Loraldia Festibalak Lorazain Eguna ospatuko du martxoaren 24an MugMus Laborategiaren Garaiz 60 T.M. lana eskainiz

Lorazain Eguna 2022

Loraldia Festibalak Lorazain Eguna ospatuko du martxoaren 24an MugMus Laborategiaren Garaiz 60 T.M. lana eskainiz

  • Loraldia Kultur elkarteak Lorazainaren figura sortu zuen festibalaren hirugarren edizioan. Egun ia 2000 lagunetako komunitatea osatu da.
  • 2019tik aurrera festibalaren egun batean Lorazain Eguna ezarri da eta egun horretako ekintza esklusiboa eta doakoa da komunitate honetako kideentzat.
  • Aurtengo Lorazain Egunean dantza ikuskizun bat eskainiko da, MugMus Laborategiak sortutako Garaiz 60 T.M. lana, literatura uztartzen duena. Alaia Martin izango da ikuspegi literarioa eskaintzearen  arduraduna.

Lorazainak eta Lorazain Eguna

2022ko Loraldia Festibalaren 8. edizioak Lorazain Eguna izango du.

Lorazainaren figura festibalaren hirugarren edizioan sortu zuen Loraldia Kultur Elkarteak, nolabait festibalaren laguntzaile eta babesleak biltzeko asmotan.

Doako programa bat da eta norbanakoek webgunean bertan izena eman dezakete. Egun ia 2000 lagun biltzen ditu komunitate honek. Laguntza sinbolikoa eskaintzen dute eta Loraldia Kultur Elkarteak zenbait abantaila eskaintzen dizkie babes hori eskertzeko, besteak beste: festibaleko sarrerak prezio berezian eta aldez aurretik erosteko aukera ematen dugu, ikuskizun eta ekintza bereziak antolatzen ditugu taldearentzat, ikuskizunei eta programazioari buruzko  informazioa lehentasunez jasotzen dute eta urtean zehar ekintza bereziren bat antolatzen dugu beraientzat.

Horrela, 2019ko festibalaren edizioan Lorazain Eguna ezarri genuen, festibaleko programazioaren baitan talde honentzako bereziki antolatutako ekintza bat burutzeko asmoz.

Ekintza berezi horrek Loraldiaren helburu eta baloreekin bat egiten du eta urtez urte diziplinaz aldatzen dugu, eskaintza zabala eta anitza izan dadin eta gure komunitateko kide hauei sortzaile berriak deskubritzeko helburuarekin.

2022ko zortzigarren edizio honetan dantza ikuskizuna izan da aukeratu duguna, MugMus Laborategiaren Garaiz 60 T.M, hain zuzen ere. Beraiekin batera, Alaia Martin izango da oholtzan.

Garaiz 60 T.M

Garaiz 60 T.M ikuskariak dantza eta literatura uztartzen ditu.

Bi dantzari, bi musikari eta idazle bat denbora zizelkatuko dute eszenan. Gorputzak eta enborrak mugimenduan, dantza, zuzeneko musika eta hotsak higiduran, eta hitzak ibiltari, ahoz gora eta idatziz.

Denborak uneoro zeharkatzen gaitu eta azalerak, bolumenak, ibilbideak eta joan-etorriak ditugu horren lekuko. Denbora da lekukoa eta heldulekua. Zer iragan da, zertan ari gara eta zeri begira jarriko gara? Garaiz gaude oraindik, zertarako? 

Lan honetan denbora zukutu nahi da mugimenduaren bidez, musikaren bidez, eszenografiaren bidez eta idazle baten berariazko pasarte literarioekin. Loraldian eskainiko duten emanaldi honetan Alaia Martinek izango du ardura hori.

Fitxa teknikoa

Zuzendaritza Artistikoa: Beñat Ralla Yusta
Dantzariak: Jone Amezaga Del Frago eta Ioritz Galarraga Capdequi
Musikariak: Iñar Sastre Lopetegi eta Beñat Ralla Yusta
Idazlea: emanaldioro idazle ezberdin bat aritzen da. Loraldian Alai Martin izango da.
Haur off ahotsa: Eki Ait-Bahadou Serrano
Jantzitegia: Mariló Míguez Ricón
Eszenografia: Luismari Ralla Arruti eta Beñat Ralla Yusta
Argiztapena: Arantza Flores Bengoetxea
Soinuztapena: Aieka Estudioa, Pello Gorrotxategi Oiartzabal eta Juanbau Larburu Garmendia
Irudiak eta edizioa: Haritz Arrizabalaga (Hp) eta Unai Sorrarain

MugMus Laborategia

MugMus Laborategiak bide artistiko eta pedagogikoa urratzeari ekin zion 2015ean Beñat Ralla Yustaren ekimenez, eta ordutik lan-talde sendo eta iraunkorra osatu da.

Bere helburu nagusia arte-bizien eremuan mugimendua, musika eta beste adierazpide batzuk baliatuz uztarketa eszenaratzea da. MugMus Laborategiaren ezaugarri garrantzitsua euskal kultura unibertsaltasunez jorratzeko erabateko bokazioa da.

Egun, kide hauek osatzen dute MugMus Laborategia: Beñat Ralla Yusta, zuzendari artistikoa, mediazio arduraduna, ekoizlea eta musikaria; Iñar Sastre Lopetegi, musikaria eta sortzailea; Jone Amezaga del Frago eta Ioritz Galarraga Capdequi, dantzari eta sortzaileak.