Loraldia Festibalaren 10. edizioak markak hautsi egin ditu
- Munduari begiratzeko modu bat lelopean burutu da Loraldia Festibalaren 10. edizioa eta balorazioa oso positiboa da arlo guztietan.
- Loraldia Festibalaren 10. edizioak orain arteko marka guztiak hautsi ditu, besteak beste: 25 ikuskari, horietako 11 estreinaldi; 160 sortzailetik gora; ikusle aldetik inoiz izandako kopururik altuena, 5.300; eta Lorazainen komunitatea 2.800 lagunetik gora egin du.
10 urte bete dituen Loraldia Festibala arrakasta handiz bukatu zen martxoaren 23an.
Munduari begiratzeko modu bat lelo pean aurkeztu genuen edizio hau eta esan behar dugu asmo hori bete izan dugula.
Proposamen artistikoen maila gorena azpimarratu nahi dugu. Eta hauetan, Loraldiaren helburuetako bat hausnarketa sustatzea eta euskal identitatearen eta kulturaren iruditegi berria osatzen laguntzea dira. Hauek ere, 10. edizio honetan bete izan ditugu.
Loraldia Festibalaren 10. edizioak orain arteko marka guztiak hautsi izan ditu: bai ikusle aldetik, bai Lorazainen komunitatearen lagun kopuruari dagokionez; eta baita sormen eta sortzaileen arloan ere bai, kopurutan eta kalitatearen ikuspegitik.
Loraldia Festibalaren 10. edizioa datutan
Loraldia Festibalaren 10. edizioak 25 ikuskizun ezberdin eskaini ditu Bilboko 13 gune ezberdinetan. Tamalez, Euskara bihar gogoeta bertan behera utzi behar izan genuen.
25 ikuskari eskaini izan ditugu Loraldia Festibalaren 10. edizioan. Horietatik 11 estreinaldiak izan dira, %44a.
160 sortzailetik gora izan ditugu gurean, belaunaldi ezberdinekoak, kultur erreferenteak eta sortzaile berriak. Edozein kasutan, denek sormen maila gorena erakutsi dute. Sortzaile talde handi honetatik %69a emakumeak izan dira.
Bilbo euskal kulturaren erdigunea bilakatu da hiru astetan. Kultur espazio eta gune handietara heldu gara eta baita euskaraz sortutako proposamenak ohikoan heltzen ez diren beste espazio zenbaitetara ere bai. Honetan, aurten berrikuntza bat sartu dugu eta kultura eta natura elkartu ditugu, mendi irteera baten bitartez.
Ikusle kopuru aldetik, Loraldia Festibalaren 10. edizioak 5.300 ikusletik gora izan ditu, inoizko markarik altuena. Esan beharra dago, gainera, Loraldiaren komunitatea nabarmen hazi dela edizio honetan: lehenengoz festibalera hurbildu den ikusle kopuru handia izan dugu eta 2.856 Lorazain biltzen ditu Loraldiaren jarraitzaileen taldeak une honetan, aurreko edizioan baino 636 gehiago.
Balorazio artistikoa
Dabilen herriari
Ibili ibilian hamargarren ediziora ailegatu da Loraldia festibala. Urtez urte bidegileak izan gara. Aurtengo berrikuntzen artean mendi txango bat eskaini genuen. Bertako basoetan Bilbo aldeko bost emakumeren bizitza pasarteak ezagutu genituen eta bertan entzun genuen “Dabilen herriari ez zaio goroldiorik lotzen”. Axularren esaera zaharraren moldaketa berriarekin laburbildu nahi dugu gure jarduna. Herrigintzan dihardugu. Geldiezina den euskara herria.
Hasiera bat: “Ez naiz Laboa”. Otsaila zen Bilbon, Abandoibarreko Bizkaia Aretoan Laboaren oroimina gordetzen duen erakusketa bat zabaldu genuenean. “Izan liteke kostelazioa, izan gabe izar” abiapuntu.
Abangoardiaren abagunea
Kontuan hartzen badugu Mikel Laboa gure kultur garaikidean izan dugun egilerik abangoardistetako bat izan dela, hasiera ezin hobea zen.
Laboaren itzala luze-luzea da, ezbairik gabe. Horrela, Laboa beste hainbat alditan agertu zaigu hamargarren festibal honetan.
La Fundicionen plazaratu genuen “Dada ü Lala” teatro performatiboaren hasieran “Lekeitio 5. Komunikazio – Inkomunikazioa” entzun genuen eta Neomak taldeak Arriagan Laboa bertsionatu zuen pandeoarekin, Lete eta Lertxundirekin batera.
Bestaldetik, Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagaren “AMAraun” lanean “Gogo eta Gorputzaren Zilbor hesteak” kantatu eta irudikatu zen. Ibarrekolandako arte-ikasleek, berriz, ekarri zituzten gogora: Lili bat, Hegazti Errariak, Sustraiak han dituenak, Gernika… Eta festibalaren amaieran, Jon Maiaren Kantu Berri bat Gara ikuskarian Laboaren aipuak ugariak izan ziren. Bereterretxeren Kanthoria entzun genuen, gure lehen baladaren transmisioa Laboari sor diogu, besteak beste.
Hala ere, foku osoa Ai Gure Juaneteak sormen lanean hartu zuen. Itsasmuseumen Patxo Telleriaren azken lanaren bihotza zen. Laboaren kantek spoken words bihurturik bestelako hegaldia hartu zuten. Gure abangoardiaren katea ez da inolaz ere eteten. Loraldia begi-kate bat baino ez da.
Lehen matxinada
Tamalez, “Euskara bihar” gogoeta bertan behera geratu zen Jon Sarasuaren osasun arazoak direla medio. Osatu ahala berreskuratzeko asmoa dugu. Ezinbestekoa baitzaigu etorkizuneko plan hori.
Lehen emanaldiak ozen oihukatzen zuen lau haizetara: “Sustraien matxinada”. Lehen matxinada horretan eroso sentitu ginen.
Berasmatzea, beregituratzea, berrabiaztea… baitugu gustuko. Gure sustraiak ondo erroturik daude. Altxa ditzagun enbor eta adar berriak. Txistua (Garikoitz Mendizabal) eta soinua (Gorka Hermosa) elkartu ziren munduan zehar bidaiatzeko: fandango, flamenkoa, rumba, saltsa, balada, garaikidea… eta hiru poetaren hitzak bidaiateko maletetan. Herbarioak eta loraldiak mintzagai Nerea Arrien, Toti Martinez de Lezea eta Leire Bilbaoren ahotsetan. Altxamendurako deialdia zen.
Euskal Herria 2050
Gure munduaren begirada iraultzeko prestatu ginen.
Horregatik ez ginen harritu hurrengo geltokian 2050. urtean agertu ginenean. “Gorputzaren atzean” Loraldiak plazaratutako beka digital baten emaitza zen. Katixa Agirre idazlearen istorio harrigarri bat eszenan. Biki digitalekin dantzan. Memoria auzitan. Dena zen berri, dena etorkizun. Datorkigun gero digitalari buruz hausnartzeko parada.
Baina Loraldian atzera joatea, aurrera goazen indar berarekin gustuko dugu. Uxue Alberdik “Belarriko kilkerra”ren bidez gure memorian gordetzen diren istorio xelebreak biltzen ditu. Ahozkotasuna lantzen du etengabe eta izugarrizko bilduma xarmangarria ondu du. Aitonari kilker disekatu bat aurkitu omen diote belarrian. Ez zen gorra, beraz. Transmisioaren bidean ibiltzen diren istorioak.
Lehengoa eta oraina. Tradizioa eta garaikidea. Bikote hauen harien artean korapilatzen da Basabiren “Oma”. Eszena ikusgarri bat arte bisualez orniturik eta audioan txalaparta eta musika klasikoa gurutzatzen den soinua. Disko berria oso-osorik jo zuten doitasun handiz. Zinema-ametsak sortzeko emanaldi bikaina.
Gabiltzalako gaude hain zikin
Gurea, berriz, ez da dibertimendu hutsa. Hitzak erabiliz gure identitatea sortzen dugu. “Hiria lokatzetan” ekoizpenak Euskal Hiriari begira feminista ekarri zion. Sormen taldea ez zen makala: Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Ainara Lasa, Amagoia Gurutxaga, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoña. Horrez gain, goi mailako gonbidatuak: Oihane Ruiz, Laura Penagos, Maite Sarasola eta Asier Urkiza.
Kritikoa eta poetikoa, non gozatzeko katiuska mentalak jantzi behar diren. Oihane Ruizek adierazi zuen espazioa politikoa zela, munduko populazio gehiena hiritartzen ari den bitartean. Laura Penagos kolonbiar euskaldunaren aitorpenak harritu gintuen. Haren desherriari lurra eman baitio euskarak. Ahaztezina Amurizaren izekoren bizitza atzekoz aurrera kontaturik. Ispazterretik Bilbora zihoan bizitza petrala, matxismoak zapalduta.
Lourdes Iriondoren “Hala ere” (“gabiltzalako gaude hain zikin”) moldatu zuen Miren Narbaizak, 50 urteren buruan, zuzeneko podkast honen sintonia ontzeko.
Gerra izugarrikeriaren aurka, Gaza gogoan
Arte lan txikiak eta gertutasuna izugarri gustatzen zaigu, horregatik La Fundición ohiko aretoa dugu. Aurten bi sormen arabar ikusi ahal izan genituen. “Dudu ü Lala” estreinaldia zen. Josune Mendizabal eta Ane Gebara bikote artistikoak sortua. Dadaismoa Lehen Gerra Mundialaren izugarrikeiaren aurka sortu zen. Mendizabal eta Gebararen lan artistiko zentzugabearen aurrean kokatu ginen. Absurdoa lantzen duena, bi ipurdien arteko solasaldia agertzeraino. Hitzak birrintzen zituzten (fisikoki ere bai, paper birringailu baten bidez) eta dena kolokan jarri zuten, umorearen arma erabiliz.
Jarraian., Aitor Vinagretek hartu zuen eszena, Arma tiro pum lanarekin. Hitzik gabe, gorputzaren bidez, gerra baten pasarte bat eszenaratu zuen maisuki. Bukaeran 1937ko apirila Gernikan alde batetik, eta bestetik 2024ko martxoa Gazan, Palestinan, aipatu zituen. Genozidioaren aurkako kultur garrasi latza.
Ikusletegiak
Bigarren astean beste berrikuntza bat plazaratu genuen: ikusletegia. Ekimen berri honen xedea sormenaren testuinguruak ezagutzea da. Hiru proposatu genituen.
Lorea Agirrek Joan Mari Torrealdairen dekalogoa ekarri zuen. Militante profesional eta independente honen lana herrigintzan nola txertatu zen kontatu zigun. “Subsumituta dago gure hizkuntza” zioen.
Bigarren ikusletegia, berriz, Ixiar Orejak gidatu zuen, Kirmen Uribe eta haren familiaren arteko harremana jorratuz. Uriberen poesia maite zuen eta gogoan izan zuen Aitzol Aramaio joan zitzaigun zinegilea eta ondarrutar laguna. “Bizitza marabilli!” aldarrikatu zuen panderoa eta trikitixa (Ixiarren ahizpa den Amaiaren eskuetan) joz.
Hirugarren ikusletegiak Zeberio aldera eraman gintuzen. Agurtzane Intxaurragak Maurizia Aldaiturriaga jarri zuen jomugan, eta berarekin batera beste hanbeste emakume pandero jotzaile aitzindariak. Panderoa orain dela 8.000 urte sortu zen musika tresnak asko eman dio euskal musikagintzari eta gaur egun Aupa Maurizia! benetako ikurra da. Askatasunaren ikurra.
Memoria hustu eta biluztu
Joan Mari Torrealdairen artxiboak, berriz, abiapuntu zituen “Artxibo Biluzia” Metrokuadrokaren performanceak. “Biluztu naute intelektualki” esan omen zuen Torrealdaik Guardia Zibiliak bere etxea arakatu eta hustu zuenean. Honen gaineko sormenak absurdoaren bidean abiatu zen. Memoria hustu eta biluztu zuten bi aktoreek. Gure euskararen erreferente handia izan zen Torrealdai gogoan.
20 urteko memoria berriztu zuten Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak eta Mikel Valverdek. Orain dela bi hamarkada New Yorken estreinatu zen “Zaharregia, txikiegia agian” ikuskizuna eguneratu dute. Arte bisualak, kantu berriak (bereziki hunkigarria drogari eskainia) eta musikari berriak igo ziren Arriagako eszenatokira. Uriberen “Bitartean heldu eskutik” eta beste hamaika poemak gure bihotzak kuzkurtu zituen. “Kideari” (berriro Aitzol Aramaio gogoan) eta “Mundiari Begiratzeko”, besteak beste, entzun genituen. Gure munduari begiratzeko ikuskera aldarrikatzea dugu xede.
Maurizia pandero jotzailearen oinordekoak ditugu Neomak. Haiekin irrintziaren matxinada altxatu zen. Emakumeen aldarrikapenak ozenki entzun eta dantzatu genituen. Festa erraldoia. Gure sutraietatik abiatuta, tekno eta sanplerrekin uztarturik, jarrera eta musika garaikidea ontzen dute sei emakume gazte hauek. Arriaga lepo. Zutik eta poz handiz bukatu zen lurrikara musikala. Festibalak goia jo zuen.
Herrariak
Patxo Telleria ez da Laboa. Baina haren kantuak hartu ditu egundoko sormen ederra burutzeko. Estreinaldia zen. Aretoa berriro lepo. Teatrogilea poeta eta rap egile bihurtu da oraingoan. Hitz uholdea. Errima ur-jauzi itzela. Anti-heroia protagonista eta bi musikari laguntzaile (Maider Lopez, biola, eta Adrian de los Ojos, pianoa eta txistua) alboan. “Ai Gure Juaneteak” denon erraiak astintzen dituen sormen bikaina da. Guri buruz mintzo dena.
“Hegazti errariak” kantak ematen dio zentzua Telleriaren sormenari. Horregatik Zumetaren txorien antza zuten hegaztiak azaleratu zirenean, gure bihotzak krak egin zuen.
Noiz bukatu zen zibilizazioa?
Laboaren barrunbetik mendira jo genuen. Mendi ibilbide gidatu bat diseinatu genuen, Otxarkoagatik Deustura, Iturritxualde (Avril) eta Artxanda mendien magalean zehar. Natura eta kultura uztartzeko asmoarekin bost bizitza puskak sarti genituen motxilan, itzalean zeuden hainbat emakume argietara ekartzeko asmoz: Dolores Ibarruri, La Pasionaria. Politikari komunista; Juanita Mir. Kazetaria, 1937an fusilatu zuten Bilbon; Bizenta Mogel. Ipui onac, lehenengo euskal emakume idazlea; Adelina Méndez de la Torre. Feminismoaz idatzi zuen; Martzelina Elesgarai Arrospide. La Busturiana jatetxearen jabea.
Gure memoria astindu eta emakumeen arteko ahizpatasuna islatu zuen eskutitzen bidez, Irati Agirreazkuenagak. Bosten bizipen hauek beste bost istoriorekin uztartzen ziren.
Horien artean Historiaurreko femur hautsiaren aztarna aipatzen duen narrazio laburra entzun genuen. Femurra orain dela 4.000 urtekoa zen eta gure zibilizazioaren erakusgarri, historiaurreko andre hori tribuko lagunek zaindu baitzuten. Orduan, noiz bukatu zen zibilizazioa? galdetu zuen arkeologia ikasle batek. Noiz galdu genuen elkarri zaintzeko bulkada? Berriro ere ankerkeriaren aurkako kultur gogoeta.
Mendi ibilbide honetan eta natura eta kultura uztarketaren bidean bi kontzertu txiki entzun ahal izan genuen. Iturritxualdeko basoetan Mirua hirukote gazteak kanta xorta xarmangarri ondu zuen. Gariren Amapola edota Ruper Ordorikaren Martin Larralde tartekatu ziren tolosarren kantu propioekin. Ibilbidearen amaieran ahots zuriak agertu ziren. Jatorki abesbatzaren emakume zortzikoteak oso errepertorio originala eskaini ziguten. Sorozabalek, Iparragirrek… alaitu zituzten Pikotamendiko zelai berdeak. Ahots finak, ahots dotoreak, ahots gureak. Gozamena, zinez.
Egun bereko iluntzean, Zuberoako Urdinarbetik Bilbora ailegatu zen Jean Mixel Bedaxagar kantari eta txirulari historikoarekin genuen hitzordua. Etnografia adierazpen bat. Zuberoako txoriek, Etxahun Irurik, Nafarroako Bardeetako artzainek… osatu zuten, besteak beste, kontzertu klasiko hau. “Europa hau ez zaigu gustatzen” adierazi zuen zuberotarrak, une batez. Kantari erraldoiaren aldamenean Juan Mari Beltran, herri musikari bikainetako bat.
Athletic elastikoz jantzita gabarretoa gidatzen zuenekoa
Igande eguzkitsua zen Guggenheimen. Iban Zaldua Gasteizetik heldu zen ipuin berri batekin besapean. “Bihar, atzo, gaur, bihar” izenburuak adierazten duen bezala denboaren nahasi bat.
Etorkizun hurbilean, denboran bidaiatzeko makina asmaturik omen zegoen. Horrela, ikusi genuen Bilbo antzinean, gaurko garaietan eta etorkizunean aldi berean. Turismo zuen mintzagai. XIX. mendeko Zamakoladatik XXI. mende bukaerako gabarretora (Bilbok Venezia itxura izango ote du geroan, Uholde Handiaren ostean) egin genuen bidaia. Iban Zaldua ipuingile bikaina da eta oraingoan harrapatu gintuen haren sareetan. Soinu bandan Iruñako Ibil Bedi taldea. Gaur egungo gure musikagintzan dagoen bandarik nabarmenetako bat. Alaia Martin, Miren Artetxe eta Amaia Agirre bertsogintzan ipuinari dirdira atera zioten. Ikuskizun biribil bat, non soka guztiak elkarlotzen ziren bikain. Non kapitalismoak sortu duen turismo eredua kolokan jartzen zuen.
Euskal zinema legea aldarrika dabil
Bigarren asteburua zinemarekin itxi genuen. Euskal Zinema, euskaraz egiten den zinema da. Pellokeria dirudi, baina tamalez ez da horrela. Aurten euskaraz estreinatuko den filmerik hunkigarrienetako bat ikusi ahal izan genuen: “Bizkarsoro”. Josu Martinez zinegileak bost urtetan sortu duen ezinbesteko ikus-entzunezko pieza. Iparraldeko euskararen historia kontatzen du XX. mendean zehar, 70 urtetan, hain zuzen.
Iparraldean, mende hasieran apenas zekiten frantseseraz (Marsellesa ereserkia ez zekiten bezalaxe), baina urteak joan ahala, euskara ezabatu zuten errepresioaren ondorioz, geurea amildegian jarri arte. Azkenik, ikastolen sorrerak esperantza izpiak biztu ditu. Berpizkunde honen ibilbide malkartsua agerian da. Filmak hau dena kontatzen du bost kapitulutan eta ikusleak hunkitzen ditu zeharo.
Film osteko solasaldia Martxelo Otamendik gidatu zuen eta filmaren giltzak ezagutu genituen. Adibidez, nola Madrilek ez duen baimena eman zine komertzialetan plantailaratzeko. Horregatik, Josu Martinezek euskal zinemaren legea (Katalunian badute) aldarrikatu zuen. Babesa eskatu zuen, etorkizuna nahi badugu.
Ziripot berri bat
Hirugarren astean, azken txanpan sartu ginen. Lapurditik heldu zen Bilaka dantza konpainia. “Mitologia Txikiak” proposamen artistikoa sekulako sormen ederra, irudimentsua eta berritzailea da. Euskal iruditeria berri bat eskaintzen digun horietakoa da. Gure mitologia eta inauteriak arakatzen ditu eta pertsonaia berriak plazaratzen ditu. Pertsonaiak, hain zuzen, poetikoak eta harrigarriak dira. Goi mailako dantza garaikide honek gure sustraiak matxinatzen ditu eta opari ikusgarria da.
Emakumeen begiraden ildotik, “AMAraun” lana heldu zitzaigun. Oihana Iguaran bertsolaria, idazlea eta honetan dantzaria ere, Amaiur Luluaga dantzariarekin batera amatasunaren hariak harikaltzen ditu, bertso, dantza, kanta eta teatroaren bidez. Guztiz originala den proposamen artistikoa da. Garaikidea oso, emakumea erdigunean jarriz.
Festibala eten zen. Korrika bazetorren Bilbora. Lekukoa eraman genuen. Gu ere euskarare alde. Etorkizunaren alde.
Hiru estreinaldi Terminalean
Azken asteburuaren hasieran La Terninalera abiatu ginen. Gazte sormenaren lantegi zahar horretan hiru emanaldi jarraian antolatu genituen.
Lehena estreinaldia zen. Hobeto esanda aurrestreialdia. Ikusleen aurrean lehen proba, alegia. Lokatz Loreak sormen taldeak (hiru bertsolari gazte dira: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao) “Itzal(iko) bagina” plazaratu zuen. Gazteen bizitza eta begirada jorratuz, bertso-lan freskagarria ondu zuten. Emanaldia nahiko teatralizaturik dago eta estetika oso landua. Bertsogintzan esperimentazioak ez du mugarik.
Bigarren emanaldiak Eñaut Zubizarreta txelo jotzailea zuen protagonista. Trigger du ezizen eta berarekin batera Amaiur Luluaga dantzariak eta Iñigo Xalbador saxojoleak parte hartzen dute. Estreinaldia zen lan hau ere. Moru izeneko migrante baten bizitza kontatzen dute, Lekeitiora heldu arte. Pausuz pausu doaz bizi-pasarteak. Horrela ere, gai musikalek koreografia batekin partekatzen dute. Giro leun, hauskor… sortzen da eszenan, maitasun handiz eginiko lan artistiko honetan.
Loraldia Terminalaren ateak ixteko Ibarrekolandako arte-ikasleak igo ziren tauletara. Aretoa lepo, giro beroa, irrikitan gazte-gazte hauek sortu duten piezarekin gozatzeko. “Sarri min ematen du akordatzeak” izeneko lan artistikoak Joseba Sarrionandiaren poesia du oinarri. Tamalez Sarrionandiak ezin izan zuen partekatu estreinaldi honen berotasuna.
Poemak, kantak, dantzak, dramaturgiak, ikus-entzunezkoak… sormena itzela da. Biribila. Lehengoa eta gaurkoa uztartzen dute. “Nekez uzten du bere lurra sustraiak han dituenak” berriro ere desherria, erbestea… Sarrionandiaren iruditeria ordu betean islaturik. Gerraren aurkako aldarria, Gaza berriro ere gogoan. Picassoren Guernica eta Elorrieta-Sarrionandiak sortutako izen bereko kanta harturik sekulako koreografia eszenaratu zuten. Hunkigarria. Ikusgarria. Gazteek sekulako arrakasta besarkadak jaso zituzten amaieran.
Ametsak dituen herria
Festibalaren amaierara heldu ginen, Jon Maiak biribildu zuen goroldiorik gabeko ibilbide hau. “Kantu Berri bat Gara” lan artistikoaren epikak eta diskurtsoak ezin hobeto itxi zuen hamargarrena.
Amets egiteko gonbite erraldoia da. Etorkizuna sortzeko ahalegina. Eginkizun honetan inor ez dago soberan. Horregatik “Euskal Herria B” kanta. Inoiz aipatzen ez diren euskal herritarren omenez. Euskaldunako taulak sinboloz bete ziren. Otxarkoagako euskaltzaleak (Paya konpartsa), Ijito euskaldunak (Amuge Elkartea), Senagaleko Boubacar Diouf (manteroen ordezkaria), Arbolantxako biztanlea den Nerea Lizarralde, Lutxo Egia (Santanderren jaiotako euskalduna), Joserra Etxebarria (euskalgintzako aitzindaria)…
Gutaz ari da “Kantu Berri Bat Gara” eta nahi dugun herriaz. Silvio Rodriguez ez zen etorri baina bertan egon zen “Nostalgia” kantaren baitan. Oparien artean dirdiratsuenetako bat Garik jarri zuen. Maiak eta Garik batera kantatu zuten eta aretoko graduak igo ziren. Hiru ordutik gertu geratu zen itzelezko ikuskizun hau. Zer gara gu? Nor gara gu? Kantu bat gara!
Kalera irten ginen. Gaua abaildu zen. Iluntasunean, Euskaldunako horman Harrobi dantza bertikala konpainiaren “Geure(r)a” zegoen zintzilik. Hiru dantzari bertikal eta arte bisualak. Anbotoko dama, ur-jauziak, gure baso infinituak, sorginak… eta emakume zapalduari omenaldia. Pieza xarmangarria, musika zuzenean (Juantxo Zeberioaren zuzendaritzapean), emakumeak erdigunean… Han goian, zeru izartsuan ametsak dituen eta dabilen herria.
Laguntzaileei eta babesleei aipamen berezia
Loraldia Festibalak erakundeen, eragileen, sortzaileen eta beste batzuen laguntza du.
Hamargarren edizioan Euskal Kultur Erakundearekin lotutako hitzarmenari esker, Iparraldeko proposamenak Bilbora ekartzeko aukera du Loraldiak. Elkar Fundazioaren laguntza izan du literatur aurkezpenak egiteko. Berria egunkariak ekintza bat babestu du. ZAWPk elkarteak La Terminal espazioa lagatu digu. Eta, urtero bezala, Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programaren babesa izan dugu. KOT markaren laguntza jaso dugu aurten.
Eta euskal hedabide ugarik bat egiten dute Loraldiarekin, ekintzak eta sortzaileen lanak hedatzeko: Berria, Gara/Naiz, Deia, Kmon, Bilboko Uriola, Hiruka, Anboto, Aikor, Aiaraldea, Begitu, Argia, Radio Euskadi, Euskadi irratia, Euskadi Gaztea, Naiz irratia, Bilbo Hiria irratia eta Bizkaia irratia.
Azkenik, Loraldiak bereziki eskertu nahi die Loraldia Festibalaren lau babesle nagusiei emandako laguntza. Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxa Loraldiarekin izan dira aste hauetan. Zuen laguntza, laguntza eta adorea izan dugu.