Munduari Begiratzeko, 20 urte beranduago sormena hizpide Loraldia Festibalean

Munduari begiratzeko

Munduari Begiratzeko, 20 urte beranduago sormena hizpide Loraldia Festibalean

  • 2003an Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna aurkeztu zuten Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek,  Rafa Ruedak eta Bingen Mendizabalek. Uribek sortutako poemak ziren Urdangarinen musikarekin eta arrakasta handia lortu zuen.
  • 20 urte beranduago ikuskizun hau berreskuratu dute, zenbait berrikuntzekin. Martxoaren 13an Loraldia Festibalean eskainiko dute hirugarrenez, ospakizun handia bilakatu nahi dutela.
  • Munduari begiratzeko zentzumen-bidaia bat da, egungo munduari irakurketa garaikide bat egiten diona, errotuta dagoen euskal tradizioan oinarrituta. Poesia, musika eta ikusentzunezkoak uztartuta.

 

2003ko udaberrian Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek  Zaharregia, txikiegia agian musika eta poesia ikuskizuna aurkeztu zuten New Yorken. Uribek sortutako poemak, Urdangarinen musikarekin, gizabanako garaikidearen kezkak erakusten zituztenak.

Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek lagunduta, esparru ezberdinetako sortzaileen laukotea osatu zuten. Hamaika lekutan antzeztu zuten.

20 urte beranduago, ikuskari horren izpiritua berreskuratu dute, Munduari begiratzeko izenburu pean. Oraingo honetan ikuskizuna gaurkotu dute eta zenbait berrikuntza ditu. Oholtzan Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda izango dira, Jon Cañaverasek lagunduta.

Antziña Folken estreinatu zuten abenduan eta martxoaren 13an Loraldia Festibalean izango dute hitzordua, Arriaga Antzokian. Emanaldi hau ospakizun bilakatu nahi dute sortzaileek.

Zaharregia, txikiegia agian: Euskal Herritik mundura

2003ko udaberrian Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek New Yorken estreinatu zuten Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna. Oholtzan Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal beraiekin batera. Izenburuak euskarari buruz hitz egiten duen eta proiektu horren funtsa islatzen zuen poema bati erreferentzia egiten zion.

Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek lagunduta, esparru ezberdinetako sortzaileen (poesia, abestia eta rock alternatiboa) laukotea osatu zuten. Hiru estatutan egindako bira laburra arrakastatsua izan zen eta prentsa amerikarrak horren berri eman zuen.

Ondoren Euskal Herrian hainbat kontzertu eman zituzten eta disko liburua argitaratu zuten. Diziplina anitzeko lan honek taldekide bakoitzaren lan zehatz bat batu zuen, eta Mikel Valverde eta bere ilustrazioak gehitu zitzaizkien.

Zaharregia, txikiegia agian lanak, asmo handirik gabe, euskaldunek munduari buruz zuten begirada zehatza, sentitzeko modu bat eta bizitzeko modu propio bat erakusten zituen. Poema haiek gaur egun herri baten eta bertako jendearen soinu-bandaren parte dira.

Bob Holman New Yorkeko Bowery Poetry Clubeko kideak eta Margery Snyder idazle iparramerikarrak urteko sei poema disko onenen artean kokatu zuten Zaharregia, txikiegia agian.

20 urte beranduago, Munduari begiratzeko ikuskizun berritua

20 urte igaro dira, eta Zaharregia, txikiegia agian lanak sentsazio berberak eragiten jarraitzen du. Badirudi denbora ez dela igaro poema hauentzat, eta idatzi zirenean bezain indarrean jarraitzen dute. Gaur egun ere entzuten diren mezuak zabaltzen dituzte, eta egunerokotasuna gogorarazten diguten gaiak jorratzen dituzte.

2023ko bukaeran berritasun batzuekin berreskuratuko zuten ikuskizuna, Munduari begiratzeko izenburu pean, abesti berdineko beste pasarte batetik hartuta. Nahiz eta urteak igaro diren guztientzat eta esperientziak pilatu diren, sentitzeko eta munduari begiratzeko modu hori erakutsiko dute beste behin ere.

Oholtzan Kirmen Uriberen poemak, Mikel Urdangarinen eta Rafa Ruedaren musika, Jon Cañaveras lagun dutela, eta Alphax estudiok garatutako ikus-entzunezkoak uztartuko dira modu zirraragarrian. Zentzumen-bidaia bat da, egungo munduari irakurketa garaikide bat egiten diona, errotuta dagoen euskal tradizioan oinarrituta.

Ez onena agian, ez ederrena agian” kantatuko diote gure hizkuntzari eta eguneratuko dugu sormenaren konpromisoa. Mugarri bat izan zena mugarri izatera dator, berriro ere.

Izan ere, aurtengo Loraldia Festibalak bere 10. urteurrenean poema beretik hartu izan du lema, Munduari begiratzeko modu bat.