2023-2024 ikasturteko Loraldia Eskolako lanen fruitua maiatza eta ekainean zehar erakutsiko da, Igorren, Bilbon eta Durangon
- Loraldiak urtero bideratzen duen Loraldia Eskola ekimenak 5 ekitaldi antolatu ditu aurtengo edizioan, Bilbo, Igorre eta Durangoko zenbait ikastetxerekin.
- Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleen lanaren emaitza datozen asteetan zehar ikusiko dugu.
- Ekitaldiak baino lehen, maiatzaren 17an, Loraldia Eskolak hezkuntzan zentratuta dagoen topaketa bat antolatu du.
Loraldiak Eskola proiektua urtero antolatzen du, eta aurtengo edizioan zazpi ikastetxe ezberdinekin lan egin izan du. Horietako hirutan burututako proiektuak erakutsiko dira, antolatu diren emanaldi ezberdinetan, maiatza eta ekainean zehar ikusiko ditugunak. Aurten, ekintza hauek Bilbon, Igorren eta Durango burutuko dira.
Aurtengo emanaldiak Lehen Hezkuntza eta DBH maila desberdinetako ikasleei zuzenduta daude, baina Haur Hezkuntza eta Batxilergo arteko ikasleentzat dago zuzenduta eskaintza.
Eskola proiektuak dituen helburuei dagokienez, oso anitzak dira: euskararen erabilera sustatzea eta euskal kulturarekiko atxikimendua lantzea; sormena suspertzea eta kultur disziplinak ezagutu eta praktikatzea; ahozko eta gorputz adierazpena lantzea; elkarlana lantzea eta kulturartekotasuna eta aniztasuna lantzea.
Loraldia Eskola ekimenaren 2023-2024 ikasturteko ekitaldiak
2023-2024 ikasturtean zehar landu dituzte proiektu hauek, eta maiatza eta ekaina bitartean Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasle hauen lanaren fruituez gozatzeko aukera izango dugu.
Horrela, gure kulturaren arlo diferenteak ukitzen dituzten ekitaldi hauek prestatu dituzte: Migrazioa erdigunean pastorala; Lur; Berpizte bat poesiari; Irrati magikoa, gure bizitzaren musika eta Ostendu gabeko altxorra.
Igorre
Inazio Zubizarreta Eskolako LHko 5. mailako ikasleek migrazioaren gaia oholtza gainean jarriko dute Migrazioa erdigunean pastorala ekitaldian.
Pastoral hau hiru atal desberdin izango ditu, denak migrazioa gai zentral izanda: Lehenengoa 1937an zentratuta, Gerra Zibilean. Bigarrena gaur egunean gertatzen da, 2024an. Hirugarrena, eta azkena, etorkizuneko Euskal Herrian hasiko da, 2124. urtean.
Guztira, 56 ikasle elkarlanean aritu dira ekitaldi hau aurrera eramateko, eta maiatzaren 24an izango dugu aukera beraien lanaz gozatzeko. Igorreko Lasarte aretoan izango da, eta bi emanaldi egongo dira: 11:30ean eta 17:00ean.
Bilbo
Urretxindorra ikastolako LH eta DBHko ikasleek musikari eskainiko dizkiote bi ekitaldi: Irrati magikoa, gure bizitzaren musika eta Ostendu gabeko altxorra.
Lehen Hezkuntzako 6. mailako 80 ikaslek Irrati magikoa, gure bizitzaren musika ekitaldia prestatu dute ikasturtean zehar. Ikasleek itxuraz oso arrunta ez den familia baten istorioa kontatuko dute, Amama Izaroren urtebetetzea egun berezian. Abestien bitartez iragana, oraina eta etorkizuna disfrutatu, ospatu eta ikusiko dute, elkarrekin.
Maiatzaren 29an izango dugu ekitaldi honetaz disfrutatzeko aukera, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.
DBHko 2. mailako ikasleek belaunaldi desberdinetako hiru emakumeren abentura kontatuko digute Ostendu gabeko altxorran.
62 ikasle izan dira ekitaldi hau aurrera eraman izan dutenak, eta kontatuko diguten istorioa alaba, ama eta amama baten abenturan zentratuko da. Hiru emakume hauek ostendu gabeko altxorraren bilaketan murgilduta daude, baina konturatuko dira benetako altxorra beren bihotz eta oroimenetan dagoela. Musikaren bitartez, hamarkadetan zehar entzundako abestien bitartez hain zuen, haien hizkuntza arakatuko dute.
Durango
San Antonio Ikastetxeko ikasleak poesian zentratuko dira Berpizte bat poesiari eta Lur ekitaldietan.
Durangoko ikasle hauek bi ekitaldi prestatu dituzte. Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek Lur emanaldia antolatu dute, eta izen bera duen protagonistaren bizitzan zentratuko da. Haurtzaro eta gaztaroan naturari guztiz lotuta egotetik, helduaroan deskonekxio totalera pasatzera. Hala ere, beti dago esperantzarako tartea. Guztira, 50 ikaslek ekitaldi hau prestatu dute.
DBHko 4. mailako 52 ikaslek bi ataletan banatuta dagoen pastoral bat landu dute urtean zehar: Berpizte bat poesiari. Lehenengo atala Joseba Sarrionandia Euskal Herrira bueltatu zenean gertatzen da, 2021. urtean. Bigarrenean iraganera joango gara, 1985. urtera. Urte horretan Joseba Sarrionandiak Martuteneko espetxetik ihes egin zuen.
Bi emanaldi hauek ekainaren 5ean plazaratuko dituzte, Durangoko San Agustin Kultur Gunean.
Loraldia Eskola II Topaketa. Euskarazko kultur transmisiorako giltzak irakaskuntza aratuan
Ikasleek antolatutako lanen estreinaldia baino lehen, maiatzaren 17an hain zuzen, Loraldia Eskolak topaketa bat antolatu du, irakaskuntza ingurunean eta euskal kulturaren transmisioaz eztabaidatzeko.
Euskararen Etxean elkartuko gara 10:00etan, eta goiz osoan zehar zenbait aurkezpen eta mahai inguru izango ditugu. Hezkuntza arlora zuzenduta dago, eta helburu nagusiak guztion artean esperientziak partekatzea eta Loraldia Eskola ezagutaraztea dira. Topaketa presentziala izango da, baina streaming bidez jarraitzeko aukera ere badago, izena emanda.