Urtero bezala, etorkizunari begira agurtuko da Loraldia Festibala, Gerorik balego ekitaldiarekin

gerorik balego - Loraldia Festibala

Urtero bezala, etorkizunari begira agurtuko da Loraldia Festibala, Gerorik balego ekitaldiarekin

  • Gerorik balego ikuskizunean literatura, bertsolaritza eta musika batzen dira Loraldia Festibalaren zortzigarren edizioari agur esateko. Urtero bezala, formato honetako ekintzak ixten du Loraldia.
  • Alaine Agirrek testu original bat sortu du ekitaldi honetarako, eta pieza hori abiapuntu hartuta, hiru bertsolarik eta musikari batek beraien pieza propioak sortu beharko dituzte.
  • Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programarekin elkarlanean burututako ekintza da eta Museoaren 25. urteurrenaren ekintzen programazioaren baitan dago.

Loraldia Festibalari agur esateko Loraldia Kultur Elkarteak Gerorik balego ikuskizuna prestatu du. Literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen ekitaldia da, urtero berdina eta desberdina dena aldi berean. Aurten, Alaine Agirrek sortu du hasiapuntu bezala erabiliko den testu pieza, eta Oihana Bartra, Amaia AgirreNerea Ibarzabal bertsolariek testu horren inguruan bertsoak sortu beharko dituzte. Olatz Salvador ere bertan egongo da, eta, bertsolariak bezala, gaiarekin zerikusia duen pieza bat sortu beharko du.

Urtero berdin, urtero desberdin

Loraldia Festibalak, agur moduan, ekitaldi honen formatua errepikatzen du urtero: Loraldia Kultur Elkarteak idazle bat aukeratu eta geroa gai hartuta, testu bat idazten du.  Idazki hau oinarri, beste zenbait artistek bertsoak eta musika piezak sortzen dituzte.
Harkaitz Canori egokitu zitzaion klasiko honi hasiera ematea, Bilbao – Baobil testuarekin. Ondoren Angel Lertxundi etorri zen, Etorkizuna perfektua balitz piezarekin.
Hirugarren edizioan Kirmen Uriberen Demain, Morgen testuarekin agur esan zioten festibalari. Arantza Urretabizkaiari tokatu zitzaion laugarren txanda, eta Etorkizunak harrapatuta prestatu zuen Loraldiaren azken egunerako.
Bostgarren edizioan Bustinezko etorkizunak agur esan zion festibalari, Itxaro Bordaren sorkuntza. Seigarren edizioaren kasuan ez zen ekitaldi hau ospatu pandemiaren ondorioz,

baina 2021ko edizioan Unai Elorriagak berreskuratu zuen ohitura, Geroa. Gero urruna: 5540. urtea testuarekin. 

Bertsolaritzari dagokionez, bertsolari xorta nabarmenak parte hartu du: Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Miren Amuriza, Alaia Martin, Jone Uria eta Joseba Santxo. 

Musika arloan, Gorka Benitez, Anjel Unzu, Igelaren Banda, Joserra Senperena eta Fernando Velazquez pasatu dira ekitalditik.

Aurtengo Gerorik balego sorkuntzari Olatz Salvadorrek jarriko dio musika.

Alaine Agirre

Alaine Agirre idazle bizkaitarra da.  Haur eta gazte literatura aritzen da normalean, eta 2013an bere lehendabiziko lana argitaratu zuen, Nire potxolina maitea deiturikoa. Hurrengo urteetan beste hainbeste liburu eta nobelak kaleratu ditu, azkena Karena izanda, 2021ean publikatutakoa. 

TopArterekin elkarlanean

Gerorik balego Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan egingo da, TopArte programari esker. Toparte programa sektore teknikoko, artistikoko eta kulturaleko sormen-lana batzen duen lan talde batetik sortzen da. 

Aurten, gainera, Guggenheim Bilbao Museoaren 25. urteurrena ospatzeko antolatu diren ekintzen egitarauan sartu da hau.