Loraldia Terminala: gazteei bereziki zuzenduta dagoen Loraldia Festibaleko eremu berria
- Loraldia Terminala euskal sormen gaztearen harrobi berria da, Zorrotzaurreko irlako La Terminal espazioan gauzatuko dena. ZAWPen laguntzarekin sortu du Loraldia Kultur Elkarteak eta Berriak babestuko du jardunaldia.
- Gazteen sormenaren txoko honetan sei ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da: Goizez Bilbronx bueltatuko da, graffiti tailerra eta Euskal Herriko Beat-box txapelketaren 5. edizioarekin; arratsaldez, musika, literatura, teatroa eta arte plastikoen munduetako artista berriak deskubritzeko aukera egongo da.
- Egun osoko ekitaldi honetan euskal kulturaren sortzaile berriak ezagutzeko aukera egongo da Zorrotzaurreko La Terminal aretoan. Partaideen artean Kresala Dantza taldea, J Martina, Xanti Agirrezabala, Libe Argoitia, Maria Oses, Ekiñe Casado, Iraitz Agirre eta Noemi DJ aurkitu daitezke.
Loraldia Festibalaren zortzigarren edizio honetan gazteek eszenatoki propioa izango dute: Loraldia Terminala. Euskal Herriko sortzaile gazteek beraien ekarpenak plazaratzeko aukera izango dute Zorrotzaurreko irlan, martxoaren 12an.
Egun osoko ekimena izango da, eta bertan euskal kulturaren alde ezberdinez gozatzeko aukera egongo da. Alde batetik, aurreko edizioetan aurrera eramandako “Bilbronx” berreskuratu da, graffiti tailerrarekin eta Euskal Herriko 5. Beat-Box txapelketarekin batera. Bestetik, egunean zehar dantza, teatroa, literatura eta arte plastikoetan zentratzen diren ekintzak antolatu dira. Ekimen hauek guztiak helburu zehatz bat daukate: euskal unibertsoaren sortzaile berriei aterpea ematea.
ZAWP elkartea eta Loraldia Kultur Elkartearen arteko elkarlanaz sortutako ekintza izango da. Eta Berria egunkariak babestuko du.
Bilbronx
Euskal kultura urbanoaren ordezkaritza da Bilbronx. Ekitaldia bi atal nagusitan banatuta dago. Goizeko 12:00etan Jow artistak graffiti tailer bat eramango du, horma, spray poteak eta irudimena erabiliz. Graffiteroak 7 urteko esperientzia dauka, eta sentimenduak horman islatzen lagunduko dio tailerrera joaten den edonori.
12:30ean Euskal Herriko Beat-box txapelketaren bosgarren edizioa ospatuko da. Euskal Herriko zortzi beatboxerrik onenak lehiatuko dira hurrengo txapelduna izateko, eta lehen mailako epai mahaian munduko azken txapelduna (Colaps frantziarra) egongo da, besteak beste.
Aztarnak. Mihisean dantzan
Kresala dantza taldeak Aztarnak. Mihisean dantzanikuskizun esperimentala prestatu du Loraldia Festibalerako. Dantzariek mihise baten gainean arituko dira, eta, oinak margotuta dituzten heinean, oihalean aztarnak utziko dituzte dantza eta arte plastikoak batzen dituen ekintza performatibo honetan. Ekitaldia 18:30ean izango da, La Terminalean.
Gene Yurre dantzari eta koreografoak 1968an sortu zuen Kresala Dantza taldea eta 1993tik Faustino Aranzabalek zuzenduada. Kresala Dantza Taldea aitzindaria da Euskal Herrian euskal dantzaren bide berrien bilaketan.
Satiro
Xanti Agirrezabalak Dantzertin ikasketak amaitu ondoren aurkezten duen lehen lana da Satiro. Bakarrizketa honetan, artistak erdi gizona, erdi animalia den izaki mitologikoa pertsonifikatzen du: gizakiaren sexu-instintu gordinenak irudikatzen duen izaki hori. Lan pertsonal honen ideia Eduardo Galeanoren testu batetik abiatu da: “Elizak dio gorputza erruduna dela. Zientziak dio gorputza makina bat dela. Iragarkiak dio gorputza negozioa dela. Gorputzak dio: ni festa bat naiz”.
Teatro-lan labur hau 19:30ean ikusi da La Terminalean.
Gorpuztu
Irudia, musika eta literatura elkar nahastuko dira Gorpuztun. Libe Argoitiak irudiak, Ekiñe Casadok eta Iraitz Agirrek musika eta Maria Osesek hitzak jarriko ditu Loraldia Festibalerako bereziki eginda dagoen lan berri eta erakargarri honetan.
Ekiñe Casadok eta Iraitz Agirrek musikaz josiko dute ekitaldia.
Libe Argoitia ilustratzaileak eta Maria Oses idazleak Fereka poesia-bilduma ilustratua autoeditatu berri dute. Gai askori buruzko poesiak biltzen ditu, egunerokotasunari buruzkoak; heriotza, kontraesanak… Eta Libe Argoitiak horiek guztiak bere irudiekin borobildu ditu.
J Martina
J Martina hirukote bizkaitar batez osatuta dagoen pop elektronikoa lantzen duen musika taldea da. Orain dela bi urte argitaratu zuten lehenengo lana, eta Loraldia Terminalera etorriko dira beraien diskoa berria aurkeztera. Kontzertua 22:00etan izango da, La Terminalean.
J Martina taldea 2019an sortu zen bere kezketan oinarritutako proiektu musikal bat sortzeko eta soinu elektronikoekin lan egiteko. 2019an konposizioari eskaini ondoren, 2020an euren kantuak argitara atera eta zuzenekoetarako prestatzea erabaki zuten. “Pop-trap” gisa definitzen dira, oinarri elektronikoak ahots melodikoekin nahastuz.
Noemi DJ
Loraldia Terminala ekitaldiari amaiera emateko 23:30etan Noemi DJ-ak kontzertu bat eskainiko du. Gazte beltzarana erritmo latinoetan da aditua, eta DJ Kool hondarribitarrarekin batera arituko da martxoaren 12ko gaua animatzen.