Loraldiak Zuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikidez eszenaratzen duen ikuskaria estreinatuko du Iruñean

Xiberua-aurkezpena

Loraldiak Zuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikidez eszenaratzen duen ikuskaria estreinatuko du Iruñean

  • Xiberua kantu loraturik Loraldiaren produkzioa da. Zuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikidez eszenaratzen du.
  • Otsailaren 22an estreinatuko da Iruñeako Gayarre Antzokian. Estreinaldi hau Korrika Kulturalaren ekintzen programazioan uztartu da.
  • Loraldiaren zortzigarren ekoizpen propioa da, eta Iruñean estreinatu ondoren, Euskal Herriko hainbat lekutan izango da.

 

Loraldiak Xiberua kantu loraturik ikuskaria estreinatuko du otsailaren 22an Iruñeako Gayarre Antzokian.

Estreinaldi hau AEKko Korrika Kulturalaren programazioan parte da.

Basa-aireak, kantuak eta irudiak uztartzen dituen ikuskaria da.

Ekialdean dago eta kantu-memoria luzea du Zuberoak. Denboran ibilitako oroimin hori sorkuntza anitzez elikatu da. Tradiziotik abiaturik gaur egungo kultura garaikide aberatsa loratu dute Pirinioaren ipar magaletan bizi diren sortzaileek.  Hemen dira Pastoralak eta Maskaradak. Hemen bizi ziren Etxahun-Iruri eta Pierre Topet Etxahun. Kantua arte eder bihurtu den lurraldea dugu Zuberoa.

Herri-kantu hauen aberastasun esentzialarekin esperimentatzera gonbita luzatu nahi dizuegu. 

Loraldiak produkzio propioak sortzen ditu eta hau 2024ko handiena izango da. Iruñeako estreinaldiaren ondoren, Euskal Herritik bira egingo du datozen hilabeteetan.

 

Sortzaile talde aparta

Loraldiak sortzaile talde ikusgarria bildu du Xiberua kantu loraturik sortzeko. Gaur egun Iparraldean aurki daitezke musikaririk eta ahotsik ederrenak eta berritzaileenak

Maddi Oihenart eta Ihitz Iriart kantariek eskarmentu luzea dute kantagintzan. Bidegileak izan dira. Tradizioa sakon ezagutzen dute eta gaurko garaietara ekarri ere. 

Beñat Achiary, berriz, euskal kulturan aurki daitekeen berritzaitzailerik handienetako bat da: kantari, musikari eta inprobisatzailea. Oso estimatua gure mugetatik at. Tradizioa berrizten egin duen lana izugarria da eta gai da gure bihotzak astintzeko zeharo.

Julen Achiary, Beñaten semea, aitaren ezpalari jarraituz bide berritzaileetatik abiatzen da Haratago taldearekin (talde honetako bi musikarik ere ikuskari parte hartzen dute). Aita eta semea izango dira gidari artistikoak.

Mixel Etxekoparrek bizitza oso bat eman dio Zuberoako tradizioari. Umorez blaitu eta esentzia bilatu du etengabe. Gaurko kultura zuberotarren zutabe bat da. Aipagarria da Isturitzeko hiru zuloko flauta (Europako aztarna arkeologikorik zaharrenetako bat) berreskuratu zuela eta doinua atera diola.

Ikuskarian erakutsiko diren argazkiak Eliane Héguiaphal-enak izango dira. Zuberoan bizi den argazkilari bikain honen irudiak kantaldiaren parte izango dira. Emakume argazkilari honek euskal kultura zainetan darama eta gustuko dituen gaiak artzainak eta mendiko unibertsoa dira, batik bat. Goresten ditu zuri-beltzeko argazkiak eta Pirineetako ihauteriak, maskaradak baita pastoralak ere izango dira arte bisualen protagonistak.

Parte hartuko duen ez ohikoena aurkeztea falta zaigu: Pierre Vissler. Frantziatik etorri zitzaigun Zuberora eta gaur egun euskal kulturaren erreferente bihurtu da. Musikan nahiz teatroan murgilduta izan da azken aldi honetan. Clown eremuan ibilitakoa eta Mixel Etxekoparrekin batera “Züek heben, Euskal Herriko atlas geopoetikoa” lanaren sortzailea da. Bertan Euskal Herriko hainbat bazterretako soinuak grabatu eta sailkatu ditu. Ikuskizun honetan “elektroakustikalaria” izango dela agindu dute. Gutxitan ikus daitekeen funtzio berritzailea. Edozein bazterretan edo sasoitan hartutako  Zuberoako doinuak ekitaldi hipnotiko bihurtzen dituen abangoardista.

Eszena gainean

Kantua: Maddi Oihenart
Kantua: Ihitz Iriart
Kantua eta perkusioa: Beñat Achiary
Kantua eta perkusioa: Julen Achiary
Txirula eta kantaria: Mixel Etxekopar
Biola gamba apala: Jordi Cassagne

Iruditeria berriaren alde

Iraganari so egingo diogu geroa marrazteko. Antzineko kantuak izango dira baina garaikide eremuan kokatuko ditugu. 

“Belatxa” hegazti baten hegaldia kantatzen duen sormen zirraragarria ez da faltako. Gaur egun, orain dela milaka urte bezala, naturak eskaintzen digun nortasunaz baliatzen gara. Etorkizuneko hodeiertza dugu ikusmiran.

 

Korrika kulturala

Xiberua kantu loraturik ikuskariaren estreinaldia da Nafarroako Korrika kulturalaren egitarauaren ardatz nagusia.

Ez da Loraldiak Korrika kulturalean parte hartzen duen lehen aldia, eta, hala, Loraldiko beste bi ekoizpen propio ere estreinatu dira Korrika kulturalaren esparruan: Kalaportu (2019) eta Hautsi da anphora (2022).
Bi ekoizpenak Euskal Herriko hainbat lekutan izan ziren, arrakasta handia lortuz eta saio guztietan sarrerak ia agortuta izan zirela.

Loraldia eta Loraldia produkzioak

Loraldia 2014an sortu zen Bilbon, Loraldia Festibala euskarazko kultura garaikideko jaialdi gisa.

Jarduerak eta lan-ildoek gora egin dute urteekin, eta 2024an Loraldia jaialdiaren hamargarren urteurrena ospatuko da. Jaialdi hau Eskola, Produkzioak, Gaztea, Plaza, Digitala eta Lorazainak ekimeneko gainerako lan-ildoen intsignia eta traktorea da.

Loraldiak euskaraz sortzen den kulturaren garapena, berrikuntza, transmisioa eta ikusgarritasuna sustatzen ditu. Euskararen unibertsoaren iruditeria garaikidea azaleratu eta etorkizuneko eszenatokia eskaini nahi du. Horrela, Euskal Herri osoan ezagutaraziko den euskarazko kultur eskaintzaren eragile erreferente eta sustatzaile bihurtzen da.

Bere lan ildoetako bat, Produkzioak, hain zuzen ere, euskarazko kultur industrian laguntzeko eta gure ikuspegi eta proposamen bereziak emateko sortu da. Horrela, urtero sortzen du ekoizpen propio bat, hainbat lekutan biratzeko asmoz sortzen dena. Lehenengoa Anton Abbadiaren inguruan jaio zen, jaialdiaren lehen edizioan.

Xiberua kantu loraturik publikoari aurkezten dion zortzigarren ekoizpen propioa da.

Proiektu honetan Loraldiak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskal Herria Hirigune Elkargoaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) laguntza jaso du.