Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriaga, euskarazko kultura garaikidearen proposamenez gozatzeko bi asteburu
- Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga programa berriak Bilboko Loraldia festibalak beste herri batzuetan eskaintzen dituen esperientziez gozatzea proposatzen du.
- Lehenengo aukera Zaratamon eta Arrigorriagan emango da. Irailaren 30ean eta urriaren 6tik 9ra bitartean hainbat jarduera eskainiko dira bi herri hauetan: musika, literatura, dantza, bertsolaritza, gastronomia eta zinema.
- Loraldian ohikoa denez, sortzaile erreferenteak izango ditugu, baita figura berriak ere. Besteak beste, Joseba Sarrionandia, Ines Osinaga, Kukai, Iñaki Salvador, Ainara Ortega, Angel Unzu, Alaine Agirre edo Olatz Salvador.
Gaur goizean aurkeztu da Arrigorriagan Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga, Bilboko Loraldia festibalaren esperientzia beste herri batzuetara hurbiltzen duen Loraldiaren kultur proposamena. Zaratamo eta Arrigorriaga izango dira programa berri hau estreinatuko duten herriak.
Aurkezpenean parte hartu dute: Maite Ibarra, Arrigorriagako alkateak; Ostaiska Gabiria, Zaratamoko alkateodeak; eta Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduradunak.
Loraldiak urtero antolatzen du Bilbon eta udaberrian Loraldia Festibala, euskaraz sortutako kultura garaikidearen proposamen berritzaile eta gaurkotuenak erakusten dituena.
Sustatzaileen helburua esperientzia horiek Euskal Herriko beste herri batzuetara hurbiltzeko aukera izatea izan da. Eta horrela, Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga festibala errealitate bihurtu da Zaratamoko eta Arrigorriagako udalen ekimenari esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Bi asteburutan hainbat motatako kultur adierazpenez gozatzeko aukera izango da bi herrietan.
Irailaren 30ean, Zaratamon, eta urriaren 6tik 9ra, Arrigorriagan, herritarrek musika, dantza, literatura, bertsolaritza, gastronomia eta zinemarekin lotutako proposamenez gozatu ahal izango dute.
Ekitaldiak bi herrietako hainbat gunetan banatuko dira, eta helburua da Loraldia esperientzia bi herri horietako eta inguruko herritarrei hurbiltzea.
Ohi bezala, euskaraz sortutako kulturaren erreferenteek eta eszenako figura berriek hartuko dute parte. Besteak beste, Joseba Sarrionandiak, Ines Osinagak, Kukaik, Iñaki Salvadorrek, Ainara Ortegak, Angel Unzuk, Alaine Agirrek eta Olatz Salvadorrek hartuko dute parte.
Programazio artistikoa: sei ekitaldi bost egunetan eta bi herritan
Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga irailaren 30ean hasiko da Zaratamoko Kultur Etxean eta bertan Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak Katuen kontuak ikuskizuna eskainiko dute. Literatura eta musika uztartzen dituen eta bidaia musikal bihurtzen den proposamena.
Urriaren 6tik 9ra ekitaldiak Arrigorriagara eramango dira.
6an zinemaren txanda izango da. Iratxe Fresnedak, jatorriz Arrigorriagan bizi den zinemagileak, martxoan estreinatuko den Tetuan bere hirugarren dokumental luzeko irudi batzuk estreinatuko ditu esklusiban.
Trilogia bat ixten duen ikus-entzunezko tresna hau nola filmatu den entzuteko aukera izango dugu.
Urriaren 7an, ostiralarekin, bi ekitaldi izango ditugu.
Gelajauziak koreografia izango da Abusuko Kultur Etxean, Kukai konpainiaren eskutik. Gelajauziak azken urteetako koreografia handienetako bat da, eta bi Max irabazi ditu. Kukaik tradizioa berrinterpretatzen du eta Cesc Gelabert katalanarekin elkarlanean proposamen artistiko guztiz garaikidea aurkezten du.
Ondoren, Arrigorriagako Udaleko erakusketa aretoan Gerorik balego izango da, literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen proposamena. Arrakasta handiz estreinatu zen joan den martxoan Loraldia festibalaren edizioan eta orain arte ez da berriz eskaintzeko aukerarik izan. Loraldiak, orduan, etorkizunean pentsatutako testu bat eskatu zion Alaine Agirreri. Hortik sortu zen Gerorik balego. Abiapuntua Olatz Salvadorren soinu-banda eta Maider Altuna eta Arkaitz Zipitria bertsolarien erantzuna izango dira.
Urriaren 8an Lonbo aretoan, Laboa. Txoria nuen maite ikuskizuna bizitzeko aukera izango dugu. Iñaki Salvadorrek sortutako Loraldiaren ekoizpena. Salvadorrez gain, Ainara Ortegak, Angel Unzuk, Maria Berasartek, Javier Mayor de la Iglesiak eta Hasier Oleagak hartuko dute parte. Taldeak Mikel Laboaren dozena bat abesti mitiko berrinterpretatuko ditu.
Eta urriaren 9an, igandean, Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga itxiko dugu proposamen gastronomiko-musikal batekin, Topa dagigun. Kantak eta bermuta. Musikari dagokionez, Pauline & Juliette, bata Kanbokoa (Lapurdi) eta bestea Madagaskarrekoa, nahiz eta txikitatik Itsasun bizi den, euskal musika herrikoia abiapuntu duen kontzertua eskainiko digute.
Abestien artean topa egingo dute eta Euskal Herriko vermutik zaharrenetako bat ezagutuko dugu, Bodegas Acha. Imanol Sarasolak, etxeko sommelierrak, Imanol Sarasolak (Acha Upeltegiak) gidatutako dastaketa batean irakatsiko digu.