-->
loraldia-festibalaren-lehenengo-astea-arrakasta-handiz-burutu-da-eta-bigarrenerako-erronka-handiak-begi-bistan

Loraldia Festibalaren lehenengo astea arrakasta handiz burutu da eta bigarrenerako erronka handiak begi bistan


  • Lehenengo asteko balorazioa ezin hobea da, zortzi emanaldietatik, zazpitan sarrerak agortu dira.
  • Bigarren asterako erabateko estreinaldiak eta proposamen berritzaileak ditu Festibalak.

 

Loraldia Festibalaren lehenengo astea iragan da. Balorazio orokorra ezin hobea da, ekintza guztietan ikusle kopurua handia izan da eta ia guztietan sarrerak agortu baitira. Bigarren asteari begira erronka handiak ditugu begi bistan, estreinaldiak eta ikuskari bakar eta berezi batzuekin.

Loraldia Festibalaren laugarren edizioko lehenengo astean arlo ezberdinetako zazpi ekintza ezberdin jorratu dira, zortzi emanalditan. Horietako zazpitan sarrerak agortuta izan ditugu. Beraz, Loraldia Festibaleko arduradunen balorazioa ezin hobea da, ikuspegi ezberdinetatik, gainera.

Ikusle kopuru eta sarreren salmentaren aldetik, esan bezala, ia ekintza guztietan sarrerak agortu izan dira. Batzuetan, zoritxarrez, publikoa kanpoan geratu da.

Bestalde, sortzaileak oso eskertuta agertu dira, Loraldiak sortze prozesu berrietan murgildu, eremu ezberdinak landu eta proposamen berritzaileak plazaratzeko aukera ematen dizkielako.

Aste honetan zehar erabateko estreinaldiak izan ditugu, mota ezberdinetako ekintzak eta oso espazio anitzetan, gainera; areto handietara heltzea lortu da eta baita ohikoak izaten ez diren beste leku txikiago eta xumetan ere presentzia izan du Festibalak.

 

Lehenengo asteko balorazioa

 

Esan bezala, Loraldia Festibala indar eta gogotsu hasi zen. Aurretik mota anitzetako ikuskari eta ekintza ezberdinen 30 aukera 22 egunetan eta Bilboko hogei bat espazio ezberdinetan.

Lehenengo tarte honetan euskal kulturarako garrantzizkoak diren zenbait ikuskari burutu izan dira: erabateko estreinaldiak, sormen proposamen berriak eta eremu zabaletan murgildu izan da Loraldia Festibala. Ekintza motaren ikuspegitik, mota askotarikoak izan dira: musika, teatroa eta literatura nagusiki.

Kultur eremu berrietan murgildu gara lehenengo aste honetan; espazio berrietara heldu gara, bai fisikoak eta bai sorkuntza aldetik eta, oro har, euskal kulturaren alorrean ikuspuntu berriak ekaini ditugu. Beste begirada batekin ikusteko proposamena eta aukera berriak arakatzeko atrebentzia. Azpimarratzekoa, gainera, Loraldiak sortutako produkzio eta ikuskari berri hauek Euskal Herriko beste leku batzuetara eraman eta eskaintzeko beharra, Imanolek zioen bezala, Lau haizetara, Bilbaotik Euskal Herrira.

 

Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok? mintegiarekin hasi genuen aurreko astelehenean aurtengo Loraldia. Mintegi honetako lehenengo saioan argi geratu zen transmisioaren garrantzia. Belaunaldi berriek gure aurretik izan dena ezagutzearen beharra azpimarratu zuten Gotzon Barandiaranek eta Rafa Ruedak. Azken finean, izan direlako gara eta garelako izango dira.

Asteartearekin Xabier Amurizak Neska bat leku inposiblean nobela aurkeztu zuen. Amurizaren mezua eta ondorioa, literatura nazional baten beharra dugula. Beste herriek badauzkate lekuko erreferentziazkoak diren lan eta egileak. Euskal Herrian ere faktore honetan sakontzea beharrezkoa dugu.

Martxoaren 7an Anton Abbadia, Diblinetik Hendaiara antzezlanaren erabateko estreinaldia izan genuen Arriaga Antzokian. Bi emanalditan eta bietan sarrerak agortuta. Lan honek Anton Abbadiaren pertsonaiaren bizitzan sakontzen du. Patxo Telleriak Loraldiaren lehenengo ediziorako sortutako gidoian oinarrituta, Oier Guillamen zuzendaritza pean eta Txomin Heguyren pertsonifikazioarekin, Anton Abbadiak beste perspektiba bat hartu zuen. Hau ezinaren egitearen istorio bat izan zen, euskaldunon historian maiz gertatu den antzekoa. Ezinezkoari aurre egiteko ahalmena erakusten du lanak.

Oholtzan, teatroa eta musika maila berean eta parean: Txomin Heguy Antton Abbadiaren paperean; eta Mixel Ducau, Xabi Zeberio eta Alaia Philips Ducau musikagileak. Gainera, ahots berri baten aurkezpena suposatu zuen, Alaia Philips Ducaurena, hain zuzen ere.

Antzezpen xume honetan kalitatea nabarmendu zen, xumetasun horretan gauzatu zen maila handia.

Hurrengo egunean, martxoaren 8ko greba feministaren hitzordu bereziaren egun berean, Izarok bere disko berria Eason aurkeztu zuen Arriaga Antzokian. Izarok ate berri bat zabaldu du euskal musikagintzan. Urte luze batez kontzertu hau prestatzen ibili ondoren, antzokia beteta, publikoa gogotsu egin zion harrera kantari gazteari. Emakumeen Nazioarteko Eguna eta greba eguna zen eta Izarok oholtza gainetik aldarrikapenekin bat egin zuen: kontzertua gelditu eta, une batez, emakumerik gabeko egoera irudikatzeko ariketa egitea proposatu zion publikoari: emakumerik gabe emankizun horretako lantalde erdia ez zen bertan izango, bera ere ez, baina bera ez egotekotan, publikoa egoterik ez luke zentzurik izango. Bigarren aldarrikapen baterako aukera izan zuen baita ere, Mikel Urdangarinekin batera errefuxiatuaren aldeko eta gerraren kontrako kantua eskaini eta mezua bota baitzuen.

Ostiralarekin festibalaren lehenengo asteburuari ekin genion. Amorante eta Mursego kontzertu batean bildu genituen. Biak euskal musikagintzaren alorrean ekarpen berritzaileak badira, elkarrekin proposamen fresko, berritzaile, dibertigarri eta ezberdina bilakatzen dira. Euskal musikagintzan eremu eta alor berriak jorratzen dituzte, bertotik abiatuta baina munduko beste eraginetik edanez. Banpiro maitaleak bilakatu zitzaizkigun oholtzan eta beraiekin batera publikoa. Askorentzat, aurkikuntza eta ahoa bete hortz harrituta jarraitu zuten bi artista handi hauen emanaldia.

Baina oraindik bazen beste hitzordu bat gau honetan. Mikel Martinez aktoreak bere taberna den Cafe Bar Bilbaon Tabernaria, instrukzioak botatzeko ondo bat kaña antzezlana estreinatu zuen. Patxo Telleriak berarentzat sortutako gidoian oinarrituta, lanak dramaturgia bikaina erakusten du, atzekoz aurrera sortutako pasartean. Telleriak, beti bezala, mundu eta eremu berriak ikertzen ditu ikuslea ez ustekoan harrapatzeko. Edukien aldetik, azken aldian hainbat ahotan dugun turismoak ekar dezakeen kalteei buruz aritu zen. Eta Mikel Martinezek publikoa erakarri zuen hasieratik.

Larunbatean Imanol kantariaren kanturik berezienak jazz estilora ekarri genituen, lau musikari handien eskutik: alde batetik, Karlos Gimenez eta Iñaki Salvador piano joleak, bata bestearen ondoan, jolasean eta publikoa liluratzen eta beste eremu batzuetara erakarriz inprobisazio uneei esker. Bestalde, bi ahots zoragarri: Ainara Ortegarena, maisutasun eta goxotasun handiz ikusleak bereganatu zituena; eta Petti Bera, ohituta ez gauden bere beste erregistro batera eraman gintuela.
Ikuskari honen bidez beste behin ere Loraldiak erreferentziazkoa den izen eta sortzaile bat mundu berrietara eramatea lortu du.

Eta asteburua bukatzeko, Euskalduna Jauregian Herejeen alaba emanaldia izan genuen igandean. Joseba Sarrionandiaren Kristalezko bihotza Narrazioak lanaren kontakizunean oinarrituta, Ander Berrojalbizek burututako ikerketa historikoa eskaini zigun, Erdi Aroko musikaz girotuta. Duela 30 urte sortutako goi mailako literatura lana oinarri, Ander Lipusen ahotsean irakurrita, musikaz lagunduta eta ondoren Berrojalbizek bere ikerketaren ezaugarri nagusiak kontatu zizkigun. Ikuskari xumea bada ere, maila handiko edukia daukana.

 

Bigarren asteari begira

Bigarren asteko proposamenak berriro ere mota askotarikoak izango dira, literatura, musika eta dantza arloko ikuskariekin. Erabateko estreinaldiak eta ikuskizun bakar eta bereziak izango ditugu.

Literaturaren alorrean, asteartean Ekaitz Goienetxeak Zaldi mamarroa nobela aurkeztuko digu.

Asteazkenean Ruper Ordorikaren unibertsora hurbilduko gara, beste behin ere, ekarpen berrien bitartez, euskal musikagintzan izarrak diren beste egile batzuen eta Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoienen eskutik. Ekintza, Dabilen harriari so, azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat eta Kafe Antzokian.

Hurrengo egunean eta ostegunarekin Arriaga Antzokiko produkzio baten estreinaldia izango dugu, Hiru Emakume.

Asteburuari bi proposamenekin emango diogu hasiera. Isturitzetik Etiopian barrena ikuskariak modu berritzailean literatura, musika eta ikus-entzunezkoak bilduko ditu. Honen oinarrian literatura arloko Artze eta Atxaga izen handien lanak.
Eta ondoren, gastronomiari lekua egingo diogu, Baigorritik Carcarrera. Euskal Herriko ardoetan zehar bidaia bat ardo dastaketa musikatuaren bitartez.

Larunbatean dantza proposamenei bereziki eskainitako asteburuan murgilduko gara. Sagartu, Hika teatroa eta Oinkari dantza taldearen lana, lehenengoz antzoki batean egingo dela.
Eta igandean, beste dantza bi ikuskizun: goizean eta hiru emanalditan, bereziki Kukaik Loraldirako sortutako Oteizak 110 ikuskaria eskainiko du; Euskalduna Jauregiko espazio eta ikusleekin lotura bilatuko du antzezpenak. Eta iluntzean, Mikel Laboaren maisuaren lanean oinarritutako Lekeitioak ikuskaria estreinatuko du Mizel Theret dantzariak.

 

Loraldia2018-bigarren astea

 

Iruzkinak