Loraldiak Galerna. Azken Bidaia bere azken produkzioa estreinatuko du Arriaga Antzokian

Loraldiak Galerna. Azken Bidaia bere azken produkzioa estreinatuko du Arriaga Antzokian

  • Loraldiaren azken produkzioa da Galerna. Azken bidaia. Festibalaren 9. edizioan estreinatuko du martxoaren 19ean Arriaga Antzokian.
  • Leioa Kantika Korala da protagonista, Jon Ander Urresti aktorea eta Aitor Garitano tenorearekin batera. Juan Kruz Igerabidek sortu du testua eta David Azurzak musika.
  • Itsasoari buruzko begirada emozional bat da kantata eszeniko hau.

 

Loraldiaren azken produkzioa da Galerna. Azken bidaia kantata eszenikoa.  Festibalaren 9. edizio honetan estreinatuko du martxoaren 19ean Arriaga Antzokian, urtarrilean Leioan aurre estreinaldi bat egin ondoren. 

Itsasoari buruzko begirada emozional bat da: ezezagunari beldurra, sakontasunaren misterioa, naturako indarren aurre ezintasuna, ozeano neurriezinaren poetika, senideak galtzeko arriskua, mundu berriak deskubritzeko ilusioa, itsas jendearen alaitasuna edota bertan bizi diren kreaturak irudikatzeko gozamena. Beti ere euskal erroetatik abiatuta (mitologia, doinuak, testuak, ohiturak, kondariak, dantzak) mundu osoari begirada zabal bat egiteko asmoz.

Familia osorako ikuskizuna. Leioa Kantika Koralaren haur eta gazteek interpretatuta baina publiko osoari zuzenduta. Oinarria Kantika Korala da, eta beraz musika koralak izango du pisu handiena, baina koruari laguntzeko zuzenean talde insturmental batek, Jon Ander Urresti aktoreak eta Aitor Garitano tenoreak parte hartuko dute.

Leioa Kantika Koralak 20 urtetan mundu mailan haur abesbatzen euskal enbaxadore garrantzitsuenetako bat izatea lortu du. Basilio Astulez zuzendariaren eskutik, non nahi bidaiatzen, lehiaketetan irabazten eta euskal musikagileen obrak sortzen, estreinatzen eta grabatzen ari du.

Lan honetan Juan Kruz Igerabidek ondu du testua eta David Azurza izan da musikaren konposatzailea. Eszenan talde instrumental batek parte hartzen du, pianoa, akordeoia, perkusioa, flauta, tronpa eta klarinetearekin.

Guztira, eszenan 70 lagun inguru biltzen dira.

Lucia Astigarraga izan da eszena zuzendaria eta Bermeon gertatutako galerna erraldoi hura interpretatzeko eszenan ikus-entzunezko irudiak ere tartekatzen dira.

 

Leioa Kantika Korala

Leioa Kantika Korala 2000. urtean jaio zen Leioako Udal Kontserbatorioan, bertako zuzendari Basilio Astulezen ekimenez. 10 eta 18 urte bitarteko 45 neska-mutilek osatzen dute, guztiak ikastetxeko ikasleak, eta helburu nagusia da koru-musikaz gozatzeko aukera ematea eta musika-prestakuntza handitzea, estilo eta errepertorioaren ahalik eta aniztasun eta aberastasun handiena lortzeko.

Abesbatza gaur egungo abesbatzen erreferentea da, bai bere programazio ausartengatik, bai eszenaratze zainduagatik eta haur abesbatzarako idatzitako musika berria enkargatu eta estreinatzeko konpromisoagatik.

Hasieratik, Kantikak abesbatzen hainbat topaketa eta jaialditan parte hartu du, bai Euskal Herrian, bai Espainiako gainerako herrialdeetan (Madril, Bartzelona, Malaga, Avila, Burgos, Asturias, Caceres, Balear Uharteak…). Abesbatza nazioarteko hainbat jaialditara gonbidatu dute eta hainbat bira egin ditu Portugal, Frantzia, Islandia, Mexiko, Italia, Eslovenia, Letonia, Lituania, Eskozia, Suitza, Belgika, Hego Korea edo Txina bezalako herrialdeetan.

Kantikak nazioarteko sari garrantzitsuak jaso ditu  eta zazpi grabazio diskografiko egin ditu. Hortaz gain, egindako emanaldietako batzuk telebistaz erretransmititu dira, maila autonomikoan, nazionalean eta nazioartekoan.

 

Babesleak

Produkzio honetan Bizkaiko Foru Aldundiak lagundu du eta Laboral Kutxak eta Leioako Udalak kolaboratu dute.

 

Lantaldea

Ekoizpen-mota: Kantata eszenikoa. Abesbatza, bakarlariak eta talde instrumentala

Produkzioa: Loraldia Koop. Elk. Txikia

Testugilea: Juan Kruz Igerabide

Musikagilea: David Azurza

Eszena zuzendaria: Lucía Astigarraga

Musika zuzendaria: Basilio Astulez

Abesbatza: Leioa Kantika Korala

Tenore bakarlaria:  Aitor Garitano

Aktorea: Jon Ander Urresti

Talde instrumentala:

Pianoa: Luis López

Akordeoia: Maria Zubimendi

Perkusioa: Ander Lekue

Flauta: Natalia Sánchez

Tronpa: Oliver de Castro

Klarinetea: Rafa Climent

 

Soprano bakarlariak:

Haizea Lorenzo

Enola Arruebarrena

Ninbe Solana

 

Bideoa: Sergio Verdes

Eszenografia: Igone Teso

Argia: John Luhman

Soinua: Beñat Barrondo