Poperra, afterra eta utopia. Loraldia Festibalaren 9. edizioari agur esateko ikuskizuna

Poperra, afterra eta utopia. Loraldia Festibalaren 9. edizioari agur esateko ikuskizuna

  • Poperra, afterra eta utopia ikuskizunean literatura, bertsolaritza eta musika batzen dira Loraldia Festibalaren bederatzigarren edizioari agur esateko. Urtero bezala, formato honetako ekintzak ixten du Loraldia.
  • Danele Sarriugartek testu original bat sortu du ekitaldi honetarako, eta pieza hori abiapuntu hartuta, bi bertsolarik eta musikari batek beraien pieza propioak sortu beharko dituzte. Aurten Maddi Ane Txoperena eta Maider Arregi izango dira bertsolariak, Amaia Agirreren agindu pean; eta Miren Narbaizak jarriko dio musika emanaldiari.
  • Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programarekin elkarlanean burututako ekintza da.

 

Loraldia Festibalari agur esateko Loraldiak Poperra, afterra, utopia ikuskizuna prestatu du. Literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen ekitaldia da, urtero berdina eta desberdina dena aldi berean. Aurten, Danele Sarriugartek sortu du hasiapuntu bezala erabiliko den testu pieza, eta Maddi Ane Txoperena eta Maider Arregi bertsolariek testu horren inguruan bertsoak sortu beharko dituzte, Amaia Agirre izango dutela gai jartzaile. Miren Narbaiza ere bertan egongo da, eta, bertsolariak bezala, gaiarekin zerikusia duen pieza bat sortu beharko du.

Danele Sarriugarteri eskatu genion geroari begira jartzea eta horren ondorioz Poperra, afterra, utopia testu originala eta zirraragarria sortu du. Idazkia abiapuntua dugu ikuskizun hau ontzeko. 

Testu literarioarekin batera bi bertsolari (Maddi Ane Txoperena eta Maider Arregi) eta musikari bat (Miren Narbaiza) arituko dira eszenan. Hausnarketa poetiko hau kate begi bat da orain arte Loraldiaren edizio guztietan lotu dugun amaiera ekinaldian. Bertan literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dira eta etorkizunari begira paratzen gara. Geroa eta oraina gurutzatzen diren lekua izango da berriro ere Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioa.

 

Parte hartzaileak

Idazlea Danele Sarriugarte

Bertsolariak Maddi Ane Txoperena eta Maider Arregi

Musikaria Miren Narbaiza  

Gai jartzailea Amaia Agirre        

Ekoizpena Loraldia Produkzioak

 

Danele Sarriugarte

Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, 1989) idazle, itzultzaile, literatura-kritikaria eta kazetaria da.

Euskal Herriko Unibertsitatean Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziaduna, Udako Euskal Unibertsitatean Pentsamendu Kritiko graduondoko ikasketak egindakoa eta Literatura Konparatuko masterra ikasi du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.

2012an Igartza Saria irabazi zuen Mamuak izenburuko eleberri proiektua aurkeztuta, 2014an Erraiak izenburupean argitaratuz. Zilarrezko Euskadi saria eman zion Gipuzkoako liburu saltzaileen gremioak.
2018an Azala erre nobela argitaratu zuen, urte horretako Loraldia Festibalean aurkeztuta.
Kontakizun laburrak idatzi ditu baita ere. Eta saiakera, poesia, narratiba, teatro eta haur eta gazte literatur hamaika lanen itzulpenak egin ditu. 

Kazetari gisa hainbat komunikabidetan aritua da: BERRIA, Argia eta Pikara Magazinen.

 

Loraldia Festibala agurtzeko klasiko bilakatu den emanaldia

Sormen hitzordu hau klasiko bat bilakatu da Loraldia Festibalean, edizio guztietan errepikatu baita formatu bera. Lehenengo edizioan abiapuntua Harkaitz Canoren Bilbao-Baobil izan zen. Bigarrenean Anjel Lertxundiren Etorkizuna perfektua balitz. Hirugarrenean, berriz, Demain, Morgen Kirmen Uriberen testua aurkeztu genuen. 2018ko 4. edizioan Arantza Urretabizkaiak Etorkizunak harrapatuta testua eskaini zigun. 2019an Itxaro Bordak sortu zuen Bustinezko etorkizuna testua.

2020a zalantzarik gabe pandemiak baldintzatu zuen eta hutsik geratu zitzaigun hitzordu hau. 2021ean Unai Elorriagarekin berreskuratu genuen, festibalaren 7. edizioan eta Geroa. Gero urruna: 5540. urtea izan zen bere proposamena. 2022an Alaine Agirrek sortu zuen Gerorik balego testua.

Bertsolaritzari dagokionez bertsolari xorta nabarmenak parte hartu du: Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Miren Amuriza, Alaia Martin, Jone Uria, Nerea Ibarzabal eta Joseba Santxo. Musika arloan, Gorka Benitez, Anjel Unzu, Igelaren Banda, Joserra Senperena, Fernando Velazquez, Don Inor Ez edota Olatz Salvador izan dira gurekin.

Paisaia berbera izan da esperientzia honetan: Guggenheim Bilbao Museumeko entzungela. Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programari esker burutu dugu ekimen eder hau.