Gorputza atzean utzi proiektuak eskuratu du Loraldia Sormen Digitala Beka

Loraldia - sormen digitala beka

Gorputza atzean utzi proiektuak eskuratu du Loraldia Sormen Digitala Beka

Gorputza atzean utzi izeneko egitasmoak eskuratu du Loraldia Sormen Digitala Beka. Proiektu honen helburu nagusia gorputzaren gaia bere dimentsio sozial, teknologiko eta politikoarekin erlazionatuta jartzea da.
Formatu artistiko anitzak uztartuko ditu eta bakoitzak dimentsio desberdina ematen dio ohiko fisikotasuna gaindituko duen gorputzari, bai ahotsa eta literaturarekin, bai soinu eta irudi digitalarekin.

Gorputza atzean utzi egitasmoaren arduradunak EHU-UPVko irakasle talde bat dago: Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga.

Loraldiak Sormen Digitala Beka baterako deialdia egin zuen 2022ko abenduaren bukaeran. Beka honen helburuak euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaintzea dira

Lehen edizio baterako deialdia izan da eta 10.000,00 €ko ekarpena izango du bekak. Ekarpen honekin, bekaren onuradunek aurkeztutako proieku digitalaren sorkuntza prozesua eta plazaratzea lagunduko dira.

Aurkeztutako proiektuak

Abenduan hasitako prozesuan otsailera arte zabaldu zen proposamenak jasotzeko epea. Guztira, 16 proiektu aurkeztu dira Loraldia Sormen Digitala Bekaren deialdi honetan.

Aniztasuna izan da hautagai ezberdinen proposamenen artean ezaugarririk nabarmenena: onlineko jokoak, euskara hizkuntzaren didaktikara zuzendutakoak, dantzaren sustapenean oinarritutako bat, webserieak, musikagintzarekin lotutako zenbait, kultur agenda digitala edota arte eszenikoetan oinarritutako beste zenbait izan dia hautagaiek aurkeztutako proposamenen ardatzak.

Oinarrietan azaldu bezala, proiektu bati bakarrik esleituko zaio beka eta epaimahaikideek lau finalista hautatu ondoren, proiektu hauetako arduradunek elkarrizketa batean euren egitasmoa defenditzeko aukera izan zuten. Azkenik, aho batez aukeratu zen Loraldia Sormen Beka Digitala eskuratuko duen egitasmoa: Gorputza atzean utzi.

Gorputza atzean utzi

Gorputza atzean utzi proiektuak diziplina eta formato anitzak uztartuko ditu: bideoa, audioa, webgunea, sare sozialak eta arte eszenikoak. Honen atzean EHU-UPVko irakasle talde bat dago: Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga.

Proiektu honen helburu nagusia gorputzaren gaia bere dimentsio sozial, teknologiko eta politikoarekin erlazionatuta jartzea da.
Formatu artistiko bakoitzak dimentsio desberdina ematen dio ohiko fisikotasuna gaindituko duen gorputzari, bai ahotsa eta literaturarekin, bai soinu eta irudi digitalarekin.

Proiektua zuzeneko lan performatibo bat, partitura polifoniko baten edo pista anitzeko banda baten egitura izango duena, non disziplina artistiko ezberdinak ikus-entzunezko dispositibo digital baten inguruan uztartuko diren.

Hari narratiboa Katixa Agirrek idatziko du gorputza eta posthumanismoaren inguruan. Hona bere oinarrizko proposamena:
Harrigarria benetan teknologiak eskaintzen dizkigun aukerak egun.
Holograma bihurtuta -argi bihurtuta- munduko beste puntan agertu gaitezke. Metabertsoan sartuta nahi duguna bihurtu gintezke han (gizona, emakumea, adarbakarra, Maradona…). Eta areago: dena digitalizatzeko gaitasuna dugunean, kontzientziak barne, gorputza atzean utzi ahal izango dugu. Gaixotzen, zahartzen eta hiltzen den gorputza ahaztu ahal izango
dugu? Hori al da gizateriaren hurrengo urratsa? Heriotzarik gabeko espazio infinitua izango dugu eskura orduan, baina buklea bihurtuko zaigu orduan bizitza -hasiera edo amaierarik gabeko dantzaldi zoroa- edo aurrera egiteko moduak topatuko ditugu, besteekin saretzen eta hurrengo pausoan pentsatzen?

Gorputza eta teknologia uztartzen duen proiektu honek bilaketa bat planteatzen du: gorputza eta gero zer? Eta oinarrizko galdera batetik abiatzen da: datu huts bihurtuta… gizaki gara oraindik ere?
Narrazio klasikoetan bezala, hemen ere norbaitek bidaiatzeari ekiten dio… baina oraingo honetan gorputza atzean utzita.

Egikaritzea

Proiektuaren sormen prozesuari hasiera eman zaio dagoeneko. Arlo administratiboak eskatzen dituen baldintzak burututa, sormenarekin hasi da lantaldea.

Esperimentaziorako eta ikerketarako tartea hasi da eta 11 hilabetez luzatuko da sormena. 2024ko martxoan, Loraldia festibalaren 10. edizioan, emaitza aurkeztuko dugu.