Loraldiak eta UPV/EHUk Sormen Ola, gazteei zuzendutako euskal kulturaren transmisiorako tailerren programaren bigarren edizioa martxan jarri dute
- Loraldiak eta UPV/EHUk Sormen Ola programaren bigarren edizioa antolatu dute. Azaroa eta apirila bitartean, euskal kultur transmisioa sustatzen duen tailer sorta burutuko da.
- 16-29 urte bitarteko gazteei zuzenduta, hilean behin eta larunbatetan, formato trinkoan burutuko dira. Gai monografikoak landuko dira saio bakoitzean eta erreferentziazko profesional adituek eskainiko dituzte, Amancay Gaztañagak, Harkaitz Canok edota Antton Telleriak, besteak beste.
Sormen Ola gazteei zuzendutako programaren bigarren edizioa martxan jarri da, Loraldia eta UPV/EHUko kultura zerbitzua EHUKulturaren eskutik.
Loraldiaren Gaztea lan lerroak gazte-sormena sustatzea du helburu, bai gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea, formazioa eta plaza eskainiz, eta bai sortzaile gazteei plaza eskainiz. Programa ezberdinak burutzen ditu urtean zehar eta horietako bat da Sormen Ola, hain zuzen ere.
Sormen Olaren helburuak euskal kulturaren transmisioa gazteen artean zabaltzea, gazte kultur zaleak sustatzea, gazteak kultur profesional erreferenteekin harremanetan jartzea eta sormena eta irudimena bultzatzea dira. Horretarako, gure kulturaren erreferenteen ikastaro trinkoak proposatzen dira, hilean behin eta larunbata goizez.
Iazko esperientzia modu onenan baloratua izan zen eta ikasturte honetan azaroa eta apirila artean bigarren edizioa antolatu du Loraldiak, UPV/EHUko EHUKulturarekin batera.
Sormen Ola programaren bigarren edizioa
Sormen Ola 16-29 urte bitarteko gazteentzat zuzendutako euskal kulturaren transmisioa bilatzen duen tailer-programa da.
Hilean behin burutuko da, larunbata goizez eta ikastaro trinkoen formatoan. Horrela aukera izango dute aste bitartean tarterik ez daukaten gazteek eta Bilbotik kanpo etor daitezkeenek ere. UPV/EHUko Bizkaia Aretoan burutuko dira tailer guztiak.
Gaiak monografikoak izango dira, sormenaren alor ezberdinak landuko direla. Azaroa eta apirila bitartean gai anitzak landuko dituzte: aktore garaikideen gorabeherak, zer den abeslaria izatea, narraziorako ideien sormena, kamararen aurrean eta atzean egotea eta umorearen lanketa.
Eta edizio honetako gidariak izango dira: Amancay Gaztañaga, Sara Zozaya, Harkaitz Cano, Urko Olazabal eta Antton Telleria.
EHUkulturaren ekimenez, UPV/EHUko ikasleentzat doakoa izango da. Beste parte hartzaileentzat 15€ko kostua izango du saio bakoitzak.
Programa
Azaroak 25
AMANCAY GAZTAÑAGA. Aktore garaikide baten bidezidorrak
NOR DEN
Aktore, idazle eta zuzendaria. Madrilgo RESAD unibertsitatean interpretazio ikasketak burutu zituen. Hainbat telesail, film eta antzezlanetan lan egin du urte hauetan zehar.
2014an Kamikaz Kolektiboa sortu zuen Miren Gaztañaga eta Erika Olaizolarekin batera. Hauen azken lanak, “Hiru Kortse, azukre asko eta brandy gehiegik” Donostia saria irabazi du aurten.
TAILERRA
Ze ezberdintasun dago aktore interprete eta aktore sortzaile baten artean. Bada bidea egiteko lan esparru honetan? Ze zailtasunekin topatuko gara? Nola egin aurre hauei?
Zer duzu zuk kontatzeko? Nola kontatu dezakezu?
Ikastaroa bi zatitan banatuko da.
Lehenengo zatian Amancay Gaztañagak ibilbide artistikoari eutsiko dio. Non hasi nintzen eta zergatik eta gaur egun non nagoen eta zergatik.
Bigarren zatian aktore sortzaile baten sormen prozesua landuko dugu. Pieza motz bat eraikiko dugu bakoitzak kontatzeko duen horri buruz hitz eginez.
Urtarrilak 27
SARA ZOZAYA. Emoziotik Kantura
NOR DEN
Donostiarra musikari eta abeslaria da. The Roof taldearekin eman zion hasiera musikagintza-ibilbideari. Bakarlari moduan lehen disko luzea atera berri du, ‘Nara’ izenekoa eta oraintxe hasiko du izen bereko gira estatu osoan zehar. Gure Bazterrak promotora sortu zuen 2013. urtean Kimmu elkartearekin batera eta gaur egun jarraitzen du bertan lanean, artista ezberdinekin, haien bidean lagunduz.. Orain bakarka ibilbidea Merina Gris taldearen lanarekin partekatzen du.
TAILERRA
Musikaria izateko esperientzia kontatuko digu Zozayak. Nola sortu du bere ibilbidea eta nola eratu dute Merina Gris, azken aldian, sekulako oihartzuna hartu duen taldea.
Otsailak 17
HARKAITZ CANO. Ideiatik narraziora: burutik eskura doan bidea
NOR DEN
Zuzenbidea ikasi zuen arren idaztea izan du beti ogibide, 18 urterekin bere lehen poema bilduma argitaratu zuenetik. Geroztik, jenero guztiak landu ditu: nobela (Twist, Fakirraren ahotsa), ipuinak (Neguko zirkua, Beti oporretan), poesia (Norbait dabil sute-eskaileran, Pozaren erdia), antzerkia (Sisiforen paperak, Hondamendia)… Komiki gidoietan eta haur eta gazte literaturan ere aritzen da eta hamaika letra egin ditu euskal kantari eta taldeentzat. Allen Ginsberg, Hanif Kureishi, Sylvia Plath, Anne Sexton eta Raymond Carverren lanak euskaratu ditu. Dozena bat hizkuntzatan irakur daitezke bere liburuak. www.harkaitzcano.com
TAILERRA
Zergatik bihurtzen dira istorio batzuk ipuin eta beste batzuk poema, batzuk komiki eta beste batzuk film?
Denborak gorputzean itsatsita utzi dizkigun narrazio zatiak baino ez gara, zango biko istorio ibiltariak. Zein estrategia erabili, ordea, istorio horiek artikulatu eta hezurmamitzeko?
Zein da ideia bakoitzari dagokion formarik aproposena? Zerk bihurtzen du istorio bat gogoangarri? Adibide praktikoen bitartez idazlearen sukaldeko tresnak erakustea izango du tailer honek helburu.
Martxoak 9
URKO OLAZABAL. Kamera aurrean eta atzean
NOR DEN
Aktorea, zinegilea eta irakaslea da. Bilbotar hau zineman nahiz telebistan aritu da. Goya saria irabazi zuen 2022an Zine-Akademiako Goya saria jaso zuen “Maixabel” filman egindako lanagatik. EHUko Arte Ederrak ikasi zituen. Honez gain, BIZIE Zine-interpretazio eskolan lan egiten du irakasle.
TAILERRA
Ibilbide emankorra izan du Urko Olazabalek. Kamera erabiltzen hasi zen laburmetraiak filmatzen. Gero interpretaziora jauzia egin zuen eta hemen ere arraina uretan bezala aritu da. Ikus-entzunezko mundua ondo ederto ezagutzen du eta bere esperientzia oso interesgarria izango delakoan gaude.
Zine-aktorearen funtziorik oinarrizkoena kamaren aurrean lan egitea dela pentsatzen da, baina egia esan, aktoreak gidoiaren irakurketaren interpretazio pertsonal batetik abiatzen du bere pertsonaiarekiko hurbilketa.
Berezitasun eta erabaki pertsonal horietan guztietan datza beste aktore batek pertsonaiari ezarriko ez dizkion ikuspuntu artistikoak, bakoitzaren erabakiak paregabeak baidira. Beraz, tailerrean pertsonaiaren sormenerako erabaki guztien analisia izango dugu helburu, pertsonaia bakoitzarentzat bere estruktura sortuz. Pertsonaiaren konposaketa, alegia.
Laburbilduz, aitzakia; aktorearen pertsonaiaren konposaketa teorikoa landuz, edozein arte-esparrurentzat zein proiekturentzat edo eta bizitzarako baliogarria izango den estrukturaz mintzatuko gara.
Apirilak 20
ANTTON TELLERIA. Umorearen aurrean zutunik
NOR DEN
Gaur egun ETBko Mihiluze saioaren aurkezlea da. Kazetaria, musikaria, aurkezlea eta umoregilea da. Irratian luze egin du lan eta eszenatokira igo da Nekatuatak izaneko bakarrizketa umoretsuarekin.
TAILLERRA
Umore egitea du xede Antton Telleriak. Irratian, telebistan nahiz eszenan umorea lantzen du. Berezko sena du eta azken aldi honetan disdira handia eskuratu du. Bere esperientzia izango da tailerraren abiapuntua. Bere umorearen graziaz, noraezean dabilen herri xehea STAND UP-erantz gidatzeko. Komedia gustuko duzu? Komiko izan nahi duzu? Etorri, entzun eta probatu. Lasai, tontoenak ere lor dezake. Bereziki, TONTOENAK.