-->
loraldia-festibalaren-spot-ean-artelan-iraungaitzaren-obra-bat-sortu-dugu

Loraldia festibalaren spot-ean, artelan iraungaitzaren obra bat sortu dugu


Loraldia festibalaren 4. edizioko spot-a festibalaren aurkezpenean erakutsi dugu, Azkuna Zentroan egin dugun ekitaldian.
Spot honek istorio polita dauka atzetik. Izan ere, artelan iraungaitz bat sortu dugu Loraldian, eta Loraldirako.

Urtarrilaren 31ko goizean grabatu genuen, Urdaibaiko San Antonio hondartzan, Abiña auzoan. Goiz hotza atera zitzaigun, baina haizeak eta argiak artelana sortzeko laguntzen zuen, beharrezko baldintzak baitziren eta sorkuntza baldintzatzen zutenak, gainera.

Robert Garay land art artistak, Danel Garay laguntzaile izan zuena, irudikatu behar zuen marrazkiaren geometria sortu zuen arean. Irudi honek Loraldia logoaren A letra irudikatzen zuen eta arean marraztuta, 160 metro karratuko azalera betetzen zuen. Bi ordu eman zituzten artista hauek marrazkiaren geometria hau osatzen.

Baina artelana osatzeko beste artista batzuk gonbidatu genituen. Rober Garayrekin batera Izaro Andres kantaria, Mikel Martinez aktorea eta Kukai dantza konpainiako Izar Aizpuru eta Eneko Gil dantzariak izan genituen. Bosten artean, arrasteluak eskutan, lanari ekin eta irudiaren A erraldoiari arearekin eman zioten izan behar zuen forma eta itxura.

Helburua letra hura oso ongi identifikatzea zen eta horren irudi zoragarriak lortzea. Honetarako, ikuspegirik ederrena goitik hartutakoak eskaintzen du. Eta helburu honekin eta prozesu guzti honen testigantza grafikoa izateko, Santi Yañiz argazkilariaren laguntza izan genuen. Santik ibilbide luzea du argazkigintzan eta hainbat urtetako eskarmentua mendi, paisaia eta naturako argazkigintzan. Azkenaldian, dronekin irudiak hartzen espezializatu da eta Dronegrafika sortu du.

Lana bukatuta, A osoa sortzea lortu genuenean, naturari utzi genion bilakaera hori bukatzea. Eta ordu batzuk beranduago itxasoak artelana irentsi zuen.

Artelan iraungaitza sortu genuen. Loraldian eta Loraldirako. Eta sortu genuen bezala desagertu zen.

Baina prozesu guzti horren laburpena hemen duzu:

Iruzkinak