Mauriziak ez du inor hil emankizun bakarra eta berezia Loraldia Festibalean martxoaren 23an

Mauriziak ez du inor hil emankizun bakarra eta berezia Loraldia Festibalean martxoaren 23an

  • Maurizia Aldeiturriagaren kopletatik abiatutako zuzeneko emankizuna da Mauriziak ez du inor hil, euskal folklore digitalean eta formatu berrietan oinarrituta.
  • Ines Osinaga eta Lorea Argarateren ideia, kolektibo batek sortzen du emanaldi bakoitza. Loraldia Festibalerako prestatutakoan, haiekin batera Eneritz Dueso, Garazi Egiguren, Itziar Garaluce eta Elena Garcia egongo dira; eta Julene Gregorioren interbentzio artistikoa egongo da.
  • #Mauriziakezduinorhil emanaldi bakoitza ezberdina eta bakarra da eta beren beregi prestatzen da espazio eta baldintza bakoitzerako. Sormenaren aldetik ere proposamen bakarra bilakatzen da eta inoiz ez da berdina errepikatzen.

 

Loraldia Festibalaren 9. edizioaren azken astean Ines Osinagak eta Lorea Argaratek sortutako kolektiboak #Mauriziakezduinorhil ikuskaria eskainiko dute Bilboko Alondegian – Azkuna Zentroan.
Proiektu hau Maurizia Aldeiturriagaren kopletatik abiatutako zuzeneko emankizun bat eskaintzean datza, baina abiapuntu horretatik euskal folklore digitalean eta formatu berrietan oinarritutako emanaldi bakarra bilakatzen da.

Horrela, #Mauriziakezduinorhil emanaldi bakoitzak ezaugarri berezi eta bakarrak ditu eta ekintza performatiboa bilakatzen da. Artista batekin batera, Maurizia anfitrioi rola hartzen duena, ikuskaria esperimentazioaren mugetan murgiltzen da. Ondorioz, emanaldi bakoitza ezberdina da eta inoiz ez da modu berean errepikatuko.

Loraldia Festibaleko emanaldiaren sormenean, Osinagak eta Argaratek beste bost emakume bildu dituzte: Eneritz Dueso, Garazi Egiguren, Itziar Garaluce eta Elena Garcia. Julene Gregorio moda diseinatzailea batuko zaie oraingoan kolektibora #Maurizia anfitrioi gisa, eta berarekin batera espazio eszenikoa, jantziak eta estetikaren inguruan ikertuko dute. 

Ikuskaria ahalduntze kolektiboko ariketa bat bilakatzen da. Kopla zaharrak ezagutzeko, orduko istorioak gugana ekartzeko, doinu tradizionalei gaur egungo eszenan espazio bat eskeintzeko eta plazandreei gorazarre egiteko teknologia zahar eta berriekin sortutako proiektua. Sortzaileen esanetan, XXI. mendeko erromeria bat biziko dugu martxoaren 23ko iluntzean Bilboko erdigunean.

Loraldia festibaleko emanaldian arte diziplina ezberdinak uztartuko dira: musika organikoa eta elektronikoa, arte bisualak, argiak, dantza eta moda. Osagaiak, argiak, bisualak, koplak, panderoak, beatak, samplerrak, autotunea, irrintziak eta lfo filtroak. Gertatuko dena, sorpresa eta ez ustekoa.

Julene Gregoriok emankizun berezi eta bakar honetarako sortutako ekintza artistikoan, Eulalia Abaituaren argazkiekin zianotipiaz zapiak diseinatu ditu, eta egunean bertan estilismoarekin jolasteko proposamena egingo digu. Izan ere, Gregoriok berak diseinatu eta sortu ditu emanaldi horretan kolektiboko kideek jantziko dituzten arropak, eta moda desfilea eta kontzertu baten artean egongo den performancea bilakatuko da.

Eta oraindik ere beste berezitasun bat egongo da: Berta Bittersweet abeslari eta konpositorea batuko zaie eta euskal folklorea bestelako proposamen estetikoekin fusionatzera jolastuko dute berarekin batera  kolektiboko kideak.

 

Lantaldea

Lorea Argarate: beats & noises

Ines Osinaga: koplak, sinteak eta panderoak

Eneritz Dueso: espazio sonoroa

Garazi Egiguren: arin ariña eta perreoa

Itziar Garaluce: bisualak

Elena Garcia: argi diseinua

Julene Gregorio: #Maurizia anfitrioia: estilismoa eta arte zuzendaritza

 

 

Ekintzaren babeslea