Loraldiak Sormen astea kultur ekintzen agenda antolatu du bigarren urtez Lekeition, Udako Olarekin bat eginez
- Loraldiak Udako Ola sormen-egonaldia burutuko du Lekeition bigarren urtez, uztailaren 10-15 artean. Eta honekin lotutako kultur agenda antolatu du, Sormen astea.
- Udako Ola 18 eta 29 urte bitarteko 15 gazteei eskaini zaien sormen egonaldia da, diziplina anitzetan esperimentatzeko aukera, alorreko profesionalen eskutik. Horrekin lotuta, zenbait kultur ekintza antolatu ditu Lekeitioko herri osoari zabalduko zaizkionak, Sormen astea.
- Sormen Astean euskal kulturaren zenbait erreferentek parte hartuko dute, Kukai edota Ruper Ordorika, besteak beste.
Loraldiak Gaztea ekimenaren baitan Udako Olaren bigarrez edizioa burutuko du uztailaren 10a eta 15a bitartean Lekeition. Udako Ola gazte-sormena bizteko egonaldia da.
Sormen egonaldi honetan parte hartuko duten gazteek erreferente diren sortzaileak ezagutu eta edateko aukera izango dute.
Honekin batera, Uztailaren 10a eta 15a bitartean, iluntzetan, Loraldiak publiko orokorrari zabalduko zaion kultur ekintzen programazioa osatu du, Sormen astea. Programazio honen baitan sei ekintza ezberdin burutuko dira, diziplina anitzekoak.
Loraldia Udako Ola, gazte-sormena sustatzeko egonaldia
Udako Ola sei eguneko sormen egonaldia da 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago . Sortzaile profesionalen eskutik ikastaro trinkoak jasotzeko aukera eskainiko zaizkie gazteei.
Bigarrenez burutuko da aurten eta Lekeition egingo da berriro ere, uztailaren 10etik 15era.
Profesionalek eskainiko dituzten saio hauetan gazteek aukera izango dute kultur-erreferenteak zuzenean ezagutzeko, transmisioa lantzeko eta bakoitzaren alor zehatzaren inguruko edukiak jasotzeko.
Aurten hauek izango dira sortzaileak: Jon Maya (Kukai), JMartina, Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburu, Oskar Alegria eta Uxue Alberdi.
Eta azken egunean gazteak izango dira sormen bat eskainiko diotenak Lekeitioko herriari. Lan honetan Olatz Gorrotxategi izango dute zuzendari eta gidari.
Udako Olaren helburuak transmisioa lantzea, sormena sustatzea eta bide propioa egiteko sormen gune berri baten proposamena dira.
Sei egun hauetan gazteek Lekeitioko Trinkete Etxea Ostatuan izango dute aterpe eta formakuntza tailerrak eskainiko zaizkie egunero, arlo ezberdinak jorratuz.
Lekeitioko Sormen Astea
Honez gain, Loraldiak beste ekimen bat antolatu du aste honetan Lekeition, Sormen astea.
Uztailaren 10a eta 15a bitartean kultur programazio oparoa ondu da, publiko orokorrari zabalduko zaiona. Egunero-egunero kultur ekintza ezberdinak izango dira Lekeition: musika, dantza eta zinema proposamen ezberdinak. Lehen mailako sortzaileek euren proposamenak eskainiko dituzte, Kukai, Ruper Ordorika edota Oskar Alegria, besteak beste.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lekeitioko Udalaren babesari esker gauzatu ahal izango dira eta Lekeitioko Zinemazaleak elkarteak eta Atabaka elkarteak lagundu dute.
Sarrerak dagoeneko salmentan daude. Hiru ekintza doakoak izango dira eta beste hiruretan sarreren salmenta Lekeitioko Zinemazaleen elkartearen webgunean bideratuko da eta Loraldiaren webgunean, Lorazain diren lagunentzat.
Kultur ekintzen programazioa
Uztailaren 10ean, astelehenarekin | |
GELAJAUZIAKKukai |
|
NON | San Juan Talakon (euria egingo balu, Kontzeiopen) |
ORDUA | 19:30 |
ZER / IRAUPENA | dantza / 35 minutu |
SARRERA | doan |
Jon Maya eta Cesc Gelabert kantalandarra koreografia hau sortzeko elkartu ziren, eta elkarrekin dantza tradizionaletan ohikoak diren hainbat kontzeptu berraztertu zituzten, begirada personal berri bat emanez. Orain dela zortzi urte dantza koreografia garaikide honek bi Max sari eskuratu zituen: dantza talde onena eta musika sorkuntza onena.
Uztailaren 11n, asteartearekin | |
RUPER ORDORIKA“Bakarka” |
|
NON | Ikusgarri Zineman |
ORDUA | 20:00 |
ZER / IRAUPENA | kantaldia / 70 minutu |
SARRERA | 8 € (5 € Lorazainentzat) |
2018an Ruper Ordokirak lehen “Bakarka” diskoa plazaratu zuen. Bost urteren buruan “Bakarkaren” bigarren lana ari da ontzen. Ahots eta gitarra baino ez. Kantuaren jario naturalaz gozatzeko proposamen artistikoa. Kantuek bailaratik behera bere bidea irekitzen doazen errekastoak balira bezala, euren oihartzunarekin gure mundu txikia biltzen dute.
Uztailaren 12an, asteazkenarekin | |
MIXEL ETXEKOPAR eta JEAN KRISTIAN GALTZETABURU“Etxetaburu” (Zuberoa eta Nafarroa Beherea) |
|
NON | Ikusgarri Zineman |
ORDUA | 20:00 |
ZER / IRAUPENA | kantaldia / 90 minutu |
SARRERA | 5 € (3 € Lorazainentzat) |
“Etxetaburu” Zuberoa eta Nafarroa Beheraren bidegurutzean kokatzen den ikuskizuna. Irria eta ziria. Kantua, xirula, flautak, esku-soinua eta perkusioa osagaiak dituen sentikaria. XVIII. mendetik XXI.era bidaiatzen duen bikote lana: Etxekopar eta Galtzetaburu. Bi sortzaile aseezina.
Uztailaren 13an, ostegunarekin | |
EMAK BAKIA!Oskar Alegria |
|
NON | Ikusgarri Zineman |
ORDUA | 20:00 |
ZER / IRAUPENA | zinema / 82 minutu |
SARRERA | 5 € (3 € Lorazainentzat) |
Man Ray artista surrealistaren Emak Bakia film laburra du abiapuntua film honek. Bila dabilen istorio bat, alegia. Aipatu film abangoardistan agertzen den etxearen bila abiatzen gara. Biarritz ondoan dagoen etxea aurkitzea ez da erraza izango. Zoria eta haizea izango dugu lagun. Ez fikzioa arloan kokatzen den zinema lan miresgarria.
Uztailaren 14an, ostiralarekin | |
GAZTEAK, EUSKARA ETA BESTE PIZTIA MITOLOGIKO BATZUKIholdi eta Ibabe Beristain |
|
NON | San Juan Talakon (euria egingo balu, Ikusgarri zineman) |
ORDUA | 19:30 |
ZER / IRAUPENA | bakarrizketa musikatua / 60 minutu |
SARRERA | doan |
Euskara eta gazteak, gazteak eta euskara. Gazteek ez dute… Gazteak ez dira… Gaur egungo gazteak… Zenbat aldiz entzun ote ditugu horrelakoak gazteak ez direnen ahotik? Ikuskizun honetan Iholdi eta Ibabe Beristain ahizpa gazteen ahotsa izango da nagusi, eta egungo gazte euskaldunen larruan jartzen lagunduko digute hitzen eta musikaren bidez.
Uztailaren 15ean, ostiralarekin | |
PERFORMANCEUdako Olako gazteak Olatz Gorrotxategiren zuzendaritzapean |
|
NON | Plazan hasiko da |
ORDUA | 18:30 |
ZER / IRAUPENA | performance / 30 min |
SARRERA | doan |
Astean zehar gazte talde bat ibili da Lekeitioko sormen egonaldietan. Hitza, gorputza, soinua eta irudia landu ondoren, arte eszenikoen txanda da. Olatz Gorrotxategi eskarmentu handiko sortzailea da eta egonaldiaren azken egun honetan performance bat ehunduko du gazteen etorriarekin. Tailer honen emaitza izango da, azken ariketa praktikoa.