Hitzaurrea proiektuak eskuratu du Loraldia Sormen Digitala Bekaren bigarren edizioan

Loraldia sormen digitala beka

Hitzaurrea proiektuak eskuratu du Loraldia Sormen Digitala Bekaren bigarren edizioan

  • Hitzaurrea proiektua izan da Loraldia Sormen Digitala Bekaren bigarren edizioaren irabazlea, aurkeztu izan diren 19 proiektuen artean.
  • Hitzaurrea egitasmoaren atzean Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrika taldeak daude, eta Irati Agirreazkuenaga, Xabier Landabidea, Eneko Olazabal eta Mikel Ayllon dira taldekideak.
  • Euskarazko sormen digitaleko proiektu bat garatzeko aukera eskaintzen du deialdiak. 10.000€ko ordainsaria izango du bekak eta emaitza 2025eko Loraldia Festibalaren 11. edizioan aurkeztuko da.

 

Loraldiak Sormen Digitala Beka baterako deialdia egin zuen 2023ko irailean, bigarren urtez. Beka honen helburuak euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaintzea dira. 

Azaroan bukatu zen egitasmoak aurkezteko epea eta guztira 19 proposamen jaso izan dira, mota askotarikoak.

Beka honen bigarren edizioak 10.000,00 €ko ekarpena izango du. Ekarpen honekin, bekaren onuradunek aurkeztutako proiektu digitalaren sorkuntza prozesua eta plazaratzea lagunduko dira.

Beka hau Hitzaurrea proiektuarentzat izatea erabaki du Loraldiak.

 

Hitzaurrea proiektuaz

Hitzaurrea egitasmoaren atzean Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrika taldeak daude, eta Irati Agirreazkuenaga, Xabier Landabidea, Eneko Olazabal eta Mikel Ayllon dira taldekideak.

Bizi dugun garaiaren inguruko hausnarketa egitea du helburu Hitzaurreak: aldaketa digital eta teknologikoen aurrean poszionamendu eraikitzaile bat sortzeko.
Horrela, teknologia erabiliko da gauzak elkarrekin egin ahal izateko, kalera irteteko, inguru hurbila esploratzeko (ez isolatzeko), tele-jardunerako eta arreta gure inguru hurbiletik arreta-gune globaletara bideratzeko. Teknologia gizakiaren protesia da, eta giza-agentziaren luzapen moduan dator planteamendu honetan; ez du gizakia baldintzatzen, areagotu egiten du.

Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrika taldeak aspalditik dabiltza fikzioaren eta hiperfikzioaren aukerak ikertzeko lanean, eta teknologia digitalek gure egunerokoan esku hartzeko eskaintzen dizkiguten zirrikituak arakatzen jarraitzeko asmoa dute, teknologiaren eta mundu digitalaren aurrerabidea geldiezina baita. 

Errealitatea beste bat da orain, makina eta gizakien arteko muga gero eta lausoagoekin, errealitate analogiko eta digitalaren arteko nahasketarekin. Eta oraina ulertzea da etorkizun bat izateko modu bakarra.

Izan ere, etorkizuna gaur gertatzen ari da.

Mundu digitalean habiratuko den istorio bat sortuko dute eta istorio horren euskarri nagusia soinua izango da. Baina tresna digital horrek mundu analogikoan barrena eramango gaitu. 

Istorioaren atal bakoitzaren amaieran, entzuleak bi aukeraren artean hautatu beharko du. Abiapuntu jakin batetik, bide bat edo beste hartuko du jokalariak bidaia bat sortzeko. Bidaia horretan, etxetik kalera ateratzeko gonbita jasoko du. Kontakizunak jokalaria bere herrian barrena eramango du. Normalean ikusten eta entzuten ditugun lekuetara joango gara, baina soinu-fikzioaren geruza erantsiari esker, gure begi-belarriek beste errealitate bat ikus-entzungo dute.

Egikaritzea

Proiektuaren sormen prozesuari hasiera emango zaio datorren urtearen hasieran.  Esperimentaziorako eta ikerketarako tartea hasiko da eta 12-13 hilabetez luzatuko da sormena. 2025eko martxoan, Loraldia festibalaren 11. edizioan, emaitza aurkeztuko dugu.