Loraldia Festibalak ikuspegi soziala duen Larart egitasmoari eskainiko dio programazioa apirilaren 6an

Festibalaren azken asteburuan ikuspegi soziala inoiz baino gehiago nabarmenduko dugu, apirilaren 6an burutuko diren Larart proiektuko bi ekintzekin: Basotik itsasora dokumentalaren emankizuna, goizez; eta Basoa koreografiaren aurkezpena, arratsaldez.
Dantzaz izan da proiektu osoaren sortzailea. Basotik itsasora dokumentalean Txikota komunikazioak eta Hotz Zarautzek parte hartzen dute produkzioan.
Loraldia Kultur Elkarteak larunbateko dantza emankizunaren produkzioaz arduratuko da. ALBOAN GKEren kolaborazioa izango dugu eta elkartasun sarrerarekin lortuko den salmentaren dirua honi eskainiko zaio osotasunean.

  • Festibalaren azken asteburuan ikuspegi soziala inoiz baino gehiago nabarmenduko dugu, apirilaren 6an burutuko diren Larart proiektuko bi ekintzekin: Basotik itsasora dokumentalaren emankizuna, goizez; eta Basoa koreografiaren aurkezpena, arratsaldez.
  • Dantzaz izan da proiektu osoaren sortzailea. Basotik itsasora dokumentalean Txikota komunikazioak eta Hotz Zarautzek parte hartzen dute produkzioan.
  • Loraldia Kultur Elkarteak larunbateko dantza emankizunaren produkzioaz arduratuko da. ALBOAN GKEren kolaborazioa izango dugu eta elkartasun sarrerarekin lortuko den salmentaren dirua honi eskainiko zaio osotasunean.

 

Loraldia Festibalaren 5. edizioaren azken asteburuak kutsu soziala izango du. Anitzak dira Loraldia Kultur Elkarteak bideratzen dituen ikuspegi sozialeko proiektuak, hezkuntza arlora zuzendutakoak batez ere, baina oraingoan migranteen egoerari eusten dio eta elkartasunezko ekintza prestatu du apirilaren 6rako.

Gaur aurkeztu da egun honetako egitaraua La Casilla pabilioian burutu den prentsaurrekoan. Aurkezpen honetan parte hartu dute: Amaia Ocerin, Loraldia Festibaleko komunikazio arduraduna; Fernando Sáenz de Ugarte, Dantzaz Konpainiako Zuzendari Nagusia; eta Leire Morquecho, ALBOANeko Nazioarteko Lankidetzaren arduraduna.

 

Larart proiektuaren ardatzak

Dantzaz izan da Larart egitasmoaren bultzatzailea eta sortzailea, Hotz Zarautz eta Txikota Komunikazioaren laguntzarekin. Ikuspegi eta helburu soziala du eta kultura eta sorkuntzaren bidez errefuxiatuei lekua ematea eta haien egoera latza arintzen laguntzea du xede.

Lehen urte honetan, 2019an, Hotz Zarautz, Dantzaz eta Txikota Komunikazioaren elkarlanaren ondorioak ikusiko ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Getariako Udalaren eta Zarauzko Udalaren babesa izan dute lehen urte honetarako.

Artea, sormena eta kultura bultzatzen ditu, beraz, migranteek egun bizi duten egoera latzari aurre egiteko irtenbide eta arnasgune gisa. Kulturak egoera salatu, ezagutzera eman eta biztanleriaren ikuspegi kritiko eta hausnarketa pizteko balio duela azpimarratzen du.

Larart egitasmoak osagai ezberdinak ditu, ikus-entzunezkoak, dantza eta ekintza pedagokikoak biltzen ditu. Batetik, Basotik itsasora izeneko ikus-entzunezko ekoizpena; bigarren, gigantografien erakusketa; Basoa, koreografia lana; eta, azkenik,  mediazio prozesuak.

Proiektu honek bi erreferentzia historiko eta geografiko nagusi ditu: Gurseko kontzentrazio-eremua eta Mediterraneoa.

La Retirada izena zuen Gurseko kanpalekuak, orain 80 urte antolatu zena. Gurs, beste zenbait eremu bezaka, Frantziako agintariek eraiki zuten Bigarren Errepublikaren erorketaren ostean muga zeharkatu zuten milaka errepublikarrak eta nazioarteko brigadistak hartzeko. Kanpalekua kultur gune handia bilakatu zen; artea eta kultura babesleku izan ziren egoera latzei aurre egiteko. Bertan, konferentziak, errezitaldiak, obra klasikoak eta kabaretak antolatzen ziren.

Gurs Akitanian zegoen kokatuta, Euskal Herritik nahiko gertu.

Garaiko egoera ezagututa gaur egunekoarekin parekotasunak aurkitzea ez da zaila.

Hurrengo urteetarako, Larart egitasmoaren xedea erresidentzia artistikoak bultzatzea izango da, eta diru poltsak eta beste sorkuntza zentroekin lan hitzarmenak ari dira uztartzen momentu honetan, errefuxiatuak, desplazatuak… azken finean munduan leku baten bila dabiltzan pertsonen egoera oinarria eta inspirazioa izatea artelan berriak sortzeko, eta mediazio lanak horrekin egiteko.

Horretarako “by LARART” marka sortu da, aurtengo piezak eta etorkizunean etorriko direnak bilduko dituen marka.

 

Bi ekintza artistiko Loraldia Festibalean

Loraldia Festibalean Larart proiektuko bi ekintzen estreinaldia izango ditugu apirilaren 6an. Goizez, Basotik itsasora dokumentalaren emanaldia izango dugu Golem zinemetan. Iluntzean, Basoa koreografiaren estreinaldia La Casillako pabilioian, bi saiotan.
Ekintza biak doakoak izango badira ere, Loraldia Kultur Elkarteak elkartasuneko sarrera bat ezarri du. Sarreren salmentarekin lortuko den dirua ALBOAN GKEri emango zaio, ekimen sozial batean inbertitu dezan.

Larunbat arratseko dantza ikuskizuna baino lehen La Casillako pabilioiaren harreran errefuxiatuen egoera erakusten duen erakusketa bat izango dugu ikusgai. Eta emankizunera sartu aurretik, migrante gazte batek esperientziaren inguruko kontakizuna eskainiko digu.

 

Basotik itsasora dokumentala

Esan bezala, apirilaren 6ko goizean Basotik itsasora dokumentala estreinatuko da Golem zinematan.

Basotik itsasora Beñat Gerekak zuzendutako dokumentala da eta errefuxiatuen errealitatea gizarteratzea du helburu. Horretarako, basotik itsasora darama ikuslea, Gursetik Mediterraneora, errefuxiatuek bizi izan zuten eta egun bizi duten egoera ezagutzera. Ikus-entzunezko bat izateaz haratago, bide bat da memoria eta errealitateak bat egiten dutena. Elkartasuna eta sorkuntza artistikoa. Metafora eta hausnarketa. Begirada bat da, argigarria, poetikoa eta beharrezkoa.

Ikus-entzunezko honen produkzioaren zati bat crowdfunding-ari esker finantzatu da. Izan ere, Verkami plataforman aurkeztu zen eta 90 lagunen ekarpen ekonomikoei esker eskatzen ziren 5000€ko mugarria lortu zuen.

 

Basoa koreografia

Basoa ekoizpen koreografikoa Josu Mujikaren koreografia eta Iñaki Salvador izan da musikaren sortzailea. Dantzaz konpainiako dantzariek interpretatuko dute.

Apirilaren 6ko iluntzean La Casilla pabilioian estreinatuko da eta Loraldia Kultur Elkartearen ardura izango da ikuskizunaren produkzioa.

La Casillako pabilioia aukeratzea ekintza hau burutzeko ez da izan nolanahiko arrazoia. Izan ere, egun Mediterraneotik gurera datozen errefuxiatu eta migranteek sarritan herrialde hartzailean ezagutzen duten lehen lekua polikiroldegia edo kirol pabilioia izaten da. Horregatik, guk hori erakutsi nahi izan dugu baita ere eta ikusleak migranteek bizi duten esperientzia ezagutu, eta maila batean barneratzea, da gure helburua. Emankizunaren produkzio eta girotzeak esperientzia horretan murgiltzeko osagaiak izango ditu.

 

Dantzaz konpainia

2002an sortu zen Donostian Dantzaz. Bere hasieratik lau lan arlo jorratzen ditu: alde batetik, dantzari gazteei nazioarte mailan lehen esperientzia profesionalak burutzeko aukera eskaintzea; bigarren, Dantzaz Konpainia, ikuskizunak sortu eta eskaintzen dituena; hirugarren, berrikuntzarako laborategia, dantza eta beste arlo eta sektoreen arteko kolaborazioa eta sinergiak bilatu eta sustatzen dituena; eta, azkenik, Soka, helburu soziala duen proiektua, hezkuntza eta gizartean isla duena eta dantza edonora eta edonorentzat eskaintzea xede duena.

 

ALBOAN GKEren kolaborazioa

Apirilaren 6ko arratsaldeko ekintzaren antolaketan Loraldia Kultur Elkarteak ALBOAN GKEren laguntza jaso du.

ALBOANek dantza emankizuna baino lehen eskainiko den erakusketaren arduraduna eta antolatzailea da; eta erakunde honetako kideak izango dira baita ere migranteen egoerari buruzko testigantza eskainiko digutenak.

Bestalde, Loraldia Kultur Elkarteak ekintza hauetan jasoko den elkartasun sarrerako diru ekarpena ALBOANi eskainiko dio osotasunean. ALBOANek Erdialdeko Amerikako migratzaileak babestera zuzendua dagoen Giza Laguntzaren egitasmora bideratuko du:  “Tejiendo caminos seguros, atención integral al desplazamiento forzado en el triángulo norte de Centroamérica” izena duen ekimena, hain zuzen ere.

 

Estekak eta informazio osagarria

Hotz Zarautz

Txikota Komunikazioa

Dantzaz Konpainia

Alboan

 

Larart Loraldian