Loraldia Terminala, gazte sormenaren harrobiari eskainitako programazioa Loraldia Festibalaren 9. edizioan
- Iazko edizioan abiatutako esperientziari jarraikiz, Loraldia Festibalak sortzaile gazteen sormenari eskainiko dio egun osoko programazioan, La Terminal espazioan, hain zuzen ere.
- Martxoaren 25eko arratsalde-gauean bertsolaritza, teatroa, musika eta dantza emanaldiak izango ditugu La Terminaleko espazio ezberdinetan.
- Loraldia Terminalean Erre, Habia, Formol, Silitia eta dantza patinetan izango dira. Balore berriak deskubritzeko aukera paregabea.
Loraldia Terminala dugu iaz sortu genuen eremu berria. Deustuko irlan kokatutako sormen berriaren harrobia. Martxoaren 25ean arratsaldean hasi eta gauean bukatuz, gazte sortzaileei aukera eta plaza eskainiko dio Loraldia Festibalak 9. edizio honetan.
Ekintzak bata bestearen atzetik eskainiko dira, La Terminaleko espazio ezberdinetan.
Arratsaldean zehar, teatroa, musika, tradizionala eta garaikidea, eta bertsolaritza uztartuko dira.
Proposamen berritzaile hauek kultur-industria honen lau espaziotan eszenaratuko dira. Balore berriak deskubritzeko aukera paregabea. Terminal honetatik gaurko sormen berria aireratzeko prest.
Bost ekintza izango dira guztira.
ErrE. Aldarri bat bertsoz
Jendartea, oro har, dikotomien edo binarismoen baitan antolatzen dela gauza jakina da; eta mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko.
Hortik abiatuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz.
Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere badute lekua. Genero-ikuspegia ardatz hartuta, aztertuko dira LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma, beste dualismo batzuekin batera.
Noiz ez da inor galdu?
Dantza garaikidea patinetan ez da ikusi ohi dugun sormen-lana. Arte esparru berrietan esploratzeko asmoarekin “roller dance” edo dantza patinetako koreografia txiki hau aurkeztu nahi dugu. Enara Gonzalezek kanta bat sortu eta zuzenean joko du. Jon Estefane eta Naroa Ruiz Monge patinetan arituko dira Natalia Mongeren zuzendaritzapean.
Koreografia honek badu istorio bat kontatzeko gogoa. Hiru gazte hauek horrela definitzen dute:
“Galduta nauenean betiko lekura noa, bakardadera. Beldur naiz besteei kontatzeko. Egia esan, ez dakit ezta nondik hasi ere ez. Neure buruan aurkitu baino besteengandik maitasuna itxaroten dut.
Zer garrantzitsua den gure buruari gauza politak esatea eta indarra emotea! Baina, ez da horren erraza. Nor ez da galdu inoz galderetan, jakin barik erantzuna barruan dagoela?”
Habia
Nafarroa Behereako Bastidan kokatzen diren hiru musikari hauek herri kantak eta musika klasikoa uztartzen dituzte. Berez taldea 2019an sortu zen Animalia izeneko ikuskariaren sorkuntza inguran. Kristof Hiriart dute zuzendari artistiko eta berak hiru soka-jole eta kantarientzat piezak hautatu zituen. Lehen diskoa plazaratu dute eta denok harritu dituzte herri kantak musika klasikoaren estetikarekin harilkatzen.
Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak plazaratzen dituzte. Amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala, sentitzen gara Habiaren musika entzutean. Hiru musikariek momentu goxo bat proposatzen digute, indartsua eta maliziaz josia.
Album. Formol
Zer egiten du ostruka batek arrainontzi batean? Ba al dago denon bistan egon eta ezkutatzea baino gauza miserableagorik? Derrigorrezkoa al da belaunaldi bat hiltzea hura omendu ahal izateko?
Asko hitz egin izan da gazteoi buruz. Millennialok oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu ezinean gabiltzanaren diagnosia jaso du Formol taldeak. Ondorengo hitzekin definituak izan dira: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinarik gabeak, bizitzan galduak, gainformatuak. Ados, sintomatologia guzti hori gure gainean zamatuko dugu. Gure belaunaldiaren etiketen jabe bihurtuko gara. Nor gara gu?
Ikerketa hau ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat. Formol Laborategiaren lehen Albuma da. Ongi etorri gure kaiolara.
Silitia
Berri Txarrak, Belako eta El Columpio Asesino taldeak bezalaxe, Silitia Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazleak izan dira 2022an. Silitia bi artistaren proiektua da. Ibai Silicato lekeitiarra eta Xabier Barrutia bilbotarra etengabeko hedapen artistikoan daude. Hasieratik esperimentazio izan dute bidelagun eta sortzen duten musika etiketatik at kokatzen da. Euren hitzetan punky-funky-elektro-euskal-rock musika egiten dute. Melodia argiak, bateria robotikoak eta 80ko harmakadako baxuak gogorarazten dituen musika, hain zuzen ere.
Eragin eklektikoetatik abiatuta, euren abestietan batzuetan hit diskotekeroak, beste batzuetan post-punk baladak eta beste batzuetan pop fina entzun daiteke. Zuzenean, ia bikote komiko bat gisa aurkezten dira, proposamen oso ausartak plazaratuz.
Pasa den udako biran nabarmendu beharrean dago BBK Liven eginiko emanaldia.