Loraldia Eskolako ikasturte honetako proiektuen emaitza ikusgai zenbait emanaldietan
Loraldia Eskola zazpi ikastetxetan izan da 2022-23 ikasturtean zehar.
Bederatzi proiektu ezberdin garatu ditugu, 17 taldetan eta 342 ikaslek parte hartu dute.
Hilabete hauetan egindako lan guztia erakusteko asmoz, horietako sei ikastetxek zortzi emanaldi antolatu dituzte.
Agenda osotuta dago. Ekintzaren bat ikustera etorri nahi duen hezkuntzako profesional orok gurekin harremanetan jar daiteke kudeaketa@loraldia.eus posta elektronikora mezu bat igorriz.
Emanaldien agenda
BILBOKO GABRIEL ARESTI BHI
GERNIKAKO PORTALEAN ikuskizuna
DBH3 ko 26 ikasle.
Gidoilaria: Oihane Enbeita.
Ekainak 1, osteguna, 10:00etan, Bilboko Gabriel Aresti institutoan.
Urriko azken astelehenean elkartuko dira Igor, Klara eta Ilargi. Jaia eta parranda nabariak dira Gernikako kaleetan, baina Klarak bihozkada bat dauka eta amama Delfinak hil aurretik esandako hitz batzuk ditu buruan bueltaka: “Ospatu bizitza, Klara, leku eta momentu egokian hitz egokia esaten baduzu, portale bat irekiko zaizu”. Bidea topatuko ote dute portalea zabaltzeko?
IGORREKO INAZIO ZUBIZARRETA ESKOLA
ARRATIAKO TRANBIA ETA EULALIA ABAITUA pastorala
LH5 eko 52 ikasle
Gidoilaria: Arkaitz Estiballes Ormaetxea
Ekainak 2, ostirala, 17:30ean, Igorreko Lasarte Aretoan
Sarrera doan eta eskuragai, aldez aurretik, Lasarte Aretoko sarreran
Arratiako Tranbiaren (1899-1964) eta Eulalia Abaituaren bizitzak elkar gurutzatuko ditugu hari kronologiko baten bidez. Bide batez garaian garaiko ohitura, lan eta arratiarren zereginak bistaratuko ditugu, baita XX. mendeko gertakari esanguratsuenak ere, hala nola gerra, industrializazioa, landa eremu eta hiriaren arteko dikotomia. Batetik Arratiako bailararentzako tranbiak izan zuen garrantzia azpimarratu, eta bestetik Eulalia Abaituak garai hartan emakumeak gizartean betetzen zuen papera kontuan hartuta, Eulaliak egin zuen lana balorean jarri nahi izan du gidoilariak.
DIMAKO UGARANA HERRI ESKOLA
LANDATIK HIRIRA JOANDA ETORRI pastorala
LH5 eko 21 ikasle.
Gidoilaria: Elena Bezanilla
Ekainak 3, larunbata, 11:00etan Dimako frontoian.
Sarrera: Doan aforoa bete arte.
Ume batzuk bizi ziren Diman. Lur-eremua eta animaliekin bizitzea gustatzen zitzaien eta ez zitzaien ezer falta, pozik bizi ziren. Hala ere, hiria ezagutzeko irrikan zeuden. Jendetza, zarata eta motorren burrunben artean, musika, dantza eta amodioa aurkitu zituzten. Bilbon egun bat igaro ondoren, pozik itzuli ziren Dimara, landak eta hiriak baitute beren alde ona eta ez hain txarra.
DURANGOKO SAN ANTONIO IKASTETXEA
SURRANDI, SURRANDI, GAUR DURANGON NAGUSI pastorala
LH5 eko 39 ikasle.
Gidoilaria: Ainhoa Urien
Ekainak 8, osteguna, 19:00etan, Durangoko San Agustin Kulturgunean.
Sarrera: Doan. Durangoko Historia eta Arte Museoko txarteldegian eskuragai
Euskal Herrian oso errotuta daude inauteriak. Tokian tokiko berezitasunak dituzte inauteriek, eta hainbat herritan badago jaiok ezaugarritzen dituen pertsonaia edo egoerarik. Durangon “Surrandiak” dira inauterietako pertsonaia bereziak, bertakoak.Pastoral honetan inauterien jatorrizko izaerari heldu dio Ainhoa Urien gidoilariak. Horregatik, naturaren zikloak errepresentatuko dira: neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan bidea. Naturari neguko lozorrotik esnatzeko deia egiten zaio, eta ziklo berriari jai-giroan hasiera eman.
DURANGOKO SAN ANTONIO IKASTETXEA
KANTUAREN OINATZETAN ikuskizuna
DBH4 ko 50 ikasle.
Gidoilaria: Itsaso Arrieta
Ekainak 8, osteguna, 19:00etan, Durangoko San Agustin Kulturgunean.
Sarrera: doan. Durangoko Historia eta Arte Museoko txarteldegian eskuragai
Euskal Herriko kantutegi tradizionaletik bidai bat proposatzen da. XVI. mendeko Behe Nafarroan sorturiko kantu batekin emango diogu hasiera bidaiari, eta probintzia ia guztiak gure oinatzetan sentituz, gure kultura osatzen lagundu duten lanbide, borroka, maitasun istorio, sinismen, ohitura etabarrak aurrez-aurre ikusiko ditugu. Gure kantuetan utzi duten aztarna sakon eta ederraren lekuko izango gara. Bidaia on!
ARRIGORRIAGA BHI
PANDERO ERO ikuskizuna
DBH1, DBH2 eta DBH4 ko 8 ikasle.
Gidoilaria: Ane Lindane
Ekainak 19, astelehena, 18:00etan, Arrigorriagako Lonbo aretoan
Janire nerabe euskaldun bat da, baina euskal kulturatik erabat aldenduta dago. Euskal ohiturak, dantzak, musika… aspergarriak direla deritzo, ezer gutxi daki gauza hauei buruz eta ez dauka ezer gehiago jakiteko interesik. Baina bere bidean pertsonaia batzuk agertuko zaizkio eta gauza asko ikasiko ditu euskal musikari esker.
URRETXINDORRA IKASTOLA
SOKARI TIRA ikuskizuna
DBH2 ko 56 ikasle.
Gidoilaria: Galder Perez
Ekainak 20, asteartea, 18:00etan, Bilboko Bizkaia Aretoan.
Sarrera: 3€. www.loraldia.eus eskuragai
Sokari tira eginez, antzinako herriko plaza batera joango gara, XIX. mendeko baserri girotik, 2023. urteko euskal soinu eta erritmoetara. Soka bat, lau istorio eta garai guztietako pertsonaiak. Izan ere, zer da gure musika? Bizipenak, aldarriak, penak eta alaitasunak… Iraganekoak eta gaur egunekoak… Eta auskalo zer dakarren etorkizunekoak. Gure soka eten ez dadin, egin diezaiogun denok sokari tira!
URRETXINDORRA IKASTOLA
BILBOKO UHOLDEAK, 40 URTE pastorala
LH6 ko 54 ikasle.
Gidoilaria: Galder Bilbao
Ekainak 20, asteartea, 18:00etan, Bilboko Bizkaia aretoan.
Sarrera: 3€. www.loraldia.eus eskuragai
1983ko abuztua orokorrean hilabete euritsua izan zen, baina hilaren bukaeran gertatu zena ez zuen inork espero. 40 urte pasa ostean, Bilboko Aste Nagusian gertatu ziren uholdeak oroitu nahi ditugu. Urak hondamendia ekarri zuelako, bai, baina elkartasuna, auzolana eta aukera berriak ere bai.