Manipulazio estrategiak: pentsamendua, poesia eta doinua uztartuko dituzte Loraldia Festibalean

 

  • Martxoaren 15ean egingo dute Noam Chomskyren hausnarketetan oinarritzen den ikuskizuna. 
  • Harkaitz Cano idazleak jarri ditu hitzak, eta Pettik, aldiz, musika.
  • Martxoan kaleratuko duen diskoa aurkeztuko du Pettik emanaldian.

 

Pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Pettik Loraldia Festibalean, martxoaren 15ean  Bilboko Guggenheim Museoan, goi-mailako musikariz inguratuta. Manipulazio estrategiak du izena egitasmoak eta Noam Chomsky pentsalariaren hausnarketetan oinarritzen da. 

Loraldia Festibalean izango da egitasmo honen estreinaldia.

Aurkezpen honetan parte hartu dute: Amaia Ocerin, Loraldia Festibalaren komunikazio arduraduna; Petti, musikaria; eta Ana Galarraga, proiektu honetan parte hartzailea.

 

Manipulazio estrategiak egitasmoa

Sylvain Timsitek, Noam Choskyren pentsamenduan oinarrituta, interneten asko hedatu den zerrenda osatu zuen 2002an: “Manipulazio medikatikoaren 10 estrategiak”. Iritzi publikoa eta gizartea bera masiboki manipulatzeko estrategiak hamar puntutan laburbiltzen ditu testuak. Pettiri zerrenda horretan inspiratuta disko kontzeptual bat egin zitekeela bururatu zitzaion. Erronka bota zion Harkaitz Canori, eta Canok onartu. 

Horrela jaio zen Manipulazio estrategiak sortzeko asmoa, bi urtez baino gehiagoz landu dutena, mimo, jakituria eta sen mugagabeekin. Estrategia bakoitza poema bat izango da, eta dagokion musika estiloa izango du: bossa nova, bluesa, folka, rock and rolla…
“Hala, emaitzak gaurkotasun beteko auzi baten ituan jotzen du, mezu zorrotz eta argigarriz. Manipulazioari aurre egiteko kultura-artefaktua”.

Loraldia Festibalean eskainiko duen kontzertuari dagokionez, Etxeko Uzta, Juantxo Zeberio, Angel Unzu eta Et incarnatus orkestraren hari-laukotea izango dira eszenatokian, eta sarreran Harkaitz Canork prestatutako testu bat errezitatuko du Ana Galarraga proiektuko kolaboratzaileak. 

Diskoa

Loraldia Festibalean egingo duten kontzertuaren bidez, gainera, diskoa aurkeztuko du Pettik. ZART kolektiboarekin kaleratuko du, eta hamar abesti bilduko ditu, estrategia bakoitzerako bana. Harkaitz Canok ipini dizkie abestiei letra, eta Pettik doinua. 

Doinu horien moldaketak, aldiz, Angel Unzuk eta Juantxo Zeberiok egin dituzte, eta beste hainbat musikariren laguntza ere izan du. Loraldia Festibaleko emanaldian oholtzan arituko direnez gain: Etxeko Uzta (Irazoki eta Telletxeatarrak),  Et Incarnatus orkestrako hari-laukotea, Toño Muro (Balerdi Balerdi), Gorka Benitez (saxoa) eta Raul Gartzia (zerra musikala). Horrez gain, Maite Larburuk koroak egin ditu abesti batzuetan, eta haren ekarpena nabarmena da, bere nortasunarekin, ahotsarekin eta kantatzeko erarekin igurtzi berezia eman baitie kantuei.

Grabaketak Atala estudioan eta Bonberenean egin dituzte, Iñigo Irazoki eta Karlos Osinaga teknikariekin. Diskoaren diseinuaz, berriz, Alain Urrutia ZART-eko kidea arduratu da. 

Helduentzako seaska kantua I entzun

Manipulazio estrategiak