Loraldia Kultur Elkarteak Gaztea egitasmoa martxan jartzen du, gazteei zuzendutako udako sormen egonaldia eta programazio egonkorra La Terminalen

Loraldia Kultur Elkarteak Gaztea egitasmoa martxan jartzen du, gazteei zuzendutako udako sormen egonaldia eta programazio egonkorra La Terminalen

  • Loraldia Kultur Elkarteak Gaztea lan- lerroa martxan jarri du, gazte-sormena sustatzeko helburuarekin, gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzeko, formazioa eta plaza eskainiz.
  • Bi alor lantzen ditu Loraldia Gazteak: alde batetik, Loraldia Terminala espazioa gazte-sormenaren gune bilakatzea, Bilboko La Terminal aretoan programazio egonkorra sortuz.
  • Bestetik, uda honetan lehenengoz martxan jarriko den Udako Ola sormen-egonaldiak Lekeition. Gazteek formakuntza jasoko dute eta esperimentatzeko aukera izango dute. Saioak profesionalek eskainiko dituzte eta lau arlo ezberdin jorratuko dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako ekimena da.

Loraldia Kultur Elkarteak Gaztea ekimena aurkeztu zuen aurreko urteko bukaeran. Lan lerro honen helburuak gazte-sormena sustatzea da, gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea, formazioa eta plaza eskainiz, elkarteak berezko dituen baloreak sustatzea, kultur aniztasuna islatzea eta diziplina aniztasuna, sormen-egonaldiak eskaintzea eta gazteen harremanak euskaraz sustatzea.

Gazteak bi alor jorratzen ditu: alde batetik, gazteek sortutako sormen proposamenak eskaintzea La Terminal espazioan programa egonkor batekin. 

Eta bestetik, Udako Ola, transmisioa lantzeko, sormena sustatzeko eta  bide propioa egiteko sormen gune berri baten proposamena. Udako Ola udan Lekeition egingo dituen sormen egonaldiak.

 

Gazte-sormenaren plaza Loraldia Terminalean

Loraldia Terminalean euskal gazte-sormenaren harrobia ezartzea du helburu Loraldia Kultur Elkarteak.

Euskara Unibertsoko kimu berriei eskaintzen zaien ekosistema berria da Loraldia Terminala. Gazte sormenaren plaza da, gazteei, sortzaile berriei, eskaintzen zaien eremu berri bat. 

La Terminal aretoan kokaturik dago. Haceriak Arteak elkarteak kulturgune bihurtu duen lantegi zahar eta handian, sortzeko eta plazaratzeko aukera izango dute gazte euskaldunek.

Izan ere, Zorrotzaurreko kultur eremua Bilboko etorkizunari begira diseinatuta dago. Irla horretan Loraldia Festibalak etorkizunari begira dagoen esperientzia berri bat sortu du: LORALDIA TERMINALA. Gazte Sormenaren Harrobia. Loraldia Festibalaren 8. edizioan egin da aurten lehen saiakera, egun oso batez La Terminal eraikinean gazteek sortutako lanak plazaratuz.

Asmo honek aurrera egingo du programazio egonkorra izan nahi duen honekin. Horrela, hilean behin, gazteek sortutako mota askotariko euskarazko proposamen artistikoak eskainiko dira bertan.

Datozen hilabeteetarako programazioa prest 

Datozen hilabeteetarako programazioa prest dago.

Apirilaren 8an musika izango da nagusi, Bilboko AMOOMA taldearen eskutik, 22: 00etan.

AMOOMA 2018ko abenduan sortutako taldea da, funk, rap, soul eta musika beltzeko azpigeneroen nahasketa proposatzen duena. Proiektua hainbat jatorri musikaleko zazpi kidek osatzen dute, eta horrek, aniztasuna taldearen ezaugarri bihurtzea erraztuz, kantu bakoitza haize freskoaren ahokada bat bezala sentiarazten du.

Banda bateria, gitarra, baxua, saxofoia, tronpeta, tronboia, teklatua eta ahotsak osatzen dute. 

Maiatzak 13 

  • 19:00, T2: ARIMA ZIMELDUA. Dantza garaikidea
    Izaro Urrestarazu eta Maider Mulone
  • 19:30, T5: MAITASUNA BAINO HANDIAGOA DEN SENTIMENDU BAKARRA. Antzerkia
    Nerea Lizarralde (antzezlea) eta Ines Aresti (idazlea).

Ekainak 10, 17, 24 

  • 19:30, T5: ERREFUSA. Antzerki laburra
    Amets Larrea eta Aitzol Iraola

Ekainak 10

  • 20:00, T4: ILARGI. Musika, kontzertu akustikoa

Loraldia Udako Ola

Udako Ola transmisioa eta sormena lantzeko Loraldia Kultur Elkarteak antolatu dituen 6 eguneko egonaldi kulturalak dira

Lehenengoz burutuko dira aurten eta Lekeition egingo dira. 18-25 urte bitarteko gazteei zuzenduta, 50 lagunentzako esperientzia eskaintzen da, bi txandatan: ekainaren 27tik uztailaren 3ra lehenengoa eta uztailaren 4tik 10ra, bigarrena.

Transmisioa landuko da. Gazteei gaurko erreferenteak ezagutzeko parada eskaini, sormena sustatu eta bide propioa egiteko sormen guneak zabaltzea da asmoa.

Sei egunez gazteek Lekeitioko Trinkete Etxea Ostatuan izango dute aterpe eta formakuntza tailerrak eskainiko zaizkie egunero, lau arlotan egituratuta: hitza, soinua, irudia eta gorputza.
Sortzaile profesionalek gidatuko dituzte saio hauek, besteak beste: Patxo Telleria, Iratxe Fresneda, Jokin Oregi edota Itsaso Arrieta. Honez gain, sortzaile batzuen sormena hurbiletik ezagutzeko aukera izango dute: Miren Agur Meabe, Eñaut Elorrieta, Mursego, Mikel Martinez… bisitan hurbilduko dira egonaldiaren egoitzara eta saio berezia eskainiko dizkie.

Aldi berean, gazteek euren sormen batean lan egingo dute egonaldian zehar eta azken egunean Lekeitioko herriaren aurrean erakutsiko dute.

Gainera, Abbadia Jauregira bidaia egingo da baita ere.

Izena emateko epea zabalik

Ekimen honetan izena emateko epea zabalik dago jada eta apirilaren 29an itxiko da. Loraldia Kultur Elkartearen webgunearen bitartez eman dezakete izena gazteek, bertan dagoen inprimakia betez

Loraldia Kultur Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du proiektu hau bideratzeko. Eta Lekeitioko Udalak, Euskal Kultur Erakundeak eta Zinemazaleak elkarteek lagunduko dute.