Gara/Naiz, Deia, Kmon, Bilboko Uriola, Hiruka, Anboto, Aikor, Aiaraldea, Begitu, Gaztezulo, Radio Euskadi, Euskadi irratia, Euskadi Gaztea, Naiz irratia, Bilbo Hiria irratia, Bizkaia irratia eta SER Bilbao.

Azkenik, Loraldiak bereziki eskertu nahi die Loraldia Festibalaren lau babesle nagusiei emandako laguntza. Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxa Loraldiarekin izan dira aste hauetan. Zuen laguntza, laguntza eta adorea izan dugu.