Loraldiak bigarren urtez burutuko du Udako Ola Lekeition, gazteei zuzendutako sormen egonaldia

Loraldiak bigarren urtez burutuko du Udako Ola Lekeition, gazteei zuzendutako sormen egonaldia

  • Loraldiak Udako Ola sormen-egonaldia burutuko du Lekeition bigarren urtez, uztailaren 10-15 artean. 
  • 18 eta 29 urte bitarteko 15 gaztek diziplina anitzetan esperimentatzeko aukera izango dute, alorreko eta erreferente diren profesionalen eskutik. 
  • Iaz abiatu zuen Loraldiak egitasmo hau eta 11 gaztek esperientzia ahaztezina bizi izan zuten. Aurten berriro Lekeitiok egingo die harrera.
  • Tailerrez gain, Loraldiak Lekeitioko Sormen Astea burutuko du: gure kulturaren zenbait erreferentek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte eta herri osoari zabalduko zaizkie. 

 

Loraldiak, Gaztea ekimenaren baitan, Udako Olaren bigarren edizioa burutuko du uztailaren 10a eta 15a bitartean Lekeition. Udako Ola gazte-sormena bizteko egonaldia da.

Sei eguneko sormen egonaldia 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta sortzaile profesionalen eskutik ikastaro trinkoak jasotzeko aukera eskainiko zaizkie. Sei egun horietan, egunero gai ezberdin bat jorratuko dute dagokion sortzailearekin.

Loraldia Udako Ola, gazte-sormena sustatzeko egonaldia

Udako Ola transmisioa eta sormena lantzeko Loraldiak antolatu dituen 6 eguneko egonaldi kulturala da

Bigarrenez burutuko da aurten eta Lekeition egingo da berriro ere, uztailaren 10etik 15era. 

18-29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta gehienez 15 lagunetako taldea osatuko da.

Egonaldiak badauka lanketa egiteko tartea eta kultur ekintzez gozatzeko aukera paregabea baita ere.

Sei egunez gazteek Lekeitioko Trinkete Etxea Ostatuan izango dute aterpe eta formakuntza tailerrak eskainiko zaizkie egunero, arlo ezberdinak jorratuz.
Sortzaile profesionalek gidatuko dituzte saio hauek, besteak beste: Jon Maya (Kukai), JMartina, Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburu, Oskar Alegria eta Uxue Alberdi. 

Profesionalek eskainiko dituzten saio hauetan gazteek aukera izango dute kultur-erreferenteak zuzenean ezagutzeko, transmisioa lantzeko eta bakoitzaren alor zehatzaren inguruko edukiak jasotzeko. Aldi berean, gazteek euren sormen batean lan egingo dute egonaldian zehar eta azken egunean Lekeitioko herriaren aurrean erakutsiko dute, Olatz Gorrotxategik zuzenduta.

Udako Olaren helburuak transmisioa lantzea, sormena sustatzea eta  bide propioa egiteko sormen gune berri baten proposamena dira. 

Sormen egonaldi hauek egundoko aukera dira gure kultur garaikidean murgiltzeko.

Lekeitioko Udalaren babesa jaso du Loraldiak ekimen hau aurrera eraman ahal izateko.

 

Izen emate epea zabalik

Udako Olan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko.

Ez dugu esperientziarik eskatzen, deskubritzeko gogoa baino ez.

Edozein gaztek har dezake parte. Udako giroan, herri liluragarri batean eta lehen mailako sortzaileen eskutik eskura.

Izena emateko: https://www.loraldia.eus/gaztea/udako-ola