Fermin Muguruzaren abestiak gaur eguneratuko dituzte Loraldia Festibaleko Muguruza Mani-fest kontzertuan
- Muguruza Mani-fest kontzertuan Fermin Muguruzaren abesti ezagunenen berrikusketaz gozatzeko aukera egongo da.
- Ekitaldi honetan hiru sortzaile-talde izango dira protagonistak: Juantxo Arakama eta Asmathic Band; La Basu eta Basatiak; eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa.
- Izar & Star elkartearekin elkarlanean eramandako ekitaldia da hau.
Loraldia Festibalaren zortzigarren edizio honetarako ekitaldi berezi bat prestatu dute: Muguruza Mani-fest.
Kontzertu honetan Fermin Muguruzaren abesti mitikoak gaurko garaietara ekarriko dira, eta hiru sortzaile-talde izango dira horren arduradunak: alde batetik, Juantxo Arakama Asmathic Bandekin joko du; beste alde batetik, La Basu Basatiak taldearekin igoko da oholtzara; eta azkenik Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa elkarlanean egongo dira.
Ikuskizun berezi hau martxoaren 26an izango da, Bilboko Kafe Antzokian. 2020ko Loraldia festibalaren ediziorako prestatutako ekintza bat izan zen, baina urte horretan pandemiaren eztandak festibala bete betean harrapatu zuen eta bertan behera utzi behar izan zen.
Ekintza baldintza arruntak bermatu arte eta aforoak berreskuratu arte atzeratu egin da, berme guztiekin egin ahal izateko.
Muguruza komandantearen betiko kantak, gaurko ikuspuntutik
Fermin Muguruzaren kantak belaunaldi baten soinu-banda izan dira. Horregatik Negu Gorriak eta komandantearen izenarekin plazaratu diren hamaika abesti batu dituzte, eta gaur egungo euskal musikariak elkartu dira beraien ikuspuntutik reinterpretatzeko.
Izar & Star ekimenarekin elkarlanean antolatutako ikuskizuna izango da.
Parte hartzaileak
Esan bezala, egungo hiru sortzaile eta bere taldeak igoko dira oholtzara, Muguruzaren abesti mitikoak euren begiradaz eskaintzeko.
Juantxo Arakama eta Asmathic Band
Juantxo Arakama abeslari gipuzkoarra da, eta Glaukoma rap-reggae taldearen abeslaria da. Izan ere, glaukoma taldeko kiderik ezagunena da tolosarra.
Taldearekin rap-reaggaea landu izan du, baina baita taldetik kanpo ere: kolaborazio ugari egin ditu, eta agertzen den abesti bakoitzari gehitzen dio bere gaitasun itzela.
La Basu eta Basatiak
Elena Caballero, La Basu bezala ezagutzen dena, rap abeslari bizkaitarra da. Txikitatik gustatu izan zaio musika, eta orain dela 30 urte luze hasi zen rapeatzen.
Euskal Herriko lehenetariko emakumezko raperoa da, eta 1999. urtean Jungla Urbana taldea sortu zuen, emakumezko musika taldea. 2013. urtean 3 abesti kaleratu zituen, bere lehenengo diskaren aurrerapena izango zena. Diska horrek “Aire es vida” du izena eta bi urte geroago argitaratu zuen.
Emakume gutxi daude raparen munduan, eta are gutxiago euskaraz rapeatzen dutenak. Horregatik, 2017. urtean “Ni naiz izotz erregina” diska atera zuen, euskara hutsean dagoen diska.
Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa
Nerea Erbiti eta Eskola Ergatiboa taldea abesti herrikoi propio eta denboraz kanpoko baten bila ari dira; musika tradizionala dute abiapuntu eta inprobisazio kolektiboa eta NeoSoula tresna gisa erabiltzen dute.