Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo eta Arrigorriagaren bigarren edizioaren balorazioa: Lorratza sortzen, eraldatzeko nahian

Loraldia-Plazarik-Plaza_2023

Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo eta Arrigorriagaren bigarren edizioaren balorazioa: Lorratza sortzen, eraldatzeko nahian

Euskal Kultura Garaikidean zehar ibilbide xumea egin dugu Zaratamo eta Arrigorriaga herrietan. Sormen berritzaileak helburu abiatu ginen eta bidaia portura heldu da, arrakasta handiz. Itsas-lorratza nabaria  utzi dugu bi herri hauen asfaltoan. 

Bero guztien gainetik eta hodei guztien azpitik bigarren bidaia honek iazko esperientzia sendotu du.

Bozen unibertsoa

Dena hasi zen Zaratamon. Bozak ikuskariak aretoa lepo bete zuen. Giroa sargori zegoen eta ikusleak irrikitan ziren sei emakume sortzaileren emaitza ikusteko.

Hasieretan, eszenara hamaika emakume gonbidatu genituen, Olatz Silvaren eskutik: ongi etorri izan ziren Maurizia, Angela Davis, Uxue Alberdi, Lourdes Iriondo, Tina Turner, Alaia Martin… lorratza nabarmenak utzi dituzten emakume sortzaileak. Haiek bizitza- bideak zabaldu zituzten, ikuskariari honen atea ere bai.

Taulen gainean, berriz, sei emakume musikari batu ziren. Abanikoa oso irekia beraz. 

Lehena Aine bikotea izan zen. Bertokoak, Arrigorriagakoak. Gazteak eta ibilbide oso bat zerumugan. Urduri eta hunkiturik batera sentitzen ziren. Azken batean, euren erreferenteekin partekatuko zuten eszenatokia. Babes osoa izan zuten eta emaitza kalitate handikoa izan zen. Ahaztezina, Leonard Cohen (So long, Marianne)  eta Joseba Sarrionandia (Izuen gordelekuetan barrena) bidegurutzean plazaratu zuten kanta. 

Eñaut Elorrietaren  moldaketa honekin batera, beste kanta feminista batzuk ondu zituzten, Mexikoko Cantar sin miedo-ren euskarazko moldaketa, besteak beste.

Bigarren sortzailea Baionatik zetorren. Maialen Errotabeherek 20 urte baino gehiago darama eszenatokietan eta bost diska plazaratu ditu baina gure inguruan oraindik ezezaguna da. Iparra eta Hegoaren arteko elkar ez ikustea. Honela, deskubrimendu bat izan zen askorentzat. Soul, rock, pop, folk… uztartu zituen ikuskizun indartsu eta alai  batean.

Jarraian La Basu igo zen, rap-ren erregina. Etxebarri gertu dago Zaratamotik eta planteatzen duen jarrera artistikoa ere oso hurbila da. Iturriko Bartolori eskaini zion mezu feminista ere agerian geratu zen. Azkenik, denok dantzan aritu ginen rap-aren melodiapean. Eztena bezain zorrotza da La Basu.

Bukatzeko Olatz Salvadorren txanda izan zen. Urratsez urrats doa ibilbide artistikoa zabaltzen. Kantuak sortzeko begirada partikularra eskaintzen du. Dena xume, leun, xuxurla…  boz gozo honek liluratzen eta korapilatzen gaitu. 

Ikuskizun ederra, biribila, alaia, hunkigarria, gogoangarria… entzun genuen ikusleen irteeran.

Arrigorriagako asteburuan, berriz,  lau proposamen artistiko plazaratu genituen. 

Migrazioa dantzan

Lehena Abusu aldean dagoen Arrigorriagako lurrean izan zen, kultur etxean, hain zuzen. Gonbitea Aukeran Dantza Konpainari luzatu genion eta udaberrian estreinatu duen Aiurri kale-koreografia dantzatu zuen. Dantzari gazteak, indar handikoak, sasoian eta oso ikusgarriak agertu ziren hall berezi hartan.

Migrazioa hartzen dute diskurtsoaren haria. Batez ere hegaztiak irudikatu zituzten mugimendu garaikideetan. Baina, dantza garaikidean irudi figuratiboa baino, sentimendua da nagusitzen dena. Ondo jositako ikuskari honek  sentimenduz beterik zegoela argi utzi zuten  eta ikusleek txalo zaparrada luze eta bero batekin oparitu zioten. Edu Muruamendiaraz zuzendariaren lana nabarmendu beharrean gaude.  

Eulalia Abaitua aitzindaria

Bigarrenak Bilbon jaiotako lehen emakume argazkilaria zuen abiapuntu. Eulalia Abaitua, orain ez asko hasi da ikusarazten. Emakumeak itzaletik argira eramatea ez da lan makala. Ezinbestekoa da. Horregatik, Loraldiak produkzio propio honen bidez joan zen mendean jaio zen argazkilaria tauletara eraman du.

Patxo Telleriak idatzi zuen testua Arriagan estreinatu zen orain dela urte bete. Arrigorriagan berpiztu genuen eszenako protagonista berriekin. Estreinaldia zen, beraz. Amaia Urcelay eta Lide Hernando genituen ikuskari honen lemazain. Istorio kontalaria bata, bestea musikaria. Biek ala biek ondo uztartu eta plazaratu zuten Eulalia Abaituaren irudi lana. Euskarak emakume aurpegia du antzezlan honetan. Euskaraz mintzo baitziren Abaituak erretratu zituen emakume gehienak. 

Emakumeak dira protagonistak. Gehienak emakume langileak (arrain saltzaileak, esnedunak, jostunak, baserritarrak, ganadu zaindariak…).

Ikus-entzunezkoen bidez iragana etorkizun bihurtzen da. Memoriari buruzko lan honek badu estetika garaikidea. Ikusgarria da oso. Gaurkoa.

Arrigorriagan hasi du Euskal Herrian zehar egingo duen bira. Hemendik Bermeora, Donostiara, Bergarara, Gernikara… abiatuko da.

Errima tsunamia

Larunbatean hirugarren  hitzordua genuen Arrigorriagako Lonbo aretoan. Anonyme Popular, Igor Elortzaren azken sormena. Bertsolaritzatik abiatu da hip hop kulturan sartu arte. Horretan Rafa Ruedaren begirada musikala ezinbestekoa izan da.

Estetika landuak, ikus-entzunezkoak barra barra, jarrera teatralak (Oier Zuñiga izan dute zuzendari artistikoa) eta errimen tsunami batek ontzen dute sekulako ikuskari eraginkorra.

Nitik abiatzen da, Gu larregi erabili izan baitugu. Edor izan daiteke Elortzaren poemen protagonista. Abizenekin jokua, eguneroko gurpilaren iritzi kritikoa… agertzen dira zorrotz tauleran.

Bukaera aldera Dena aldatzen da kantua. Txiletik euskara ekarria. Hiru sortzaileak eszenatokian jarririk. Dena alda daiteke baina nire lagunekin eta herriarekin dudan maitasuna ez da aldatzen. Une hunkigarria, zalantzarik gabe.

Munstruoak sortzen

Igandean azken bi ikuskariak iragarri genituen. Alde batetik, Frankenstein agurgarria, Ana Galarraga eta Pettiren eskutik; eta beste aldetik Mikel Garaizabalek gidaturiko ardo eta gaztaren dastaketa.

Pettiren gitarra urrun eta ozen heltzen da. Sekulako musikaria da eta amerikana ondo ederto moldatu du euskara unibertsora. Berarekin batera Ana Galarragaren testua. Munstruo bati eskain¡a. Oraindik munstroak sortzen jarraitzen dugula gogora ekarri zuen. Emanaldi mamitsua, metaforaz beterik. Mary Shelleyk, Frankestein liburu egileak, bihotz bat gorde zuen poemaz beteriko orri batean. Guk ere Zaratamo-Arrigorriagako Loraldia poemaz beteriko kutxa batean gorde nahiko genuke. 

Datorren urtean berriro kutxatik aterako dugu, Kultur lorratzak gero eta luzeagoak izango direlakoan gaude.

Topa dagigun gure kultuaren alde

Azken hitzordua gastronomikoa zen. Mikel Garaizabalek gidatu zuen txakolina eta gazta erabiliz egin genuen ospakizuna. Kopak altxaturik euskal kulturaren alde egin genuen topa. Gora euskara!

Festibalaren ekarpenak

  • Herria konpaktatzea.

Kulturaren bidez herria komunitate bihur daiteke. Herrigintzan tresna eraginkorra baita. Euskarak lotzen gaituen herria. Gure unibertsoa hedatzea dugu xede. Oraindik bidea hasi baino ez da. Ikusle berriak erakarri behar ditugu.

  • Eraldatzea

Kulturaren bidez gizartea eralda daitekeela sinisten dugu. Emozio gozoen bidez hobeto sentitzen gara eta gure bizitza askoz ederragoa da. Gure irudimena pizten da eta gero hobe batekin amesteko aukera ematen du. Kultura, osasunarekin eta hezkuntzarekin batera ezinbesteko zutabea da gizartean.

  • Euskara sustatzea

Loraldiak euskara gaurko eremu garaikidean kokatzen du. Izan garena kontuan izanik, garena eta izango garena irudikatu nahi dugu. Euskarari egin diezaiogun mesederik handiena. Gaur eta hemen gure hizkuntzarekin bat. Bide horretan erreferenteak plazaratu nahi dugu gureari prestigioa emateko.

  • Emakumeen ikusgarritasuna plazaratzea

Festibal honetan emakume-sortzaileek duten protagonismoa nabarmena da. Emakume-sortzaileei plaza eskaintzea gure ekarpenetako bat da. Bozak, Eulalia Abaitua, Ana Galarraga… aurtengo adibide nabarmenak dira.

  • Bertoko sortzaileei plaza ematea

Arrigorriaga, Zaratamo eta inguruko sortzaileen plaza izan daiteke. Bertoko sormena eremu profesional batean uztartzeko aukera. Aine bikotearen kasua  oso argia da.